2020(e)ko uztailaren 07(a) 11:00

Aldundiak ireki du 2020ko Lan Eskaintza Publikoko suhiltzaile/gidari izateko 50 lanposturen hautaketa-prozesurako inskripzioa

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko Zerbitzuko suhiltzaile gidari izateko 50 lanpostu betetzeko deialdia argitaratu du asteazken honetan, uztailak 8, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Administrazio bereziko eskalan egituratzen dira, II. hizkuntza-eskakizunarekin. Plaza horien estaldurak aukera emango du larrialdietako zerbitzu erabakigarri honen plantillari egonkortasuna emateko eta indartzeko. Era berean, irekita dago industria-ingeniari teknikoaren 8 lanpostu, arkitekto teknikoaren 9 lanpostu, erizaintzako EUDren 2 lanpostu eta suteak itzaltzeko ikuskatzaileordearen 3 lanpostu betetzeko hautaketa-prozesua. Kasu honetan, izena emateko epea uztailaren 23an amaituko da. Eskabideak modu telematikoan baino ez dira aurkeztuko, www.bizkaia.eus webgunean.

Bizkaiko Foru Aldundiak Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko Zerbitzuko suhiltzaile/gidari izateko 50 lanpostu betetzeko hautaketa-prozesua hasi du. Plaza horiek foru erakundearen 2020ko Lan-Eskaintza Publikokoak dira, eta administrazio bereziko eskalan egituratuta daude.

Asteazken honetan, uztailaren 8an, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean jasotzen diren oinarri espezifikoetan argitaratzen den bezala, suhiltzaile/gidarien plazetarako II. hizkuntza-eskakizuna behar da. Xedatutakoaren arabera, hautagaiek ez dute bete beharreko lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten duen gaixotasun fisiko edo psikikorik izan behar. Era berean, eskatzen den titulazioa honako hau da: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua, Eskola-Graduatua, Lehen Mailako Lanbide-Heziketa edo baliokidea. Hautagaiek, halaber,  C+E gidabaimena izan behar dute.

Plaza horien estaldurari esker larrialdien zerbitzua indartu ahal izango da. Era berean, zerbitzuan pixkanaka gertatzen den belaunaldi-erreleboari aurre egiteko aukera emango du, arreta hobea emanez eta jarduera seguruagoak eta eraginkorragoak eginez.

Hautaketa-prozesuak lau ariketa izango ditu, nahitaezkoak eta baztertzaileak. Lehenengo biak 125 galderako eta erreserbako 10 galderako test motako azterketa izango dira, eta proba fisikoak, besteak beste, igeriketa, 3.000 metroko lasterketa, bertigo proba eta erresistentzia eta arazoak konpontzeko proba ezberdinen zirkuitua. Test motako azterketa abenduan egitea aurreikusten da, eta proba fisikoak 2021eko otsailean.

Era berean, irekita dago industria-ingeniari teknikoaren 8 plaza (1 desgaitasuna duten pertsonen txandan eta 7 txanda librean), arkitekto teknikoaren 9 plaza (1 desgaitasuna duten pertsonen txandan eta 8 txanda librean), erizaintzako EUDren 2 plaza txanda librean eta suteak itzaltzeko ikuskatzaileordearen 3 plaza (2 plaza barne-sustapeneko txandan eta 1 txanda librean) betetzeko hautaketa-prozesua. Kasu hauetan guztietan izena emateko epea uztailaren 23an amaituko da.

Deialdi horiekin guztiekin foru erakundearen helburua da Aldundiko arlo eta zerbitzuetako plantillak egonkortzea eta finkatzea, zerbitzu publikoaren kudeaketa sendotzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak segurtasun- eta osasun-berme handienekin egiten ditu deialdi guztiak. Baina, Covid-19ak eragindako osasun-krisia dela eta, berme horiek indartu egin dira eta jarduketa-protokolo espezifikoak ezarri dira, prebentzio- eta babes-neurri egoki guztiak hartzeko. Ildo horretatik, berritasun gisa, deialdiak arautzen dituzten oinarri orokorretan aurreikusi da osasun-larrialdiko egoera bat berriro gertatuz gero azterketak atzeratu ahal izango direla. Horri esker azterketen artean ezarritako epeak gainditu ahal izango lirateke, baita deituta egonda ere, parte-hartzaileen osasuna babesteko.

Deialdietan parte hartzeko eskabideak modu telematikoan baino ez dira aurkeztuko. Deialdi horiei buruzko informazio guztia eskuragarri dago Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean (www.bizkaia.eus), baita hautaketa-prozesuan izena eman ahal izateko aplikazio informatikoa ere.


Bideoak


Audioak