2020(e)ko ekainaren 27(a) 10:00

Bisita pertsonalizatuak Busturialdeako gune arkeologiko nagusiak eta zin-bidearen zoko guztiak ezagutzeko

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak bisita eta ibilbide gidatuak antolatzen ditu uztail eta abuztuan Arrolako oppidum-era Arratzun, Erdi Aroko Ereñozar gailurrera Ereñon, Tribisburuko erromatar nekropolira Bermeo eta Busturia udalerrien artean, Foruko herri erromatarrera eta Katilotxuko ibilbide megalitikora Mundaka, Sukarrieta eta Busturia udalerrietan. Gainera, irailean Zin-bidearen ibilbidea eskainiko da. Bisita-egutegia kontsultatu www.bizkaikoa.bizkaia.eus web orrian, 688.856.689 telefonora deituz edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikoan.

Ibilbide Historikoak

Bizkaiko Foru Aldundiaren "Ibilbide historikoak" programa lurraldeko interes historikoko guneetatik ibiltzen da bisita gidatuekin. 2012an jarri zen martxan ekimena, eta Mikel Unzueta Portilla oroituko du bereziki, gune horiek ikertzen eta ondoren balioa ematen jardun zuen arkeologoa.

Jarduera errotuta dago Bizkaiko kultura eskaintzan, eta programa egonkor eta kalitatezko bihurtu da Bizkaiko kultura eta ondarea zabaltzeko.

Busturialdea ibilbidea

Ibilbide gidatu eta pertsonalizatuei esker, Bizkaian dauden zenbait baliabide aparta ezagutu ahalko dira, gure lurraldearen historiaren zati handi bat biltzen dituztenak, hala nola historiaurreko hilobiratze megalitikoak, Burdin Aroko kastro ikusgarri bat, Kantauri itsasoko ekialdean induskatutako erromatar kokagunerik handiena edo Urdaibaiko Biosferaren Erreserba osoan ikuspegirik onenak dauzkaten gailurretako batean kokatutako Erdi Aroko gaztelu baten hondarrak.

Busturialdeko eskualdeko bisita gidatuak uztail eta abuztuan egingo dira, 11:00etan eta 17:00etan, bisiten egutegia www.bizkaikoa.bizkaia.eus web orrian, 688.856.689 telefonora deituz edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikoan kontsultatzea gomendatzen da.

Kultura eskaintzak natura-ingurunearen eta kultura baliabidearen jasangarritasuna eta begirunea bermatu nahi ditu. Horregatik, bisita batzuk oinez egingo dira eta beste kasu batzuetan tren turistiko bat erabili ahalko da. Bisitari taldeak txikiak izango dira beti.

Bost ibilbide gidatu dauzka programak, Arrolako oppidum-aren aztarnategi arkeologikoetara (Arratzu), Foruko erromatar herrira, Tribisburuko erromatar nekropolira (Bermeo-Busturia), Ereñozar gaztelura (Ereño) eta Katilotxuko estazio megalitikora (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia), uztail eta abuztuan denak.

Arrolako Oppiduma Kauntauri itsasoko ekialdean dagoen erromatarren aurreko herrixkarik garrantzitsuenetako bat da. Gastiburu mendikatearen gailurrean eraiki zuten K.a. IV. mendean, eta K.o. I. mendera arte Urdaibaiko bizitza antolatu zuen biztanle-gune nagusia izan zen. Gaur egun, herrixka hori Arratzu, Nabarniz eta Mendata udalerrien artean banatzen da, eta 16 hektarea hartzen ditu barne. Mota honetako gotorlekuak edo kastroak oso ohikoak izan ziren Burdin Aroan, eta Bizkaia osoan egoerarik onenean dagoena Arrolakoa da. Arrolako Oppidumeko bizimoduaren ezagutza osatzeko, Arrolagune (Arratzu) interpretazio-zentroa bisitatuko da.

Foruko herri erromatarra Elexaldeko muinoan dago (Foruan), Oka ibaiaren ezkerraldean, hau da, Urdaibai haranaren bihotzean, K.o. U. mendekoa da eta 6 hektareako azalera hartzen du.

Aztarnategia 2017ra arte induskatu da, eta ezagutzera eman du hamalau eraikin izan zirela, tipologia eta erabilera desberdinetakoak, harearrizko hargin-lanez eginak. Biztanleen etxolez eta etxeez gain, burdina urtzeko labe metalurgiko asko aurkitu dira, eta hainbat burdinola ere bai, lanabesak, armak eta metalezko barrak lantzeko erabiliak.

Tourseko San Martin parrokia-elizako lurpean, tenplu errenazentista kristauaren azpian, Erdi Aroko nekropoliak eta eliza gotiko baten oinplanoa aurkitu zituzten. Ibilaldian parte hartzen dutenek aurkikuntza horiek ikusi ahalko dituzte.

Tribisburuko nekropolia (Bermeo eta Busturia) erromatar egitura multzo harrigarri bat da, talaia ikusgarri baten gainean kokatua, Sollube mendiaren hegalean. Bizkaiko Foru Aldundia duela zazpi urte hasi zen altxor arkeologiko hau industeko lanetan. Orain arte hamar hilobi-egitura aurkitu dira. Esparru horien barruan hildakoaren errautsak sartzen ziren.

Aurkitutako hondarrek erakusten digute Tribisburun gure arbasoek K.o. I. mendetik III. mendera bitartean zeuzkaten hileta-ohiturak. Gorpua egurrezko txondor batean errausten zuten, haren objektu pertsonalekin, eta hurbilekoek egindako eskaintzekin.

Indusketa-lanetan materia asko aurkitu dira, hauexek, besteak beste: jantziak, oinetakoak, armak, apaingarriak eta eguneroko bizitzan erabiltzen diren gauzak (zeramikazko plater eta lapikoak). Hondarrak oso zatituta dauden arren, argi dago Erromako kulturaren eragina.

Tribisburuko erromatar nekropolirako bisitan, Cannon erretegia da topagunea, Sollubeko mendatean; puntu horretatik, tren turistikoak taldea igotzen du Tribisburuko nekropolira 600 metrora dagoen basoko bidegurutze bateraino, eta handik oinez abiatzen da taldea bisita egiten den nekropoliraino.

Ereñozar gaztelua ibilbide historiko honen beste guneetako bat da. Ereñozar mendiko aztarnategiak (Ereño herrian) Erdi Aroko gaztelu baten historiaren berri ematen du. XI. mendean eraiki eta XIII.ean suntsitu zen. Haren hondarren gainean parrokia bat jaso zen, inguruan hilerri bat zuena, XIII. mendetik eta XVI.era bitartean erabili zena. Kroniken bidez jakin dugu gailurra Alfonso XI.a Gaztelako erregearen armadak setiatu zuela. Ikuspegi pribilegiatuak dituen gailur bat.

Aztarnategi horretako ikerketa arkeologikoak Erdi Arotik gaur egunera arte doan sekuentzia historikoa egiaztatzen du. Hainbat aldi agertzen dituen nekropoliak eta jada desagertu den gaztelu baten hondarrek osatzen dute aztarnategia. Gaur egun ermita txiki bat duen gailurrean, bisitariek gure historiako garairik ezagunenetako bat gogoratu ahal izango dute. Aldi horretan, Erdi Aroko gazteluak, Erdi Aroan gure haranak zaintzen zituzten gotorlekuak, eta gure arbasoen bizimoduak eta sinesmenak ziren nagusi.

Gaur egun nekropoliaren hondarrak, kontserbazioa dela-eta, ikusgai ez badaude ere, argazkiak, berregiteak eta hondar batzuk erakusten dira, haien artean orain dagoen baseliza. Haien bitartez, antzeman daiteke zelakoa zen Ereñozar gailurra Erdi Aroan.

Urdaibaiko ibilbide historikoa amaitzeko, Katilotxuko estazio megalitikoaren ibilbidea egingo da. Bisita interesgarri bat megalitismoa ezagutzeko, Bizkaiko historiaurreko hileta errituak ezagutzeko. Aukera bat kulturalki neolito (Katilotxu I) eta kalkolitoari (Katilotxu V) atxikitako trikuharriak (induskatu eta zaharberrituak) eta tumuluak hurretik ikusteko, erabilera kolektiboko hileta eraikuntzen bitartez, eta aldi berean Urdaibaiko ezkerraldeko ikuspegirik onenetako batez gozatzeko. Bisita hau oinez egiten da osorik.

Halaber, kasu berezietan, gune arkeologikoen ikerketa zuzendariak egongo dira bisitetan, eta azken albisteen berri emango digute.

Bizkaiko Zin-bidea

Bestalde, irailaren 18, 19, 20, 26 eta 27an, Zin-bidea egingo da, ibilbide historiko bat Bizkaiko jaunaren urratsen atzetik, foruak zin egiteko; erkidego gisa dugun historiaren funtsezko alde bat ulertu ahal izateko aukera bat. Bilbotik abiatzen da ibilbidea eta Lezama, Larrabetzu eta Gernika-Lumo herriak zeharkatzen ditu Bermeon amaitu arte. Bisita oinez eskaintzen da, hiru etapatan, eta autobusez ere bai.

Foru Aldundiak irailean jarriko du martxan Bizkaiko Zin-bidea, bisita gidatuaren formatuarekin. Bertan, Bizkaiko Jaunak foruak zin egiteko egindako bidea ibiliko da; izan ere, egintza hotsandiko funtsezko ekitaldi bat izan zen, eta garrantzi handia izan zuen iraganean erregearen eta bizkaitarren arteko harremana finkatu eta adostasunetara iristeko. Eraginak bizirik dirau gaur egun ere, eta gure lurralde historikoko berezitasuna definitzen laguntzen du.

Zin-bidea Bilbon hasten zen, Gernika-Lumo zuen erdigune eta Bermeon amaitzen zen. Bizkaiko Foruak zin egiten ziren lekuak eta monumentuak bisitatuko dira.

Helburu nagusi bi ditu bisitak: gure historia ezagutaraztea eta, berariazkoago bat, Bizkaiko Foruen funtsean barneratzea, bere ezarpen-mekanismoetako batzuk ulertzeko.

Bisitak egiteko, uneoro gordeko dira behar diren higiene- eta prebentzio-neurriak.


Argazkiak