2020(e)ko ekainaren 29(a) 14:20

Bizkaiko udalerriek 18 hilabeteko epean itzuliko dute Udalkutxaren 2020ko likidazio negatiboa

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Gaur goizean Finantzen Lurralde Kontseilua bildu da eta bertan Udalkutxa 2020 Bizkaiko udalerriei aurtengo bigarren seihilekoan, hau da, 2020ko uztailetik abendura bitartean, biak barne, kontura eman beharreko zenbatekoak % 20 murrizteko udalen proposamena onartu da.

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak Udalkutxa, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren, seguruenik negatiboa izango den 2020ko likidazioa malgutzea erabaki du. 18 hilabeteko epean egingo da, aurtengo uztailetik hasita. Eudelen lurralde batzordeak ekainaren 24an onartu zuen proposamen hori, eta gaur onartu dute.

Horrela, lurraldeko udalek Udalkutxa Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren konturako ekarpenen % 20 jasotzeari utziko diote, 2020ko ekitaldiari dagokionez. Era berean, udalerriek Udalkutxa 2020ren likidaziotik eratorritako itzuli beharreko zenbatekoak, hala badagokio, lehenik eta behin, aurreko urteko likidazioaren ondoriozko eskubideen bidez konpentsatuko direla erabaki da, eta konpentsazioa egin ondoren itzuli gabeko zenbatekorik geratzen bada, zorra hilero zatituko dela 2021eko abendura arte.

Azkenik, Finantzen Lurralde Kontseiluak egokitzat jotzen diren ezohiko bilerak egitea erabaki du, datozen hilabeteetan zergen bilketa nola gauzatzen den aztertzeko eta, ondorioz, horrek Udalkutxa Funtsean izan dezakeen eragina aztertzeko. Horretan oinarrituta, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak une bakoitzean dauden egoera ekonomikoetara egokitzeko behar diren ekintzak proposatuko ditu.