2020(e)ko ekainaren 25(a) 12:00

Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuak 50. urteurrena ospatuko du aurten Bizkaiko herritarrekin batera

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea - Ahaldun Nagusia

Irailetik aurrera, lurraldeko eskualde guztietako udalerrietan barrena ibiliko dira, ad hoc diseinatutako eta hornitutako edukiontziarekin, suteen aurkako segurtasunaren eta herritarren autobabesaren printzipioak modu ludiko baina didaktikoan zabaltzeko Bizkaiko pertsona guztiei eta, bereziki, haur eta gazteei. 1970ean sortu zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak 175.000 esku-hartze baino gehiago egin ditu. Unai Rementeria: "Ez dakizue zein den zuen ondoan egoteak ematen duen lasaitasuna eta segurtasuna. Harro egoteko moduko arrazoia zarete Bizkaiarentzat ".

50. urteurrena

Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak bere 50. urteurrena ospatuko du 2020 honetan. Unai Rementeria Ahaldun Nagusia Uriosteko Suhiltzaileen Parkean izan da Foru Aldundiko suhiltzaileak zoriontzeko. Horrez gain, Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Harreman Instituzionaletarako diputatuarekin batera, Rementeriak aurkeztu du suhiltzaileek efemeridea Bizkaiko herritarrekin batera ospatzeko erabiliko duten irudia eta jarduera nagusia.

Irailetik aurrera, lurraldeko eskualde guztietako udalerrietan barrena ibiliko dira, ad hoc diseinatutako eta hornitutako edukiontziarekin, suteen aurkako segurtasunaren eta herritarren autobabesaren printzipioak modu ludiko baina didaktikoan zabaltzeko, bereziki haur eta gazteei. Ekintza honen datak eta urteurrena ospatzeko aurreikusitako beste jarduera batzuen egutegia udaren bueltan dagoen agertokiaren arabera garatuko dira, betiere eskatutako segurtasun-neurri guztiak betez.

Bizkaiko ahaldun nagusiak eskerrak eman dizkie Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko kide diren pertsona guztiei, egindako lanagatik eta profesionaltasunagatik; izan ere, orain dela gutxi berrantolatu egin behar izan da, Covid-19ren pandemiak eragin duen larrialdi berriaren aurrean lurralde osoko gizarte-zerbitzuen egoitzetan mila desinfekzio egiteko. Unai Rementeriak azpimarratu duenez, Krisi honek zerbait erakutsi badu, izan da inoiz huts egiten ez duten gauzak daudela: gertatzen dena gertatzen dela ere, pertsona batzuk hortxe daude/zaudete beti. Lasaitasuna eman eta segurtasuna transmititzen duzue. Profesionaltasunez, patxadaz, ordenaz eta eraginkortasunez. Eta beti Bizkaiaren zerbitzura.

Jatorria eta Historia

Bizkaiko Foru Aldundiak, udalek udal-suteak itzaltzeko beharrezkoak ziren baliabide ekonomikoez hornitzeko zailtasunak zituztenez (Toki Araubidearen Legearen arabera), Bizkaiko lurraldean suteak itzaltzeko zerbitzu batzuk ematea erabaki zuen. Hala, 1965. urteaz geroztik, Foru Aldundia beharrezko izapideak eta azterlanak egiten hasi zen, suhiltzaileen lehen parkeak martxan jartzeko azpiegitura materiala eta giza azpiegitura eratzeko.

1970ean, Gernikako, Durangoko eta Trapagarango lehen suhiltzaile-parkeek ireki zituzten ateak; horietan, 50 suhiltzailek, bi sarjentuk eta zerbitzuburu batek hasiko zituzten zerbitzu horretako lanak, eguneko bi lan-txandatan. Bizkaiko suhiltzaileen lehen esku-hartze ofiziala jasotzen duen akta urte horretako urriaren 30etik azaroaren 5era bitartekoa da. Ez da deskribatzen zer ezbehar mota den, ezta data zehatza ere. Irteera Trapagarango parkera izan zen, Santurtziko istripu bat artatzeko.

Lau urte geroago, Basauriko, Getxoko eta Zallako parkeak martxan jarri ziren, beste 54 suhiltzailerekin eta baliabide tekniko berriekin. 1985ean Markinako parkea martxan jarri zen eta urtebete geroago Mungiako parkea ireki zen. Suhiltzaile profesionalen sareari suhiltzaile boluntarioen sarea gehitu zitzaion Lekeition, Urduñan, Karrantzan eta, azkenik, Otxandion 1993an. Parke-sare hori Bizkaiko edozein udalerritara gehienez ere 20 minutuan sartu ahal izateko printzipioaren araberakoa zen.

90eko hamarkadan, Aldundiak proposatu zuen lehendik zeuden instalazioak komunikazio-bide berrietara egokitzea eta lekualdatzea, batez ere autobiak, lurraldearen zerbitzura zeudenak. Hala, 92. urtean, Trapagarango parke zaharrak Uriosteko (Ortuella) instalazio zentrala sortu zuen, eta 97. urtean Getxoko parkea gaur egun Artazan (Leioa) duen kokalekura lekualdatu zen. 1994an, Komunikazio Zentroa sortu zen Urioste parkean, eta bertan zentralizatu zen Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak egin beharreko jarduera guztien informazioa eta koordinazioa.

Giza baliabideak eta baliabide materialak gaur egun

Gaur egun, Bizkaiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua zortzi suhiltzaile-parke profesionalek osatzen dute, eskualde guztietan banatuta: Urioste (Ortuella), Basauri, Artaza (Leioa), Iurreta, Gernika, Balmaseda (Zallan), Markina eta Derio. Halaber, Lanestosa, Urduña, Karrantza, Bermeo eta Otxandio udalerrietako Babes Zibileko Boluntariotza Elkarteek babesten dituzte, Ispasterren prestakuntza-eremu batekin batera. Bertan, suhiltzaileak sortzen dira bizitza profesional osoan zehar.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Prest larrialdiak kudeatzeko Bizkaiko zentro integrala jarri zuen martxan 2019ko urtarrilean. Zentro honek komunikazioen arloko azken aurrerapen teknologikoak ditu, eta foru mailan larrialdien arloko abisuen sarrera bakarra da. Bertan, erantzuna koordinatzen da eta Aldundiaren baliabide guztiak (giza baliabideak eta baliabide materialak) mobilizatzen dira erantzun eraginkor eta efikaza emateko, eguneko 24 orduetan zerbitzua eskainiz.

Giza baliabideei dagokienez, Bizkaiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak 434 langile ditu, eta baliabide materialei dagokienez, gaur egun 94 ibilgailuk eta 4 atoiak osatzen duten ibilgailu-flota du. Aurten, flotaren % 25 inguru berrituko da, aurreko udan erositako azken belaunaldiko 20 ibilgailu berri iritsi baitira. Zehazki, hiriko 6 autobonba astun, 3 autobonba inude astun (zisternak), 3 lanabes-furgoi, 3 autoeskailera automatiko eta lur orotako 5 ibilgailu izango dira. Bizkaiko suhiltzaile-etxe desberdinetarako izango dira.

Azkenik, zerbitzua laster hobetuko da Zalla eta Arratzuko suhiltzaile-etxe berriak eraikita, azken aurrerapen teknologikoez hornituta.


Argazkiak


Bideoak


Audioak