2020(e)ko ekainaren 12(a) 13:00

Bizkaiko maiatzera arteko diru-bilketa 2.543,1 milioi eurokoa izan da

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Itunpeko zergekin 2.543,1 milioi euroko diru-bilketa egin da Bizkaian urteko hasierako bost hilabeteetan. Zenbateko hori aurreko urteko aldi berdinean jasotakoa baino 531,2 milioi euro gutxiagokoa da, eta, beraz, diru-bilketaren jaitsiera % 17,3koa izan da.

Aldi honetan, Bizkaiko diru-bilketak ondorioak jasan ditu apirilean jarduera ekonomikoa gelditu zelako, Foru Ogasunak aurreko urteko aldi berdinarekin alderatuz itzulketa gehiago egin dituelako eta Bizkaiko Foru Aldundiak bizkaitarren likidezia hobetzeko zerga-neurriak aplikatu dituelako, bereziki mikroenpresei, ETE-ei eta autonomoei zuzenduta egon direnak, ekonomiaren sektore zaurgarrienetan inpaktu ekonomiko negatiboa saihesteko helburuarekin, hain zuzen ere.

Modu horretan, maiatzera arte izandako diru-bilketa, 2020ko ekitaldirako aurrekontuan jasotako zerga diru-sarreren (8.141,1 milioi euro) % 31,7koa izan da.

Zergapetze zuzena

Jasotako zenbateko guztitik, 1.153,1 milioi euro zergapetze zuzenari dagozkionak dira, 2019ko ekitaldiarekin alderatuz, % 10,5eko jaitsiera izan duena.

PFEZ-k orokorrean 1.014,2 milioi euro izan ditu, % 9,2 gutxiago, baina bere kontzeptu nagusiaren jaitsiera, hau da, lan-errenten atxikipenena, % 3,9koa izan da. Bere aldetik, PFEZren kuota diferentziala % 0,6 jaitsi da, sarien gaineko zerga berezia % 94,5 eta kapital higiezinaren atxikipenak % 31,5.

Sozietateen gaineko zergak 104,8 milioi euro eman ditu, aurreko urteko aldi berdinarekin alderatuz % 18,9 gutxiago, nagusiki, kapital higiezinaren etekinen atxikipenak eta kuota diferentzialak garapen negatiboa izan dutelako.

Zeharkako zergapetzea

Zeharkako zergek, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundien lehenengo ordainketa 224 milioi eurokoa izan dela zenbatu ondoren, 1.282,9 milioi euroko ekarpena egin dute maiatzera arte jasotako diru-bilketan, hau da, aurreko urtean baino % 19,8 gutxiago.

Kudeaketa propioko BEZa % 25,8 gutxiagokoa izan da, 906,3 milioi eurorekin.

Zerga berezien artean, Hidrokarburoenak 365,8 milioi izan ditu, % 7,1 jaitsiz. Elektrizitatearenak % 7,8 galdu du, eta Tabako Lanena % 7,7 gehitu da.

Tasak eta beste diru-sarrera batzuk

Jokoaren gaineko tasek eta zehapenen, premiamendu errekarguen eta atzerapen interesen sarrerek 14,9 milioi euroko ekarpena egin dute, aurreko urtean baino % 42,7 gutxiago.