2020(e)ko ekainaren 29(a) 13:18

Asteazkenean hasiko da Bizkaiko hondartzetan lagundutako bainuen zerbitzua

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Hondartza denontzat ekimenak La Arena, Ereaga, Plentzia, Laidatxu, Isuntza eta Arrigorrin emango die laguntza mendekotasuna duten pertsonei abuztuaren 31ra arte, pandemiaren prebentzio eta kontrolerako araudi orokor eta espezifikoetara egokituz. Egokitzapen horren barruan sartzen dira, besteak beste, edukiera mugatzea osasun-agintariek ezarritako segurtasun-distantzia bermatzeko, musukoa erabiltzea eta zerbitzuaren erabiltzaileak laguntza pertsonalerako baliabide propioekin joatea programaren barruan egokitutako aldagelak erabiltzeari dagokionez.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKk elkarrekin finantzatzen duten eta Bidaideak irabazi-asmorik gabeko erakundeak kudeatzen duen Hondartza denontzat izeneko lagundutako bainuen zerbitzua asteazken honetan hasiko da La Arena, Ereaga eta Plentziako hondartzetan, eta ostegunetik aurrera Laidatxu, Isuntza eta Arrigorrin. Aurten COVID-19aren prebentzio eta kontroleko araudi orokor eta espezifikoetara egokitzen den zerbitzua abuztuaren 31ra arte egongo da martxan, ohi bezala.

21 begiralek zainduko dute zerbitzua, 11:00etatik 19:00etara. Hondartza denontzat egungo egoerara egokitzearen barruan, instalazioetako edukiera murriztu egiten da osasun-agintariek ezarritako segurtasun-distantziari eusteko, eta zerbitzua gaitzen duten plataformetan dauden pertsona guztiek musukoa eraman beharko dute. Halaber, komeni da pertsona horiek beren laguntza pertsonaleko baliabideekin -formala edo informala - joatea programaren aldagelak erabili behar dituztenean.

Laguntza teknikoen mailegu-zerbitzuak indarrean jarraituko du beste urte batzuetan bezala eta programako profesionalek egingo duten bainu lagunduarena ere indarrean egongo da. Laguntza tekniko horiek eta instalazioak etengabe higienizatuko dituzte zerbitzua ematen duten begiraleek.

Instalazioetan egoteko denbora-muga osasun-agintariek herritar guztientzat hartzen duten berbera izango da, eta zerbitzuaz gozatu nahi duten sei pertsonatik gorako talde guztiek aldez aurretik erreserba egin beharko dute nahitaez, 94 426 66 00 telefono-zenbakiaren bidez edo info@bidaideak.org helbide elektronikoaren bidez.

Zerbitzu guztiak, garraio-zerbitzuak barne, urtero bezala ematen jarraituko dira.