2020(e)ko ekainaren 30(a) 10:54

8.155 pertsonak erreserbatu dute dagoeneko Gaztelugatxe bisitatzeko txartela, eta bihar hasiko dira bisitak

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Osasun arloko agintariek ezarri dituzten baldintzak betetze aldera, egunean gehienez 960 pertsona igo daitezke; baina, oraingoz, egun batean ere ez da helduko (abuztuaren 15era arte) eguneko gehieneko muga horretara. Orain arte, erreserba gehien dituzten egunak uztailaren 4a eta 5a dira (645 eta 467 pertsona, hurrenez hurren), eta erreserba gutxien dituztenak abuztuaren 15a eta 2a (45 eta 81 pertsona). Biotopo babestua bisitatzeko noranzko bakarra egongo da ezarrita: Urizarretatik sartuko dira denak eta Ermutik irten.

Bihar, asteazkenean, uztailaren 1ean, berriz hasiko dira Gaztelugatxeko Donienerako bisitak. Egunean 960 pertsona igo ahal izango dira gehienez eta, horretarako, ibilbide bakarra ezarri da: Urizarretatik sartu behar da eta Ermutik irten. Neurri horiei esker, osasun arloko agintariek koronabirusa ez hedatzeko ezarri dituzten baldintzak beteko dira. Bizkaiko Foru Aldundiak bisitak egiteko behar diren txartelen plataforma bat aktibatu du berriz ekainaren 20an; izan ere, bihartik abuztuaren 15era bitartean, babestuta dagoen biotopoa bisitatzeko 8.155 erreserba daude aktibatuta gaur arte.

Asteburu honetarako dago ezarrita bisita gehien: larunbaterako, hilaren 4rako, 645 pertsona daude erregistratuta, eta iganderako, hilaren 5erako, 467 pertsona. Abuztuaren 15era arteko tarte horretan, alabaina, oraindik badute lekurik gunea ikusi nahi duten pertsonek. Une honetan, bestalde, jende gutxien espero da abuztuaren 15ean (45 erreserba) eta abuztuaren 2an (81 erreserba).

Sartzeko txartelak 15 eta 40 minutuko tarteak eginez emango dira egunean zehar, 10:00etatik 18:30era bitartean, eta talde bakoitzeko gehienez 48 pertsona egongo dira, pilaketak saihesteko eta osasun-gomendioak betetzeko. Tarte horiek, gainera, ermitaren zabalgunean, uhartetxoan, onartuko den gehieneko bisitari-kopurua, 96 pertsona, uneoro betetzen dela ziurtatzeko balioko dute. Eremu horretara hurbiltzen den jende kopurua kontrolatzeko, eskaileretara sartzeko plataforman kontagailu bat jarri da, eta bertan, foru erakundeko langileek arautuko dute eskaileretatik sartzen diren bisitarien fluxua.

Osasun arloko agintariek ezarritako gomendioak uneoro betetzen direla bermatzeko, segurtasun-distantziak errespetatu beharko dira, eta, hori ezinezkoa bada, maskara erabiltzea gomendatzen da, adibidez, ermitara sartzeko eskaileren eremuan.

Sarbideak eta, beraz, Gaztelugatxera hurbiltzen den jende kopurua ere, kontrolatzeko sistema berriro martxan jartzearekin batera Bizkaiko Foru Aldundiak ekimen berri bat jarri du abian, Gaztelugatxera hurbildutako bisitaren esperientzia hobetu nahian: uztailaren 1etik aurrera, bisitariek audiogida bat erabili ahal izango dute, babestutako biotopo horri lotutako historiari, natura-ondareari eta tradizioei buruzko xehetasunak ezagutzeko aukera emango duena. Audiogida euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez eskuragarri egongo da. Audiogida horiek, bai helduentzako bertsioan, bai haurrentzako bertsioan (16 urtera arte), bi ibilbide eskaintzen dituzte, azalpen zehatzekin eta ibilbideko hamaika gunetako multimedia-edukiekin. Dena den, gaur egun, Urizarretan hasi eta Ermutik amaitzen den ibilbidea bakarrik egin ahal izango da.

Gainera, PWA (Progressive Web App) teknologiaz garatuta daude, eta horrek erraztu egiten du edukiak mantentzea eta eduki horietara edozein gailutatik sartu ahal izatea. Aplikazioa Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean egongo da eskuragarri, eta gailu mugikor batetik sartzean, gailu horretan zuzenean sartzeko ikono bat jartzeko aukera emango du, eta audiogidaren edukiak bertan biltegiratuta utziko ditu; beraz, ez da beharrezkoa izango aplikazioa erabiltzeko mugikorrerako estaldurarik izatea.