2020(e)ko ekainaren 30(a) 16:51

Finantza-erakundeetan errenta-aitorpenak egiteko doako zerbitzua uztailaren 1ean hasiko da

Ogasuna eta Finantzetako Saila

2019ko errenta-kanpainaren lehen bi hilabeteetan, 507.885 aitorpen aurkeztu dira, eta Ogasunak 346 milioi euro itzuli dizkie 332.864 zergadunei. PFEZen eta Ondarearen gaineko Zergaren aitorpenak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da.

Uztailaren 1etik aurrera (asteazkena), Bizkaiko zergadunek beren esku izango dute errenta-aitorpenak egiteko doako zerbitzua, banku-bulegoetan. Foru Ogasunak eta banku-erakunde kolaboratzaileek zerbitzu hori eskainiko dute hiru hilabetez, irailaren 30era arte. Zerbitzu horretara sartzeko, aurretiazko hitzordua eskatu beharko da.

Errenta-kanpaina iragan maiatzaren 2an hasi zen, eta, horretarako, Foru Ogasunak 946083000 telefono-zenbakiaren eta www.bizkaia.eus/renta webgunearen bidez eskaini zien laguntza zergadunei. Zerbitzu horiek indartu egin dira, eta, gainera, aitorpenak egiteko zerbitzu berri bat gehitu da, COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz lan-egoeran aldaketak izan dituzten pertsonei bereziki zuzenduta.

Aurrez aurreko zerbitzuetan, ekainaren 1etik Foru Ogasunaren bulegoetan eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gertu bulegoetan aurrez aurreko arreta ematen zaie interesdunei, aurretiazko hitzordua eskatuta. Bihar, aitorpenak egiteko zerbitzua hasiko da banku-erakunde kolaboratzaileetan: BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa, Sabadell eta Santander. Aurreko errenta-kanpainan, 117.259 zergadunek erabili zuten zerbitzu hori beren aitorpenak egin eta aurkezteko.

Zergadunei laguntzeko zerbitzu guztiak, aurrez aurrekoak nahiz telematikoak, aktibo egongo dira irailaren 30era arte. Orduan amaituko da, hain zuzen ere, errenta eta ondarearen kanpaina. Aipatu beharra dago, era berean, kanpaina honetan bizkortu egin direla errentaren gaineko zergaren ziozko itzulketak, zergadunen likidezia errazteko. Horrez gain, Foru Ogasunak irailaren 30era arte atzeratu du dirua ordaindu behar duten aitortzaileek kobrantza horiek egiteko duten epea. Zergadunek ordainketa geroratua hautatzen badute, % 60 irailaren 30ean kobratuko da, eta, gainerako % 40a, bestetik, azaroaren 30ean.

Kanpainako lehen bi hilabeteak igaro dira, eta, orain arte, Bizkaiko zergadunek 507.885 errenta-aitorpen aurkeztu dituzte. Horietatik 332.864 aitorpenetan, zergadunaren aldeko emaitzak irten dira, eta, beraz, Foru Ogasunak guztira 346 milioi euro itzuli ditu.

Aurkeztutako aitorpen gehienak (370.131) Errenta Etxean edo Web Errenta proposamenak dira, Foru Ogasunak egindakoak. Bestalde, beste 127.960 aitorpen zergadunek berek egin eta aurkeztu dituzte, laguntza-programa erabilita. Aitorpenak egiteko zerbitzuaren bidez egin dira 9.794 aitorpen, errentan laguntzeko telefonoaren (94 608 3000) edo web-orriaren (www.bizkaia.eus/renta) bidez.

BAK gakoa aktibatzeko zerbitzua

Aurten badago berrikuntza bat: banku-erakundeetan, aitorpenak egiteaz gain, Bak gakoa eskuratzeko laguntza emango da. NAN edo AIZ zenbakiak eta pasahitz batek osatzen dute gako hori. Bak erabiliz gero, modu seguruan identifikatu ahalko duzu zure burua Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan, eta hainbat izapide egin ahalko dituzu online; besteak beste, Foru Ogasunarekin lotutakoak.

Halaber, errentaren web-orrira sartuta ere aktibatu daiteke Bak gakoa. Horretarako, zergadun bakoitzak bere etxean jaso duen errenta-gakoa edo Errenta Etxean proposamenekin batera erantsitako aktibazio-errenta sartu beharko da. 40.000 pertsona baino gehiagok aktibatu dute dagoeneko gakoa bitarteko horren bidez.

Banku-erakundeetan aitorpenak egiteko doako zerbitzuari buruzko informazio guztia errenten webgunean kontsultatu daiteke, eta aurretiazko hitzordua honako telefono-zenbaki hauetan eskatzen da:

  • Kutxabank, www.bbk.es web-orrian edo 902.540.505 (euskara) eta 902.540.888 (gaztelania) telefono-zenbakietan
  • Laboral Kutxa, 901.101.122 telefono-zenbakian
  • BBVA, bulegoetan
  • Santander, bulegoetan
  • Caixabank, 944.012.280 telefono-zenbakian
  • Banco Sabadell, 94.401.22.79 telefono-zenbakian

Hitzordua hartutakoan, interesdunak errenta-gakoa, NAN edo AIZ, eta aitorpena egiteko beharrezko informazio eta agiri guztiak eraman behako ditu.