2020(e)ko ekainaren 25(a) 09:56

Aldundiak milioi bat euro baino gehiago ordaindu dizkie enpresa txikiei mikrokredituetan

Ekonomia Sustatzeko Saila

Foru Aldundiak 7.500 eurorainoko maileguak eskaintzen ditu interesik gabe enpresa txiki eta autonomoentzat, Bizkaia aurrera! suspertze-planaren barruan

Bizkaia aurrera!

Bizkaiko Foru Aldundiak milioi bat euro baino gehiago eman dizkie lurraldeko enpresei mikrokredituetan. Covid-19ak eragindako osasun krisiaren ondoren lurraldea suspertzeko planaren neurrietako bat da. Bizkaia aurrera! mikrokredituek 7.500 eurorainoko maileguak eskaintzen dituzte, interesik eta komisiorik gabe, eta bi motatan banatzen dira hartzaileen arabera: 5 langile arteko enpresak (5 urte arteko antzinatasuna duten teknologia arloko startupak barne) eta autonomoak.

Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, Seed Capital foru sozietate publikoak kudeatzen dituen enpresentzako eta startupentzako mikrokredituen lehen hamabost egunetako balantzea zehaztu du Batzar Nagusietan. Guztira, 400 eskaera inguru jaso dira Bizkaiko sektore eta eremu guztietatik.

Lehenengo bi asteetan 140 eskaera ebatzi eta ordaindu dira, hau da, milioi bat euro baino gehiago ordaindu dira kredituetan. Eskaera guztien % 21 startupak dira. Gainerakoei dagokienez: % 25 jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak dira; % 17 merkataritza; % 15 telekomunikazioak eta informatika; % 10 manufaktura-industria eta % 8 ostalaritza. Enpresa eskatzailearen profilari dagokionez, 2,4 langileko mikroenpresa da, 120.000 euroko fakturazioa du eta 23.000 euroko kapital soziala.

Eskabideak helbide honetan egin daitezke: https://www.seedcapitalbizkaiamikro.com/microcreditos

Enpresa txiki eta autonomo askorekin hitz eginda, egiaztatu dugu mikromaileguek enpresei eusteko garrantzitsuak diren jarduerak garatzen lagun dezaketela. Produktu oso espezifiko bat jarri dugu merkatuan beharrizan espezifikoetarako. Laguntza erraz eta oso azkar eska daiteke, izapide eta paper gehiegi egin gabe. Eta dagoeneko milioi bat euro baino gehiago eman dizkiegu bultzada txiki bat behar zuten mikroenpresei, azaldu du Ainara Basurkok.

Seed Capital Mikro

2014an eratu zenetik, Seed Capital Bizkaia Mikrok 120 mailegu baino gehiago eman ditu, guztira 2,3 milioi euro, eta batez besteko zenbatekoa 19.241 euro da. Lehentasuna eman zaie mikroenpresetan egindako inbertsioei, baldin eta haien kapital sozial nagusia erdi-mailako edo goi-mailako ikasketak dituzten gazteena, emakumeena, proiekturako esperientzia eta/edo prestakuntza egokia duten 45 urtetik gorako pertsonena eta gizarte-bazterketako egoeran eta/edo iraupen luzeko langabezian dauden pertsonena bada.


Argazkiak


Audioak