2020(e)ko ekainaren 16(a) 10:54

Aldundiak Bizikletaren Liburu Zuria editatu du, non egunerokoan bizikleta erabiltzea sustatzeko neurri praktikoak biltzen diren

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Argitalpen honen helburua gure lurraldeko udalekiko eta beste gizarte-erakunde batzuekiko lankidetza indartzea da, bizikletaren erabilera homogeneoa izan dadin lortzeko eta egiteko modu bat partekatuz, gero eta pertsona gehiagok egunero aukera dezaten garraiobide hori. Horren guztiaren azken helburua oso argia da: Bizkaian bizi-kalitatea hobetzea. Azken helburu nagusi hori bilatzetik abiatzen da dokumentua eta, ondoren, Bizkaiak orain duen egoera eta bizikletaren erabilera areagotzeko hartu beharreko neurriak aztertzen ditu, horien guztien artean bizikletaren kultura bultzatu eta saritzeko beharra lehenetsiz. Neurri horiei ikuspegi orokor batetik heltzen zaie, azpiegiturak sortze hutsetik harago, eta, besteak beste, honako hauek integratzen dira: bizikletan bidaiatzen duten pertsonen beharrak, bizikleta-sareen diseinuan oztopoak ezabatzeari buruzko irizpideak aplikatzea, espazioa ibilgailu azkarragoekin partekatzeko baldintzak, edo trazadura ahalik eta zuzenena diseinatzeko egokitasuna; mugikortasun intermodala, bizikletaren erabilera partekatua eta ibilgailu honi buruzko hezkuntza eta sustapena. Urteko azken hiruhilekoan Bizikletaren Tailerra izenekoa jarriko da martxan, lurralde barruan garraio mota horren erabilerarekin zerikusia duten gai guztietarako jarduera-zentro bat, udalerrientzako eta erabilera sustatu nahi duten beste erakunde batzuentzako harremanetarako gune gisa.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizikletaren Liburu Zuria argitaratu du, garraiobide horren erabilera sustatzeko neurriak modu praktikoan jasotzen dituen dokumentua eta, gainera, udalekin eta gizarte-erakundeekin koordinatzea bilatzen duena, bultzada hori homogeneoa izan dadin. Dokumentu honen azken helburua gure lurraldeko bizi-kalitatea hobetzea da, ohiko joan-etorrietan bizikleta erabiltzen duten pertsonen osasun fisiko eta mentalean bizikletaren erabilerak dakartzan abantailak aprobetxatuz, eta baita abantaila ekonomikoak, ekitate sozialekoak, edo garraiatzeko modurik jasangarriena delako eta beste edozein ibilgailu baino eraginkorragoa delako eragiten dituenak.

Abantaila horiek dira Erakundeak egin duen azterketaren abiapuntua eta honako premisa honetatik ere abiatzen da: Benetako erronka da pertsona bakoitzak aukera izatea egin behar duen desplazamendu-motari hobekien egokitzen zaion mugitzeko modua aukeratzeko. Bizikletaren kaskoa, zapatila erosoak, Barik edo autoko giltza hartzea unean uneko beharrei lotuta baino ez egotea, eta beste faktore batzuengatik aukeretariko bat baztertu beharrik ez gertatzea.

Liburua dokumentu irekia da eta Bizkaian garatzen diren esperientziekin hazteko eta aberasteko asmoa du. Bizikletaren erabilera onuragarria izateko arrazoi horiek ez ezik, Bizkaiak gaur egun duen egoera jasotzen du, bai garraiobide horren erabileraren ikuspegitik, bai azpiegituren eta bizikleta-sarearen ikuspegitik.

Ildo horretatik, Bizikletaren Liburu Zuriak azpimarratu egiten du Bizkaiak bizikleta-kultura garrantzitsua izateak dakarren aukera, nahiz eta garraiobide hori, gaur egun, gehiago identifikatzen den kirolarekin eta aisialdiarekin, egunero mugitzeko moduarekin baino. Bizikleta, gainera, garraiobide bat bezala sentitzea da helburua, bizikletaren kultura hori bultzatuz eta sarituz.

Argitalpen honek, halaber, bizikletaren erabilera orain arte izan dena baino ikuspegi integratuago batetik jorratzeko beharra jasotzen du, azpiegituren sorkuntzan zentratuta; erabilera berri honen hasierako ikuspuntua dagoen eskaria izango da, txirrindulari potentzialak nor diren aztertuz eta erakundeen arteko eta beste erakunde batzuekiko lankidetza bilatuz, adibidez, gaitasunari eta ezagutzari dagokienez, homogeneotasuna lortzeko modu bat partekatzeko.

Nola egin Bizkaia bizikletaz mugiaraztea

Hasierako gogoeta horretatik abiatuta eguneroko joan-etorrietan era praktikoan bizikletaren erabilera sustatzeko neurriak ematen hasten da dokumentua. Lehenik eta behin, garraiobide hori erabiltzen dutenen ezaugarriak, beharrak eta nahiak aztertzen ditu, eta ondorioztatzen du, besteak beste, bizikleta erabiltzen denean joan-etorrien denbora era positiboagoan esperimentatzen dela beste garraio batzuetan baino, bizikletan joateko nahiago direla ibilbide desberdinak eta aldapa handirik gabekoak, bizikletan ibiltzea gizarte-jarduera bat dela edo era askotako txirrindulariak daudela eta, ondorioz, azpiegiturak diseinatzerakoan beharrezkoa dela haurrak eta adineko pertsonak kontuan hartzea.

Horregatik guztiagatik ikuspegi kustomizatua egitea proposatzen da, azpiegiturei dagokienez plangintza bizikletaren erabilera erabilgarri mota guztiak kontuan hartuta egin dadin; izan ere, haur eta adinekoentzat planifikatuz gero, kalitate-maila handia lortuko da, txirrindulari mota gehienentzat balio duena.

Azpiegiturak sortzeari dagokionez, dokumentuak zenbait irizpide barneratzea proposatzen du kalitatezkoak izan daitezen lortzeko: sarea koherentea izatea eta garraio publikoaren jatorriak, helmugak eta loturak konektatzea, ahalik eta ibilbide zuzenena eskaintzea, inguruetan bizikletaren erabilera erakargarri egiteko moduan diseinatzea eta integratzea, bibrazioak, malda handiegiak eta gelditu beharrak bezalako eragozpenak mugatuz. Ildo horretatik, azpiegitura seguruak eta beste garraiobide batzuetatik bereiziak sortzea proposatzen da, hori izango baita pertsonek bizikletaz joatea aukeratzeko modurik eraginkorrena. Hala ere, dokumentuan jasotzen da txirrindulariek eta beste ibilgailu edo oinezkoek zein egoeratan parteka dezaketen bide publiko bat.

Bizikletaren Liburu Zuriak hiru maila bereizten ditu bizikleta-sarean: lurraldekoa (30 kilometrorainoko joan-etorriak egiteko aukera ematen duena), tokikoa (auzoak, herriak eta hiriak lotzen dituena) eta oinarrizkoa (udalerrian bizikletaz ibiltzeko erabil daitezkeen bide publikoak). Eta horietan guztietan aurreko atalean ezarritako irizpide orokorrak aplikatzea gomendatzen bada ere, guztien izaera eta testuingurua kontuan hartuta, horien diseinua eta ezarriko diren lehentasunak desberdinak izango direla zehazten da. Oro har, lurralde- eta toki-sarearen kasuan, txirrindulariek denbora gutxi galtzea eta gutxi atzeratzea eragingo duten bidegurutze seguruen bidez bereizitako azpiegiturak garatzea azpimarratuko dugu; oinarrizko sarearen kasuan, ordea, bizikleten trafikoa autoen trafikoarekin konbinatuko da ahal den guztietan eta bizikleten azpiegitura ahal denean bereiziko da, dio dokumentuak.

Argitalpen honetan bizikleten aparkalekuak nola aukeratu eta banatu ere aipatzen da eta bizikletak aparkatzeko leku horiek beste garraiobide batzuekiko konexioetatik gertu egotearen garrantzia azpimarratzen da, hala nola tren-geltokiak edo autobus-geltokiak. Era berean, bizikletaren erabilera nola sustatu eta aisialdiari eta kirolari soilik lotutako txirrindularitzaren irudia nola aldatu proposatzen du.

Gainera, bizikletaren erabilerari eta txirrindularien portaerari buruzko datuak biltzea proposatzen du dokumentuak, informazio hori etorkizuneko politika eta neurriak zehatzagoak eta, beraz, eraginkorragoak izan daitezen erabili ahal izateko. Teknologiako garapenak aprobetxatzea ere proposatu du, bizikletaren erabilera erakargarriagoa izan dadin. Bizikletaren Liburu Zuriak zehazten du, halaber, beharrezkoa dela Bizkaiko garraiobide horren erabilera monitorizatzea, adibidez, Euskadiko egungo mugikortasunaren azterketa, bizikletaren egiturazko erabilera monitorizatzeko zenbaketa-programa bat edo garraiobide horren erabilerari buruzko inkesta bat erabiliz.

Liburu Zuriak bizikleta ohiko garraiobide eta eraldaketa-elementu gisa sustatzen lagunduko duten proiektu espezifikoak bultzatzea proposatzen du. Adibide on bat Durangaldea da; eskualde horretan azterketa sakon batetik abiatuta Mankomunitateak, eskualdeko eragile publiko eta pribatuekin koordinatuta eta ECFren (European Cyclists Federation) eskutik, benetako premien diagnostiko bat egin nahi du, bete beharreko lehentasunak zehaztu eta bizikleta bultzatzeko eta eskualdeko mugikortasuna eraldatzeko ibilbide-orri argi bat diseinatu ahal izateko.

Dokumentuaren amaieran aurtengo azken hiruhilekoan Bizikletaren Tailerra sortuko dela iragartzen da, Lurraldearen barruan bizikletaren erabilerarekin zerikusia duten gai guztietarako jarduera-zentro bat, udalerrientzako eta bizikletaren erabilera sustatu nahi duten beste interesdun batzuentzako harreman-gune gisa. Tailer honek bokazio integratzailea du eta erakundeak, ekoizpen-sarea eta Bizkaiko Foru Aldundiaren sailak bildu nahi ditu, helburu hauek lortzeko elkarrekin lan egiteko:

  • Bizikleta erabiltzeko politika koordinatzea eta planifikatzea.
  • Udalerriekin eta beste interesdun batzuekin harremanetan jartzea eta lankidetzan aritzea.
  • Azpiegituren eta instalazioen diseinua eta plangintza.
  • Proiektuak eta hezkuntza- eta sustapen-tresnen kutxak koordinatzea eta hastea.
  • Bizikletaren erabilera beste helburu publiko batzuekin integratzea, hiri-plangintzari, osasunari, iraunkortasunari, kirolari eta abarri dagokienez.
  • Europako eskualde eta proiektuekiko harremana eta lankidetza.
  • Finantzaketa, dirulaguntzak barne, eta finantzaketa-aukera berrien bilaketa aktiboa.
  • Beharrezko gaitasun-maila duten langileak kontratatzea eta prestatzea.
  • Arestian deskribatutako gai guztietan udalerriei laguntzea, zerbitzuak emanez, tresna-kutxak garatuz eta aholkularitza eta prestakuntza emanez.

Bideoak


Audioak