2020(e)ko ekainaren 19(a) 16:00

Bizkaiak izaera terapeutikoa duten pasealdiak baimenduko ditu egoitza-zentroetan, normaltasun berria hastearekin batera

Gizarte Ekintzako Saila

Egoiliarrak bakarrik edo egoitzako langileekin zein senideekin joan ahalko dira, baina prebentzio- eta higiene-neurri guztiak hartu eta toki jendetsuak edo itxiak saihestu beharko dituzte. Alarma-egoera amaitu ostean ostiral honetan indarrean sartuko den foru agindu berrian jasotzen den neurrietako bat da. Agindu horrek, era berean, prebenitzeko, eusteko eta koordinatzeko zenbait antolaketa-neurri barne hartzen ditu, Bizkaiko gizarte-zerbitzuen egoitza-zentroetan Covid-19a zabaltzeko arriskuak ekidite aldera. Gizarte Ekintza Sailak gaur eguerdian aurkeztu die egoitza-zentro guztiei foru agindu berri hau, zeina Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuta agertuko den astelehenean. Foru agindu berria indarrean mantenduko da koronabirusaren pandemiak eragindako osasun-krisiaren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean.

Bizkaiko Foru Aldundiak foru agindu bat eman du, eta gaur bertan jarri da indarrean. Agindu horren bidez, prebenitzeko, eusteko eta koordinatzeko presazko zenbait neurri ezartzen dira, alarma-egoera amaitu ondoren Covid-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiten jarraitzeko. Neurri horien bidez, bereziki zaurgarriak diren kolektiboetan (esate baterako, egoitza-zentroen erabiltzaileak) Covid 19 gaixotasuna zabaltzeko arriskua ekidin nahi da.

Pandemiaren euspenaren bilakaera positiboa izan denez eta eremu guztietan normaltasun berri bat hasi denez, foru-erakundeak araudi berri bat onartu du, baimena ematen diena egoiliarrei pasealdiak egiteko, betiere, egoitzako langileek edo senideek lagunduta. Pasealdiek, batez ere, izaera terapeutikoa izango dute eta horietan, prebentzio- eta higiene-neurri guztiak bete eta gune jendetsuak eta itxiak saihestu beharko dira. Era berean, gaua igarotzeko irteeretatik itzultzean, ondorio epidemiologikoetarako, sarrera berritzat hartuko dira, eta unean-unean indarrean dauden Osasun Publikoaren protokoloetan kasu horietarako ezartzen dena bete beharko da. Bisitei dagokienez, pasa den maiatzaren 24tik araututa egon diren bezala mantenduko dira. 

Funtzionamendu-neurrien artean honako hauek sartzen dira: antolamendu-, prebentzio-, higiene-, desinfekzio- eta garbiketa-neurriak; zentroak sektorizatzeko neurriak; espazio komunak erabiltzeko jarraibideak; Covid-19aren kasu positiboetan edo susmopean dauden kasuetan aktibatzeko kontingentzia-planak; eta Gizarte Ekintza Sailarekin berehala harremanetan jartzea eta koordinatzea.

Era berean, egoitza-zentroek, egoiliarren, profesionalen eta senideen artean ezarritako edo ezarri beharreko prebentzio- eta jarduera-neurriak jakinarazteko, zabaltzeko eta prestatzeko planak ezarri beharko dituzte. Horientzat guztientzat, gainera, norbera babesteko ekipamenduen segurtasun-stocka izan beharko dute, zentroko jarduera garatzeko adinakoa, gutxienez bost asterako.

 Aldundiak adierazi du prebentzio-neurri guztiak intentsitatean modulatu beharko direla, kontuan hartuta, besteak beste, honako hauek: zentroaren ezaugarri espezifikoak eta jarduera, zentroaren egoera epidemiologikoa eta hura txertatzen den erkidegoa edo udalerria, eta Gizarte Ekintza Saileko Ikuskapen eta Kontrol Zerbitzuak ezartzen dituen neurriak.

Gizarte Ekintza Sailak gaur eguerdian aurkeztu die egoitza-zentroei foru agindu berri hau, zeina Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuta agertuko den astelehenean. Foru agindu berria indarrean mantenduko da koronabirusaren pandemiak eragindako osasun-krisiaren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean.