2020(e)ko ekainaren 20(a) 10:10

Bizkaiak errefuxiatuen Munduko Egunean babes-lurralde gisa duen konpromisoa berretsi du

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Duela lau urte Siriako eta Mediterraneoko krisiari erantzuteko sortu zen Goihabe programari esker, 500 pertsona baino gehiago artatu ahal izan dira. Larrialdietarako laguntza eta garapenerako lankidetzako politikek osatu egiten dituzte giza eskubideen urraketa larrien aurreko foru jarduerak.

Babesleku-Lurraldea.

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur, ekainak 20, Pertsona Errefuxiatuen Munduko Egunean, berriro adierazi du babes-lurralde gisa duen konpromisoa, harrera-lur legez, giza eskubideen urraketa nabarmenengatik beren etxe eta herrialdeetatik alde egin behar duten pertsona guztientzat.

Ildo horretan, babeslekuaren, Larrialdietarako Laguntzaren eta Garapenerako Lankidetzaren arloan garatzen ari diren politikak eta programak berresten ditu foru erakundeak. Horien artean, Goihabe programaren lau urteak aipatzen ditu, Siriako Gerraren eta Mediterraneoko krisi humanitarioaren ondorioz abian jarritako errefuxiatuen harrerarako erantzun bat.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak garatu duen Goihabe programari esker, harrerako bigarren fasean esku-hartze integrala eskaini ahal zaie 500 pertsona baino gehiagori, Gurutze Gorria, CEAR-Euskadi, Caritas, Ellacuría Fundazioa eta Lagungo Fundazioaren bidez kudeatutako jardueren bidez.

Goihabek askotariko prozesu eta esku-hartzeak ahalbidetzen ditu, hala nola egoitza-soluzioak, laguntza ekonomikoak, eta hezkuntza-, gizarte- edo lan-jarduerak.

Programa horri Garapenerako Lankidetzan, Larrialdietarako Laguntzetan (gatazka-eremuak edo korridore humanitarioak) edo beste diru-laguntza batzuetan egindako ekimenak eta inbertsioak gehitu behar zaizkio. Politika horiek guztiak bat datoz Foru Aldundiak Giza Eskubideen alde hartu duen konpromisoarekin, pertsona guztien duintasunaren defentsa negoziaezina oinarri hartuta, baita krisi humanitarioen eta gatazka belikoen testuinguruetan ere.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko diputatuak azpimarratu duenez, "Gurea bezalako gizarte aurreratu batek betebehar moral eta etiko bat du, gosea, gaixotasuna, gerra eta heriotzatik ihes egiten dutenei erantzun bat emateko".

PROIEKTUAK

Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren arloko 2019ko eta 2020ko diru-laguntzen deialdiaz geroztik lagundutako proiektuak:

  • 2019
    • ACNUR EUSKAL BATZORDEA. KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA. Emakumeen sexu-indarkeriaren eta diskriminazio sozioekonomikoaren aurkako borroka.
    • ACNUR EUSKAL BATZORDEA. NIGERIA. Nigeriako iparraldean lekualdatutako biztanleentzako larrialdi-laguntza.
    • UNRWAren ESPAINIAKO BATZORDEA. SIRIA. Palestinar errefuxiatuen oinarrizko beharrak eta babes-beharrak bermatzea.
    • UNICEF FUNDAZIOA - ESPAINIAKO BATZORDEA. AFRIKA ERDIKO ERREPUBLIKA. Indar eta talde armatuekin lotura duten haurrentzako arreta.
    • ALBOAN FUNDAZIOA. TANZANIA. Hezkuntza, babes eta garapen psikosoziala sustatzea.
    • ‘BAKEA DUINTASUNEZ’ elkartea. PALESTINA. Gazako iparraldeko emakume eta gazteentzako osasun-zerbitzu integralak.
    • MUNDUKO FARMAZIALARIAK. KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA. Familia-plangintzako eta sexu- eta ugalketa-osasuneko hezkuntzako zerbitzuetarako eskuragarritasuna eta sarbidea hobetzea, egoera humanitarioaren narriaduraren eta ebolaren agerraldiaren aurrean Ipar Kivun (KED).
    • MUNDUBAT FUNDAZIOA. SAHARAKO ERREPUBLIKA ARABIAR DEMOKRATIKOA (SEAD). Eskola-gosarien programa, Saharako errefuxiatuen egoera ahulenean dauden taldeei nutrizio-laguntza bermatzea xede duena.
    • BAKEAREN ALDEKO LANKIDETZA BATZARRA. NIGER. Krisi humanitarioa Diffan.
    • ITSAS SALBAMENDU HUMANITARIOKO ELKARTEA. MEDITERRANEO ITSASOA. Aita Mari Maydayterraneo.
  • 2020
    • ACNUR EUSKAL BATZORDEA. ETIOPIA. Haurren, emakume haurdunen eta bularreko haurren nutrizio-baldintzak hobetzea.
    • ACNUR EUSKAL BATZORDEA. KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA. Emakumeen sexu-indarkeriaren eta diskriminazio sozioekonomikoaren aurkako borroka.
    • UNRWAren ESPAINIAKO BATZORDEA. SIRIA. Eskudiruzko larrialdiko laguntza, errefuxiatuen biziraupenerako.
    • UNRWAren ESPAINIAKO BATZORDEA. LIBANO. Genero-indarkeriaren prebentzioa eta erantzuna indartzea.
    • UNICEF FUNDAZIOA - ESPAINIAKO BATZORDEA. BURUNDI. "Mpore Mwana" egoera ahulean dauden neskatoen prebentzioa, laguntza eta gizarteratzea.
    • NAZIOARTEKO ELKARTASUNA. LIBANO. Berreraikuntza, bizibideak eta genero-ekitatea kokagune informaletan.
    • MUNDUKO FARMAZIALARIAK. UGANDA. Osasuneko sarbidea eta estaldura indartzea, bai eta genero-indarkeriaren biktimei ematen zaien erantzuna ere.
    • BAKEAREN ALDEKO LANKIDETZA BATZARRA. NIGER. Krisi humanitarioa Diffan.
    • MUNDUBAT FUNDAZIOA. SAHARAKO ERREPUBLIKA ARABIAR DEMOKRATIKOA (SEAD). Eskola-gosarien programa, Saharako errefuxiatuen egoera ahulenean dauden taldeei nutrizio-laguntza bermatzea xede duena.
    • ESKOLAPIOEN ITAKA FUNDAZIOA. KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA. Hezkuntzaren bidez pobreziaren aurka borrokatzeko prozesu bat sustatuz.
    • BIZKAIKO ‘MEDICUS MUNDI’ ELKARTEA. KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA. Nerabeek sexu- eta ugalketa-osasuneko zerbitzuak eskura ditzaten indartzea.
    • MUGARIK GABEKO EMIGRATUAK. KOLONBIA. Defendatzen duena babestea: giza eskubideen defendatzaileak babesteko etxea.

Gainera, azken bi urteotan, zuzeneko diru-laguntza bat eman zaio EUSKAL FONDOAri, "Saharako errefuxiatuen kanpamenduetako garraio-azpiegiturari laguntzea" deritzon proiektua finantzatzeko, eta diru-laguntza izendun bat SAHARAKO ERREPUBLIKA ARABIAR DEMOKRATIKOAREN LAGUNEN ELKARTEARI (SEAD), "Euskal Autonomia Erkidegoko Saharako Ordezkaritza Ofizialeko Bulegoari laguntzea" izeneko proiektua finantzatze aldera.


Argazkiak