2020(e)ko ekainaren 23(a) 09:30

Aldundiak 450.000 euro bideratuko ditu artisautza sustatzera

Ekonomia Sustatzeko Saila

Salbuespen gisa dekretuak neurri espezifikoak jasotzen ditu Covid-19ak sortutako egoera arintzen laguntzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak artisautza sustatzeko programa onartu du. Ekitaldi honetan 450.000 euroko inbertsioa egingo da artisautza jarduera profesional gisa indartzeko, artisau-lanen kalitatea sustatuz eta ikuspegi berritzaileak bultzatuz, horretarako trebetasun berriak eta negozio-ereduak garatuz.

Aurten, gainera, dekretuak kontuan hartzen du artisautza, merkataritzarekin eta turismoarekin duen loturagatik, Covid-19ak sortutako osasun-krisiaren ondorioek gehien kaltetu duten sektoreetako bat dela. Hala, foru dekretuak modu espezifikoan diseinatutako neurri berriak aurreikusten ditu, sektoreak adierazitako beharrei erantzuteko: dekretuak 1.500 euroko laguntza jasotzeko aukera ematen du, erakundeen egitura eta funtzionamendu gastuak finantzatzeko.

Programaren garapen normalari dagokionez, artisauek beren lehiakortasuna indartzeko proiektuak finantzatzeko diseinatuta dago, are gehiago gaur egungo egoeran. Berariaz, honako gastu hauek lagunduko dira diruz, besteak beste: lokala eraberritzea, makineria, ekipamendu informatikoa, lizentziak, prestakuntza-ikastaroak, onlinez sustapena eta salmenta, erregistratutako enpresa berrientzako tailerra alokatzea edo kanpo-aholkularitza, 10.000 euroko mugarekin.

Era berean, tokiko erakundeek eta artisautza-elkarteek Bizkaian azokak, prestakuntza-jarduerak eta artisautza sustatzera bideratutako beste jarduera batzuk antolatzeko bultzatutako jarduerak babestea aurreikusten du dekretuak.