2020(e)ko abuztuaren 03(a) 10:00

Aldundiak ehizaren hondakinak biltzeko 12 edukiontzi jarriko ditu lurraldeko beste hainbat tokitan

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Ekimen honen helburua ehiztariek hondakin horiek kudeatzearen ondorioz basa-animalientzako zein abereentzako osasun publikoko eta animalien osasunaren arloko arazoak saihestea da. Abeltzaintzako ustiategietan animalien gorpuak biltzeaz arduratzen den zerbitzu berak bilduko ditu edukiontziak. Ehiztariek gordailu horietako bat erabiltzen dutenean abisatu egin beharko dute, bilketa-zerbitzua egun berean edo hurrengo egun baliodunean hondakinak kentzera pasa dadin.

Bizkaiko Foru Aldundiak dozena bat edukiontzi jarriko ditu abuztutik aurrera ehizatik datozen hondakinak biltzeko. Bilketa horren azken helburua ehizan jarduten duten pertsonek horrelako hondakinak kudeatzearen ondorioz hala animalientzat nola abereentzat osasun publikoko eta animalien osasuneko arazoak saihestea da.

Nahiz eta mota honetako hondakinei buruzko Estatuko legediak ez digun eragiten eguneko harrapaketa kopuru txikiagatik, argi daukagu behar bezala kudeatzea oso interesgarria dela. Izan ere, eraitsitako animalien erraiak eta hondakinak bertan behera uzteak osasun publikoko eta animalien osasuneko arazoak eragin ditzake. Eta animalien hondar horiek botatzeak, hau da, kalera heldu eta gainerako frakzioen edukiontzira oker botatzeak, arazo larriak sor ditzakeelako, adibidez Tratamendu Mekaniko Biologikorako instalazioan (TMB) Q sukarraren agerraldiak sortutakoak bezalakoak. Horregatik hondakin horiek gaika biltzeko erabakia hartu dugu, horretarako gure lurralde osoan banatuta egongo diren 12 edukiontzi espezifiko erabiliz, adierazi du Elena Unzuetak, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak.

Edukiontzien kudeaketa, etorkizunean kopuruari dagokionez handitu daitekeena, abeltzaintzako ustiategietan animalien gorpuak biltzearekin batera egingo da; horrela, ehiza-hondakinak azken zerbitzu horretaz arduratzen den kamioiarekin bilduko dira. Ehiztariak Aldundiaren harremanetarako telefono baten bidez jakinarazi beharko du animalia-hondakinak utzi dituela edukiontzietako batean, non dauden zehaztuta, eta bilketa egiten duen kamioia egun berean igaroko da edo, beranduenez, hurrengo egun baliodunean, hondakin horiek kentzeko.

Edukiontzien kokapena aukeratzeko orduan hainbat alderdi hartu dira kontuan, besteak beste Ehiza eta Arrantza Zerbitzuak gure lurraldeko ehiza-jarduerari eta ehiza-eremuei buruz emandako datuak eta Garbiker erakundearengandik (hiri-hondakin solidoak kudeatzeaz arduratzen den foru sozietate publikoa) balizko kokapenei buruz jasotako proposamenak. Era berean, Nekazaritzako Zuzendaritza harremanetan jarri da alkate guztiekin, zerbitzua zertan datzan azaltzeko eta proposatutako kokapenei buruzko iritzia eskatzeko, horrela eremu egokiena aukeratu ahal izateko.

Zehatzago esanda, gordailu berri horiek, polietilenoz eginak, estankoak direnak eta txartel magnetiko bidezko irekiera-sistema dutenak, Orozko, Gizaburuaga, Sopuerta, Igorre, Markina, Bermeo, Alonsotegi, Karrantza, Zalla, Muxika, Mungia eta Iurreta udalerrietan jarriko dira.

Etorkizunean, ehiza-hondakinetarako edukiontziek abeltzaintzako ustiategietan autokontsumorako arkumeak hiltzean sortutako animalia-hondakinak kudeatzeko ere balio lezakete, gai hori erregulatzen bada.

Gainera, ehiza-hondakinen bilketa basafaunaren osasuna zaintzeko planerako ere erabiliko da, eta animalien osasunerako eta osasun publikorako interesgarriak diren gaixotasunen jarraipena egiteko ere bai, ehiza-fauna halako gaixotasunen erreserborioa baita.


Bideoak


Audioak