2020(e)ko uztailaren 14(a) 11:48

Bizkaiak 300 jarduera baino gehiago dituen erreserba-zentral bat abiarazi du, barne-turismoa suspertzeko

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea - Ahaldun Nagusia

Erreserbatu Bilbao Bizkaia atariak lurraldeko 120 turismo-enpresaren jarduerak biltzen ditu. www.visitbiscay.eus webgunetik eskura daiteke, eta kultura, kirol eta gastronomia arloko planak kontsultatzeko eta zuzenean erreserbatzeko aukera eskaintzen du, publiko guztientzat eta lurralde osoan.

Unai Rementeria y Ainara Basurko

Bizkaian barrena mugitzea Bizkaia mugitzea da. Bertako merkataritza eta ostalaritza aktibatzea da.

Bizkaian gozatzeko kultura-, kirol- edo gastronomia-jarduera bat aurkitzea eta gordetzea errazagoa da gaurdanik. Bizkaiko Foru Aldundiak atari berri bat jarri du abian, Erreserbatu Bilbao Bizkaia izena duena. Atari horri esker, www.visitbiscay.eus turismoaren foru webgunearen bidez, 300 jardueraz osatutako katalogo zabal batean sartzeko aukera dago; publiko guztientzat zuzenduta dago eta lurralde osoan banatutako jarduerak azaltzen dira.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Ainara Basurko Sustapen Ekonomikorako diputatuak baliabide berri hau aurkeztu dute; lurraldeko 120 enpresa turistikok parte hartzen dute bitarteko honetan, eta barne turismoa bultzatzeko diseinatu da. Irauteko asmoa duen proiektua da, eta, ahaldun nagusiak adierazi duenez, Covid-19k eragindako krisiaren aurretik diseinatu zen. Birusak egin duen gauza bakarra abiarazpena aurreratzea da. Uda hau desberdina izango da. Pertsona askok hurbilagoko oporrak nahiago izango dituzte, eta, egoera horretan, ideia ona iruditzen zitzaigun Bizkaiko eta gure inguruko pertsonei bestelako aukerak eskaintzea. Hori da proiektu honek birusarekin duen harreman bakarra. Ideia hori askoz lehenagotik zetorren, eta gure helburua da datozen urteetan proiektu iraunkorra izatea. Uda honetan aukera bat izatea, baina baita datorren udazkenean, neguan, udaberrian... ere. Oso ondo dago bidaiatzea eta beste herrialde eta kultura batzuk bisitatzea. Baina gurea berriro aurkitzea ere plan itzela da, proposatu du Unai Rementeriak.

Ondo pasatzea eta paisaiaz eta naturaz gozatzea da helburua. Baina, era berean, kontzientea ere izatea eta lurraldearen bilakaera baloratzea, gure herriek eta eskualdeek zelan eboluzionatu duten ikustea eta sentitzea, guri eskaintzeko duten guztia aztertzea. Bidean aurki dezakezun jende onaz jakitun egotea. Eta hori guztia ordubeteko bidaian. Eta bidaia horiek guztiak garraio publikoan egiteko aukera, Barik zerbitzuarekin. Bihotzari eta buruari egindako proposamena da. Bizkaian zehar mugitzea Bizkaia mugitzea da, bertako merkataritza eta ostalaritza aktibatzea da, agente turistikoei laguntzea. Bertoko ekonomia mugitzea da , azpimarratu du ahaldun nagusiak.

Ildo beretik, Sustapen Ekonomikorako diputatuak gogorarazi du barne turismoa sustatzea dela Foru Aldundiak legealdi honetarako ezarri duen lehentasunetako bat. Covid-19k aurtengo promozio planak hondatu ditu ezinbestean, egia da, baina barne turismoaren bultzada aurtengo lehentasunezko helburuen artean zegoen. Hurbileko turismoa dinamizatzeak beste helburu batzuk ditu: jasangarritasuna, fluxuen birbanaketa, garapen ekonomikoa eta enplegua, eta gako horiekin, sektorearen konplizitatearekin eta bultzadarekin eta ilusio handiarekin, gaur Erreserbatu Bilbao Bizkaia aurkeztuko dugu, azaldu du Ainara Basurkok.

Erreserbatu Bilbao Bizkaia

Hiru hizkuntzatan dago eskuragarri; Erreserbatu Bilbao Bizkaia, orotara, 300 jarduera baino gehiago eskaintzen ditu familiei, bikoteei, taldeei eta adinekoei zuzenduta. Mota guztietako jendearentzako jarduerak, Bizkaiko eremu guztietan banatuta: parke naturalak, ibilbideak eta txangoak, Bizkaiko txakolina, artisautza, museoak eta kultur ondarea, haurrentzako jarduerak…

Zentralak kultur planak, kirol jarduerak eta jarduera gastronomikoak eskaintzen ditu hirian, kostaldean eta mendian. Lurraldeko 120 turismo-enpresaren plan zehatzak dira. Horietako batzuk doakoak dira, eta beste batzuk ordaintzekoak, askotariko prezioekin: 10 euro baino gutxiagoko bisitak eta museoetarako sarrerak, 10 eta 30 euro arteko turismo aktiboko esperientziak eta jarduera esklusiboagoak.

Erreserbatu Bilbao Bizkaia aukera ematen du jarduerak interesen eta eremu geografikoaren arabera iragazteko. Nahi den jarduera aurkitzean, data eta pertsona jakin batzuen kopurua jakin dezakegu, eta erreserba amaitu. Enpresa hornitzaileak erosketa baieztatuko du eta bonu bat helaraziko du sartutako helbide elektronikora, erreserba osatzeko beharrezkoak diren datu pertsonalekin batera.


Argazkiak


Bideoak


Audioak