2020(e)ko ekainaren 30(a) 12:43

Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak online datuak trukatuko dituzte herritarrei administrazio-izapideak errazteko

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Bi administrazioetako Gobernu Kontseiluek akordio bat onetsi dute eta, horri esker, herritarrek ez dituzte aurkeztu beharko euskal administrazio publikoen esku dauden datuak eta dokumentazioa. Horrek kostuak eta espazioak aurreztea eta informazioaren eraginkortasuna eta kalitatea hobetzea eragingo du.

Bizkaiko Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du astearte honetako Gobernu Kontseiluan, administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko. Akordio horren bidez bi administrazioek konpromisoa hartzen dute elkarreragingarritasuna erraztuko duten lineako zerbitzuak emateko, hau da, informazioa, datuak eta zerbitzu elektronikoak trukatzeko. Akordio hori jauzi kualitatiboa da erakundeen arteko lankidetzan herritarren eta haien administrazio publikoen arteko harremana errazteko eta sinplifikatzeko, herritarrek administrazioen artean atzera eta aurrera ibili beharrik izan ez dezaten dagoeneko euskal administrazio publikoen esku dauden paperezko datuak eta dokumentazioa aurkeztuz.

Erabiliko den elkarreragingarritasun-sistemak aukera ematen du ziurtagiriak edo paperezko beste egiaztagiri batzuk datuen transmisio elektronikoekin ordezteko, eta trukatutako informazioaren benetakotasun-, osotasun-, konfidentzialtasun-, erabilgarritasun- eta kontserbazio-baldintzak bermatzen ditu.

Gaur onetsi den akordioaren bidez Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak oinarrizko aplikazio hauek partekatuko dituzte:

  • Euskal Sarea, euskal administrazio publikoen komunikazio-sarea.
  • IZENPE, sinadura elektroniko aurreratuko zerbitzuak, hala nola euskal agentziaren identifikaziorako, autentifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak.
  • NISAE, Euskadiko administrazioen elkarreragingarritasun eta segurtasun nodoa (NISAE).
  • Ordainketa-Pasabidea, era guztietako izapideak modu seguru eta errazean ordaintzeko aukera ematen duena.
  • Euskal administrazio publikoen Kontratazio Elektronikorako Plataforma.

Bi administrazioen arteko lankidetza-hitzarmen honek 4 urteko indarraldia du, beste lau urtez luza daiteke, eta ez dakar inolako kontraprestazio ekonomikorik bi aldeentzat.

Herritarrentzako onurak

  • Herritarrentzako zerbitzua hobetzea: Administrazioen arteko lankidetzatik eratorria.
  • Administrazioen sistemen arteko informazio-trukea. Herritarrek hainbat erakunderen artean atzera eta aurrera ibili beharrik ez izatea lortu nahi da, dela batak emandako dokumentuak beste batean aurkezteko eraman behar dituztelako, dela, besterik gabe, eskaerak eta idazkiak beste administrazio batzuetan izapidetu behar dituztelako.
  • Administrazio-izapideak eta -prozedurak sinplifikatzea. Administrazioekin izapideak egiteko edo ziurtagiriak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa murriztu egiten da.
  • Gardentasuna eta sinpletasuna: herritarrek ez dute administrazioek ematen dituzten zerbitzuen atzean dagoen barne-izapidetzea ezagutu beharrik izango, eta hori, batzuetan, beharrezkoa zen zenbait izapide egiteko.

Administrazioentzako onurak

  • Efizientzia hobetzea: administrazio-jardunaren efizientzia handitzen du, lankidetzaren eta kooperazioaren bidez.
  • Kostuak eta espazioak aurreztea: paperaren ordez dokumentu elektronikoak erabiltzeak aukera emango du paperezko dokumentuak jaulkitzeak sortutako kostuak murrizteko, bai eta horiek biltegiratzeko espazioarenak ere; gainera, ingurumena zaintzen lagunduko du.
  • Lan-karga murriztea: truke elektronikoa izanez gero, kudeaketa-sistema hartzaileetako datuen karga arintzen da.
  • Informazioaren kalitatea hobetzea: kudeaketa-sistema hartzaileetako informazio-kargan egon daitezkeen akatsak ezabatzen ditu, karga hori automatizatu egin baitaiteke.

Euskal Autonomia Erkidegoa liderra da administrazio publikoen arteko lineako informazio-trukean, lineako 11,9 milioi transmisiorekin 2019an.