2020(e)ko abuztuaren 04(a) 10:00

Gaztelugatxek 21.528 bisitari izan ditu aurtengo uztailaren 1etik 31ra bitartean

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Aurreko urteekin alderatuta jende-kopurua nabarmen murriztu da, batez ere COVID-19aren hedapena geldiarazteko helburuarekin Bizkaiko Foru Aldundiak osasun-agintariek ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko ezarritako sarbide-murrizketen ondorioz. Uztailaren 24an eta 17an izan da jende gehien, eta 31n eta 30ean gutxien. Nabarmen egin du gora Estatutik datozen turisten kopuruak; izan ere, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean biotopo babestu hori bisitatzeko egindako erreserben %90,4 dira, iaz ehuneko hori %70 baino apur bat altuagoa izan zenean.

Gaztelugatxera etorritako bisitarien kopurua nabarmen murriztu da konfinamenduaren osteko edukiera-kontrolaren lehen hilabete honetan. Murrizketa Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako sarbide-murrizketen ondorioz gertatu da nagusiki, osasun-agintariek ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko, COVID-19aren hedapena geldiarazteko helburuarekin. Hala, uztailaren 1etik, sarbideak kontrolatzen hasi zirenetik, uztailaren 31era arte 21.538 pertsonak bisitatu zuten Biotopo Babestu hori.

Udako lehen hilabete honetan jende gehien bildu diren egunak hauek izan dira: ostiralean, hilak 24, 845 bisita; uztailaren 17an, ostirala, 842; eta ostegunean, hilak 9, 839. Eta jende gutxien uztailaren 31n (521 pertsona), 30ean (664 pertsona) eta 6an (701 pertsona) izan da.

Aurtengo uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean babestutako gune hori bisitatzeko egindako erreserbei dagokienez, azpimarratzekoa da Estatutik etorritako turisten kopurua nabarmen hazi dela, Gaztelugatxera egindako bisiten %70,4 izatetik %90,4 izatera igaro baitira. Era berean, atzera egin du atzerriko bisitarien kopuruak: iaz bisiten %29,31 izan ziren, eta aurten, berriz, %9 baino zertxobait gehiago. Datu horrek ezin hobeto frogatzen du Gaztelugatxek ere igarri dituela COVID-19ak sortutako krisiaren ondorioz turismo-fluxuetan gertatzen ari diren aldaketak.

Estatutik etorritako bisitarien artean Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetatik etorritakoak nabarmentzen dira, egindako erreserben %20,65. Atzetik daude Madrildik (%19,78) eta Kataluniatik ( %14,26) iristen direnak. Atzerritarren artean gehienak Frantziatik (% 41,33), Belgikatik (%6,37) eta Alemaniatik (%5,48) etorritakoak dira.


Bideoak


Audioak