2020(e)ko ekainaren 24(a) 11:27

Aldundiak Bizkaiko sei traineruekin bat egingo du TKE denboraldiaren aurkezpenean

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bigarren urtez jarraian Bizkaiaren presentzia nagusituko da TKE Eusko Label ligan, hamar traineruetatik sei bizkaitarrak baitira: Bermeo Urdaibai Avia, Itsasoko Ama, Kaiku, Lekittarra Elecnor, Ondarroa Cikautxo eta Zierbena Bahías de Bizkaia.

TKE Eusko Label ligako sei traineru bizkaitar

Bizkaiko Foru Aldundiak bere babesa agertu dio gure lurraldeko arraunari eta ostiralean Donostian egingo den TKE-ACT denboraldiaren aurkezpenean lagundu die sei traineruei. Aurtengo udan ere lehiatuko diren traineruen artean Bizkaikoak gehiengoa izango dira, hamar ontzietatik sei guztira: Bermeo Urdaibai Avia, Itsasoko Ama, Kaiku, Lekittarra Elecnor, Ondarroa Cikautxo eta Zierbena Bahias de Bizkaia.

Foru erakundeak esker oneko mezua zabaldu nahi die egiten ari diren lanagatik eta TKEren aurreko denboraldietan lortu zuten emaitzagatik; izan ere, lehen bost postuetatik hirutan Bizkaiko traineruak sailkatu ziren. Ildo horretatik, Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, garrantzia eman dio Bizkaiko traineruek eskaintzen duten konpromiso eta kalitate lehiaketari. Emaitza ona izan da aurreko denboraldietan, eta ziur hurrengo egunetan hasiko den honetan berriz ere lehiatuko direla, bakoitzaren onena emanez.

Bermeo Urdaibai Avia

Elkartea 1992an sortu zen eta 1999an hasi zen banku finkoko probetan lehiatzen. Bermeoko taldea txapelketa nagusia jokatzen hasi zenetik hainbat garaipen lortu ditu, eta bandera gehien lortu dituena da, 46 guztira, eta lau aldiz lortu du Koroa (2004, 2007, 2008 eta 2010).

Itsasoko Ama

1967an sortu zen talde santurtziarretik Europako, Munduko eta Olinpiar txapeldun handiak atera dira, baita Euskadiko eta Espainiako selekzioak euren nazioarteko konpromisoetan hornitu dituzten hamaika arraunlari ere. 2017ko denboraldia berezia izan zen talde honentzat, izan ere jokatu ziren bi playoffetako buru izan ziren eta Eusko Label Ligara igotzea lortu zuten, 2018an bosgarren postua eta 2019an hirugarrena lortuz.

Kaiku

1923an sortu zen eta 2009an egin zuen debuta maila gorenean. Kaiku Arraun Kluba ospetsua da bere historian zehar lortutako garaipenengatik. 2011tik 2019ra 32 bandera eta hiru Koroa irabazi ditu.

Lekittarra Elecnor

Isuntza Arraun Kluba 1977an sortu zen eta 2018an, KAE-1 ligako txapeldunorde geratu eta lau bandera eta Bizkaiko Txapelketan brontzezko domina irabazi ondoren, Isuntzak Eusko Label Ligara igotzea lortu zuen.

Maila gorenean egindako denboraldi bikain bati esker Isuntzak jaitsiera postuetatik ihes egitea lortu zuen eta Eusko Label Ligako hamargarren postuan amaitu zuen denboraldia.

Ondarroa Cikautxo

2016an klubak urte historikoa bizi izan zuen KAE-1 ligako txapeldun bihurtuz eta 15 estropadatatik 13tan bandera lortuz. Taldeak playoffetan igoera lortu zuen urte horretan eta bi jardunaldiak irabazi zituen. 2017an zortzigarren postuan bukatu zuten denboraldia eta Iñigo Larrinaga Antiguako Ama ko patroiak Eusko Label Ligako bigarren patroi onena izatea lortu zuen. 2019an Ondarroakoak zazpigarren geratu ziren Eusko Label Ligan eta bigarrenak izan ziren Portugaleteko El Corte Ingles banderan.

Zierbena Bahías de Bizkaia

Zierbenak hainbat maila ezberdinetako banderak batu ditu bere historian zehar, eta 2011n, zilarrezko mailan bigarren izan ondoren, TKEra lehen aldiz igotzea lortu zuen. 2013an, KAEn 7 bandera lortu ondoren, playoffetan San Miguel Ligara igotzea lortu zuen. 2014an zortzigarren postua lortu zuten eta 2015ean hamargarren eta 2016an bederatzigarren izan zen. 2017an bosgarren postua lortu zuten Eusko Label ligan, hirugarren postua 2018an eta iaz laugarren postuan bukatu zuten.


Argazkiak