2020(e)ko ekainaren 23(a) 11:00

Bizkaiak erantzun azkarreko ekipoak aktibatu ditu egoitzetan zaintza eta esku hartzeko, gerta daitezkeen berragertzeen aurrean

Gizarte Ekintzako Saila

Gizarte Ekintza Saileko profesionalek osatutako berehala erantzuteko hiru lantaldek berehalako esku-hartzeak egingo dituzte egoitzetan, Covid-19aren sintomak dituzten edo positibo eman duten kasuak baldin badaude. Horrela, arin eutsiko zaio birusari. Helburu bikoitza izango dute: alde batetik, zentroei laguntza eta aholkularitza emango dizkiete sektorizatzea edo euste-plana berrikusteko edo aldatzeko, eta, bestetik, diagnostiko-frogak egingo dizkiete gertuko senide eta adiskideei. Gizarte Ekintza Sailak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin lankidetzan, online prestakuntza-saioak antolatu ditu ekainean. Horien bitartez, egoitzetan koronabirusa prebenitzeko estrategiak eta teknikak erakutsiko dizkiete zentro soziosanitarioetako profesionalei. Lehenengo saioa asteartean egin zen, eta 1.000 partaide baino gehiago bildu ziren.

Bizkaiko Foru Aldundiak zaintza, prebentzio eta zuzeneko jarduketarako mekanismoak bideratu ditu pertsona bereziki kalteberak hartzen dituzten zerbitzu sozialetako zentroetan Covid-19aren ondorioz gerta daitezkeen berragertzeei berehala aurre egiteko, bereziki, adinekoen zentroetan.

Duela aste batzuk abiarazi ziren zerbitzuak pixkanaka-pixkanaka ezarri dira berriz ere, eta zentroetako bizikidetzan normaltasuna nabarmenagoa da; ondorioz, Covid-19 pandemiaren gaur egungo zein etorkizuneko agertokiak koronabirusaren bilakaera komunitatean kontrolatzeko eta jarraipena egiteko erantzun sistematiko baten diseinua eta antolaketa behar ditu eta, bereziki, egoitzaren alorrean, erantzun terapeutikorik edo txertorik ez dagoen bitartean.

Bizkaiko Foru Aldundiak lanerako esparru bateratua ezarri du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, zehazki, Zainketa Epidemiologikoko Unitateekin. Horrela, Covid-19aren kasuen hautemate goiztiarra bermatuko da egoitzetan eta komunitatean, zentro horietan baieztatu diren kasu positiboen hurbileko harremanen jarraipena egingo da eta egoitzetan transmisioa murriztu ahal izango da, eta, horrenbestez, baita komunitatean ere.

Horri dagokionez, Gizarte Ekintza Sailak erantzun azkarreko hiru lantalde aktibatu du. Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) profesionalek osatuko dituzte lantaldeak, eta berehalako esku-hartzeak egingo dituzte Covid-19aren sintomadun kasuak edo positiboak dituzten egoitzetan, horiek identifikatu eta birusa zentroetan hedatzea eragozteko. Hauxe izango da lantaldeen zeregina: alde batetik, zentroei laguntza eta aholkularitza emango dizkiete sektorizatzea edo euste-plana berrikusteko edo aldatzeko, eta, bestetik, diagnostiko-frogak egingo dizkiete gertuko senide eta adiskideei.

Profesional soziosanitarioentzako prestakuntza online

Gizarte Ekintza Sailak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin lankidetzan, online prestakuntza-saioak antolatu ditu ekainean. Horien bitartez, egoitzetan koronabirusa prebenitzeko estrategiak eta teknikak erakutsiko dizkiete zentro soziosanitarioetako profesionalei. Hiru ikastaroko ziklo bat da online, eta bi orduko iraupena izango du. Hauxe izango da gaia: "Covid-19a dela eta zentro soziosanitarioetan aplikatu behar diren prebentzio- eta jarduketa-estrategiak eta teknikak". Partaideek doan eman ahal dute izena.

Lehenengo ikastaroa asteartean eman zen, ekainaren 16an, eta hauxe izan zen gaia: "COVID-19ari aurre egiteko, norbera babesteko ekipamenduak eta bestelako prebentzio-neurriak egoitza-zentroetako zuzeneko arretan" 1.000 izen-emate baino gehiago egin zituzten, eta saio bikoitza eskaini zen (goizez eta arratsaldez) zentroetako lan-dinamikarekin bateragarria izan zedin. Funtsean, zentroetan zuzeneko arreta eskaintzen duten laguntza-langile, erizain eta gizarte-integrazioko langileentzat antolatu dira saioak, besteak beste.

Beste bi ikastaroak ekainaren 23an eta 30ean egingo dira, eta laguntza-arduradunei eta egoitza-zentroen kudeaketaren zuzendaritza, kudeaketa eta koordinazioko arduradunei zuzenduko zaizkie. Ikastaroetako batean gai nagusia "egoitza-zentroetan prebentziozko antolakuntza, pandemia-egoeretan kutsatzeak saihesteko" izango da, eta hirugarrenean "COVID-19aren kasu positiboak dituzten egoitza-zentroetan hartu beharreko neurriak" jorratuko dira.

580 pertsonek eman dute izena astearte honetan. Asteartean, hilak 30, 400 pertsona baino gehiagok eman dute izena.