2020(e)ko uztailaren 24(a) 12:30

Aldundiak Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapa osatuko du desgaitasuna duten pertsonentzako ehun egoitza-plazarekin

Gizarte Ekintzako Saila

Neurri txikiko zentroetan banatuta egongo dira, desgaitasunaren arloan Bizkaian ohi den bezala, eta horietan atsedenerako berariazko plazak sartuko dira. Sergio Murillo, Gizarte Ekintzako diputatua: "Aurrera egin dugu zerbitzu guztietan. Eta ikaragarri egin dugu aurrera testuinguru soziodemografikoagatik gure lurraldeari sortu zaizkion behar berrien zerbitzuetan".

Bizkaiko Foru Aldundiak ehun bat egoitza-plaza sortuko ditu desgaitasuna duten pertsonentzat, neurri txikiko zentroetan banatuta, eta horiekin Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapa osatuko du. Baliabide horiek bat egingo dute Etxaniz zentroko (Bilbo) EtxeTIC proiektuarekin eta belaunaldi arteko zentroarekin (Getxo). Zerbitzu berritzaile horiei esker mendetasun-egoeran dauden adinekoen beharretara hobeto egokitu ahal izango dira.

Sergio Murillok, Gizarte Ekintzako foru diputatuak, berak eskatuta agerraldia egin du ostegun honetan Batzar Nagusietan, Bizkaiko zerbitzuen eta prestazioen hedapenaren balantzea egiteko, EUDELEKIN 2016an partekatutako prozesuan tokiko erakundeekin adostutako zonifikazioan oinarrituta eta EAEko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan eta Mapan ezarritako irizpide orokorrak kontuan hartuta.

2019ko itxierako datuak aztertuta Bizkaian zerbitzu eta prestazioen hedapenean aurrerapausoak eman direla ondorioztatzen da: Aurrera egin dugu zerbitzu guztietan. Eta ikaragarri egin dugu aurrera testuinguru soziodemografikoagatik gure lurraldeari sortu zaizkion behar berrien zerbitzuetan, adierazi du Sergio Murillok. Horregatik, Mapak Bizkairako egiten dituen aurreikuspenen arabera, zerbitzu eta prestazio askotan, sarea eta erabiltzaileen bolumena hasieran proiektatutakoa baino askoz handiagoa da.

Gizarte Ekintzako foru diputatuak gogorarazi duenez, gizarte zerbitzuen mapa bat "planifikazio tresna" bat da, eta proiekzio teorikoak islatzen ditu, gizarte baliabideen hedapena gidatu eta bideratzeko aukera ematen dutenak epe jakin baterako aurreikusitako eskariari erantzuteko; halaber, Mapa batek bidea ematen du Lurraldeari dagokionez modu orekatuan jarduteko baliabideetarako sarbidea errazteko.

Desgaitasunaren esparruan Foru Aldundiak premia berriak antzeman ditu, egoitza-baliabideen eskatzailearen profilean aldaketa esanguratsua gertatu delako. Gaur egun lurraldeak 1.314 plaza ditu okupazio-zentroetan, 1.117 plaza eguneko arretan eta 1.196 egoitza-plaza desgaitasuna duten pertsonentzat; horiei beste 255 egoitza-plaza gehitu behar zaizkie, gaixotasun mentala duten pertsonentzat direnak. Ildo horretatik, foru erakundeak proiektatu dituen ehun egoitza-plaza berri horien zuzkidura bat dator desgaitasuna duten pertsonen zahartzearekin baina, batez ere, pertsona horien gurasoen adinak aurrera egitearekin, aldi baterako atsedena behar baitute eta, batzuetan, 24 orduko laguntza behar dutelako. Era berean, Aldundiak aurrera egiten jarraituko du desgaitasuna duten pertsonentzako zerbitzuen hedapenean, Bizkaiko baliabideen lurralde-oreka lortze aldera.

Mendetasun-egoeran dauden adinekoen eremuari dagokionez, 1.900 pertsona baino gehiago dira eguneko arretaren onuradunak 50 eguneko zentroren eta autonomia pertsonala sustatzeko 3 zentroren sarean eta, aldi berean, euren etxeetan ere zainduz. Teknologia txertatuz ildo horretan sakontzeko, Aldundiak EtxeTIC eredua proiektatu du Etxaniz zentroan (Bilbo). Eredu horrek mendetasun-egoeran dauden pertsonei eguneko zentro batean ematen zaien arreta (25 plaza) eta etxean zaintzak jasotzen dituzten eta zentroaren inguruan bizi diren pertsonen bolumen handiari ematen zaion arreta konbinatuko ditu eta bertatik, urrutitik eta aurrez aurre, eskainiko zaie arreta pertsona horien ongizatea hobetzeko.

Egoitza-zentroei dagokienez, Bizkaian 10.745 plaza daude baimenduta 155 zentrok osatutako sare baten. 2019 urtearen amaieran, 7.162 pertsonak jasotzen zuten aldundiaren finantzaketa euren egoitza-plazarako. Duela bi urte baino 784 gehiago dira. %12ko igoera horrek agerian uzten du egindako ahalegina, 85 urtetik gorako biztanleriaren hazkundearen isla dena; izan ere, zaintza-beharrak bereziki hazi dira, eta proportzio berean hazi da Bizkaian. Lurralde-oreka bermatzeko Aldundiak Getxoko belaunaldien arteko zentroa proiektatu du. Zentro horrek udalerrian dagoen egoitza-plazen beharra estaliko du eta, gainera, etorkizuneko zentroaren eredua izango da, belaunaldien arteko bizikidetzatik abiatuta eta komunitateari irekita. Bizkaiak datozen urteetarako behar dituen adinekoentzako egoitza-azpiegitura sozialak ditu, esan du Sergio Murillok.