2020(e)ko uztailaren 16(a) 08:55

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Petronorrek Hidrogenoaren Euskal Huba abiaraziko dute EICn

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Petronorrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak hondakinen tratamendua bultzatuko dute, konpainiak erabiltzen dituen erregai fosilen zati bat hondakin horietatik sortutako produktuekin ordezteko

Unai Rementeria eta Emiliano López Atxurra

Bizkaia hidrogenoaren hub bihurtzen saiatuko gara, erregai berde eta jasangarri honen nazioarteko erreferente

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Petronorrek Hidrogenoaren Euskal Huba abiarazi dute. Proiektu trakziogile honek hidrogenoaren inguruko garapen industrial eta teknologikoa erraztu eta industria-prozesuen zein mugikortasunaren deskarbonizazioa ekarriko du.

Hartara, bi erakundeen arteko lankidetza publiko-pribatuak hidrogenoari buruzko unitate bat sorrera eragingo du Abantoko Teknologia Parkean kokatutako Energy Intelligence Center (EIC) delakoan. Bertan, hidrogenoak hainbat sektoreri eskaintzen dizkien aukeren erakustaldi eta garapen zentroa sortuko da. Merkantzien ibilbide luzeko garraioa, abiazioa edota merkataritza zein etxebizitza-eraikinen beharrak estaltzeko bero-sorkuntza eta kogenerazioa dira aukera horietako batzuk.

Petronorrek EICra eramango ditu bere bulego nagusiak, Hidrogenoaren Euskal Hubaren enpresa trakziogile bezala jarduteko. Guztira, 2.000 m2 inguruko azalera hartuko du EICren eraikinean, konpainiaren bulego nagusiak zein Edinor filialaren bulegoak kokatzeko.

Lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa da COVID-19aren pandemiak jardueran eragin duen jaitsiera bortitzaren ondorengo berreraikuntza ekonomikoari ekiteko, eta kasu honetan, trantsizio energetikoaren bultzada ekarriko du Bizkaian.

Lankidetza honen arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Petronorrek hidrogenoaren erabilera bultzatuko dute, mugikortasun iraunkorraren erregaia izan dadin, eta horretarako, haren bideragarritasuna ebaluatuko dute BFAko ibilgailu astunen zein autobusen flotaren zati batean.

Horrez gain, lankidetzan jardungo dute hidrogenoaren garapenaren mesedeko EICren inguruko ekosistema bat sortzen lagun dezaketen enpresak, enpresetako I+G unitateak eta teknologia-zentroak erakartzeko eta, elkarren artean, startup teknologikoak erakarri eta azeleratzeko.

Hidrogenoaren Hubaren proiektuaz gain, Petronorrek bere gain hartu du Bilboko portuaren inguruan hondakinak tratatzeko proiektu bat (CSR) bultzatzeko konpromisoa, konpainiak erabiltzen dituen erregai fosilen zati bat hondakin horietatik sortutako produktuekin ordeztuz, eta honi esker, bertako prozesua deskarbonizatuz eta findegi iraunkorrago baterantz aurrera eginez. Bestetik, Aldundiak proiektua abiarazteko behar diren hondakinak eskuragarri jartzeko konpromisoa hartu du, betiere legean ezarritako baldintzen arabera. CSReko hondakinen erabilerak horien balorizazio erabat berriztagarria ekarriko du Petronorren industria-instalazioaan.

Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Petronorrekin lortutako akordioa EICrentzat eta Bizkaiaren etorkizunarentzat ezinbesteko urrats gisa balioetsi du:Bizkaia hidrogenoaren hub bihurtzen saiatuko gara, erregai berde eta jasangarri honen nazioarteko erreferente. Planetaren zerbitzura dagoen laborategi baten. "Living lab" izateko beharrezkoak diren tamaina eta elementu guztiak ditugu.

Emiliano López Atxurra Petronorreko Presidentearen iritziz, Bizkaiko Foru Aldundiarekiko lankidetza publiko-pribatu honek Hidrogenoaren Euskal Hubaren abiada ekarri du, eta apustu sendo honek ibilbide luzeko mugikortasunaren, abiazioaren eta bestelako sektore estrategikoen deskarbonizazioa bultzatuko du. Gainera, BFArekiko akordio honi esker, deskarbonizazioa industriako ekoizpen-prozesuetara ere iritsi ahal izango da, eta horrek esan nahi du norabide onean gabiltzala ekonomia produktibo berdearen mesedeko helburuak lortzeko.

Horren harira nabarmendu behar da Petronorrek konpromiso sendoa hartu duela 2050ean zero CO2 isurpen garbi lortzeko helburuarekin, eta Repsolekin batera, 80 milioi euro inbertituko ditu Euskadin puntako bi deskarbonizazio-proiektu handi gauzatzeko. Lehenengo proiektua, 60 milioi euroko inbertsioa atxikia duena, Bilboko portuaren inguruko CO2tik eta energia berriztagarriarekin sortutako hidrogeno berdetik abiatuta zero isurpen garbiko erregaiak ekoiztuko dituen munduko instalaziorik handienetako baten eraikuntza izango da. Bigarren proiektua, 20 milioi euroko inbertsioa atxikia duena, hiri-hondakinetatik gasa sortuko duen instalazio baten eraikuntza izango da, findegiko ekoizpen-prozesuan erabiltzen diren ohiko erregaien zati bat ordezteko.

Energy Intelligence Center Euskadiko energiaren sektoreko enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko lidergoa sustatzeko zentroa da eta adimen lehiakorrean, garapen teknologikoan, ezagutzaren sorkuntzan eta merkatu aurreratuenetarako sarbidean oinarritzen da. EIC eraikina ezagutza teknologikoa eta I+G+b proiektuak garatzeko espazio malgua da. Gaur egun, EICk hasierako hiru jarduera-eremu ditu: Oil&gasa, elektrizitatearen garraioa eta banaketa eta mugikortasun jasangarria.


Argazkiak


Bideoak


Audioak