2020(e)ko uztailaren 06(a) 10:59

Aldundiak Zugaztietako larreak antolatzeko, bertako plana egiteko eta arazoak saihesteko egindako lan adostuaren alde egin du

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak berriz ere adierazi du orain arte modura jarraituko dela lanean, egiten ari dena Aldundiaren, Abanto-Zierbenako Udalaren, Ortuellako Udalaren eta Trapagarango Udalaren eta abeltzainen elkarteen artean bi urtean izandako elkarrizketen eta lortutako adostasunaren emaitza baita. Diputatuak gaitzetsi egin ditu Mendien Foru Arauaren eta hiru elkarteri emandako administrazio-emakidak arautzen dituzten foru aginduen kontrako jarrerak eta jokabideak, eta esan du horretan ari direnek kalte egiten dietela abereak Bizkaiko Foru Aldundiaren larreetara bazkatzera eramateko ezarritako lege-manuak betetzen dituzten pertsonei. Baimenik eduki gabe abereak elkarteei lagatako finketan sartzen dituzten pertsonek beren alde aipatzen dituzten larre-eskubideak azkenduta daude Aldundiaren lursailetan; izan ere, lursail horiek desjabetu egin ziren 1988an eta Aldundiak eskuratu zituen, eta egin zen salerosketa-eskrituran azaltzen da lursailek ez zutela inolako kargarik, Jabetzaren Erregistroko inskripzioan agertzen den bezala.

Bizkaiko Foru Aldundiak esan du ondo egin direla Zugaztietako lursail horiek antolatzeko, beren plana egiteko eta abeltzaintzak eragiten dituen gatazkak konpontzeko lanak Abanto-Zierbenako, Ortuellako eta Trapagarango udalekin eta bertako abeltzainekin koordinatuta. Adierazpenak Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatu Elena Unzueta andreak egin ditu gaur, Bizkaiko Batzar Nagusien aurreko agerraldian, alde horretan modu irregularrean bazkatzen ari diren abereak handik ateratzeko egin diren lanen berri ematean. Unzuetak esan du Aldundiak lanean jarraituko duela koordinatuta eta bateratuta orain arte modura; gainera, Mendien Foru Arauaren eta administrazio-emakiden kontrako jarrerak eta jokabideak gaitzetsi ditu, eta salatu egin ditu larreak erabiltzeko arauak betetzen ez dituzten pertsonek Aldundiaren langileei egindako irainak eta mehatxuak.

EH Bilduk eta Ahal Duguk eskatuta, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak maiatzaren 19an egin zen operazioaz hitz egin du: 10 abelgorri atera ziren La Cantera Macho-Matamoros izeneko sailetik, jabeak ez baitzeukan abereak bertan bazkatzen uzteko baimenik. Hori ez da izan kasu bakarra, eta horregatik Zugaztietako abeltzaintza-erabilera arautzeko zer egin den azaldu du zehatz-mehatz.

Hain zuzen ere, esan du azken bost urteetan Bizkaiko Foru Aldundiaren 500. zenbakiko ondare-mendiaren larre-erabilera antolatzeko lanak egin direla. Lursaila 600 hektarea ingurukoa da, eta meatzaritzako hiru enpresari erosi zien 1988an. Lan horietan eta larreen antolamenduan kontuan eduki dira alderdien iritziak; luze jardun dugu hitz egiten. Urrats handiak egin ditugu, zuen alderdiek eskatutako urratsak, gainera, behin eta berriro eskatu baitiguzue alderdiekin hitz egiteko, proposamenak aurkezteko eta zerbait egiteko gatazka konpontzeko. Horixe egin dugu, azpimarratu du Unzuetak. Ondoren esan du gatazkaren sorburua abeltzaintza-erabileren kudeaketa dela. Horrek arazoak sortu ditu hainbat arlotan. Batetik, arazoak bide-segurtasunean Gallarta eta Zugaztieta lotzen dituen errepidean: abereak errepidean eta inguruko sailetan sartzen dira eta istripuak eta kalteak sortzen dituzte. Bestetik, alde horretan nahita piztutako baso-sute asko izaten dira; suteok arriskuan ipintzen dituzte inguruko herritarrak zein su-itzaltzeko zerbitzuko langileak. Hirugarrenik, arazoak izan dira jolasguneetan: abereak sartzen dira eta ondorioz higiene-arazoak sortu dira, eta kasu batzuetan pertsona batzuek min hartu dute. Gainera, honako arazo hauek ere gertatzen dira: larratzen diren abereak kontrolik gabe ibiltzen dira (gehiegizko abere-kargak, neguko atsedenaldia bete ez...); jabari publikoko lurren okupazio irregularrak; Administrazioaren jarduketa eta inbertsio batzuek emaitza urriak izan dituzte, erabilera txarraren erruz; Aldundiaren langile batzuek indarkeria jasan dute beren lana egiten ari direla.

Arazo horiek konpondu nahian, bi urtean Aldundia lanean aritu da Abanto-Zierbena, Ortuella eta Trapagarango udalekin eta udalerri horietako abeltzain-elkarteekin eta abeltzainekin. Lan horren guztiaren ondorioz hiru foru agindu eman dira Los Cármenes, Cantera Macho-Matamoros eta Campa del Asturiano-Matamoros lursailetako 91,19 hektarea abereak larratzeko aprobetxatu ahal izateko. Aprobetxamendua hiru elkarteri eman zaie (bat udalerri bakoitzean). Udalerri bakoitzeko elkarteko kideak izan daitezke udalerrian erroldatuta egonik abereak dauzkaten pertsona guztiak; elkarteko kideek lehen aipatutako lursailetan sar ditzakete beren abereak larratzera, betebehar jakin batzuk betez gero.

Hala ere, abereak dauzkaten pertsona batzuek, elkarte horietako kide ez direnek, baimenik eduki gabe lursail horietan sartzen dituzte beren abereak, eta horrela kalte handiak egiten dizkiete elkarte adjudikaziodunei, eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailari ere bai, modu irregularrean bazkatzen diren abereak atera behar izaten ditu eta. Aldundiaren zerbitzuek baimenik gabeko abereak ateratzen dituztenean, jabeei esaten diete etor daitezela bila; bada, maiatzaren 19an arau-haustea egin zuen jabeak eta salatutako gainerako pertsona guztiek ez diete kasurik egiten eskaerei. Hau da, ez dute nahi izan etorri beren abereak jasotzera, azaldu du Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak.

Izan ere, hainbat pertsonak larreak modu irregularrean erabiltzen dituzte aspaldi, emakiden sistemarekin errespetatzen omen ez den larratzeko eskubide historiko bati helduta. Hori dela eta, Elena Unzueta diputatuak esan du behinola izan zela 500. zenbakiko mendi publikoko lursail batzuetan larratzeko eskubidea, baina ez mendi osoan. Gainera, azaldu du meatzaritza indartzeko asmoarekin jabeei lurren jabetza nahitaez kendu zitzaienean eskubide horiek deuseztatu zirela, jabeei konpentsazio ekonomikoa (balio justua) eman baitzitzaien. Halaber, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak esan du 1988an Bizkaiko Foru Aldundiak lurrak eskuratzeko egin zuen salerosketa-eskrituran adierazten dela ez dagoela lursailen gaineko kargarik, Jabetzaren Erregistroko inskripzioan agertzen den bezala. Elkarteek jaso dituzten abeltzaintzako emakiden hiru zonetan lehengo 25 erregistro-finka bereizi daude. Finken sorrera historikoaren arabera, lursail horien jabetza nahitaez kendu zitzaien jabeei XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, eta beraz, aurrean azaldu den bezala, abereak haietan larratzeko eskubide historikoa azkenduta dago, azaldu du.

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak esan du orain arteko lan-ildotik jarraituko dela eta bide beretik egingo dela aurrera. Beste alde batetik, diputatuak esan du Aldundiak gaitzetsi egin dituela Mendien Foru Arauaren eta administrazio-emakiden kontrako jarrerak eta jokabideak, pertsona batzuek beren abereak baimenik gabe sartzen baitituzte larre horietan (jokabide horiek kalte egiten diete beste pertsona batzuei eta administrazioei), eta salatu egin ditu larreak erabiltzeko arauak betetzen ez dituzten pertsonek Aldundiaren langileei egindako irainak eta mehatxuak. Hori dela eta, aintzat hartuko ditugu irain horiek guztiak esan du, eta agerraldi-eskaera aurkeztu duten Batzar Nagusietako taldeei eskatu die aztertzeko ondo eta aldatzeko modu demokratikoan ezarritako arauak hausten dituztenei ematen dizkieten babesa eta sostengua.

Azkenik, gonbidapena luzatu die abereak administrazio-emakidako lurretan larratu nahi dituzten pertsona guztiei elkarte adjudikaziodunetako kide egin daitezen. Elkarte irekiak dira; nornahi izan daiteke kidea. Elkarte horietan daudenek ezarritako larreak erabil ditzakete, baina, aldi berean, ardura eta betebehar batzuk dauzkate, eta ez da bidezkoa inor horiez baliatzea bere mesederako, esan du amaitzeko.