2020(e)ko ekainaren 10(a) 12:00

Bizkaiko Foru Aldundiak `Aurrera Fest´ jarriko du martxan Euskaldunan, Kulturaren sektorea berrindartzeko

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Euskalduna Jauregiko aretoak eskainiko dizkie konpainiei eta profesionalei, euren emanaldiak egin ditzaten. Helburua, arte eszenikoetan eta musikan aritzen diren taldeei laguntzea eta ikus-entzuleak berriro kultura erabateko segurtasunez kontsumitzera animatzea da.

Lorea Bilbao eta Andoni Aldekoa Aurrera Fest jaialdiaren aurkezpenean

Hiroshimako bonbak eztanda egin eta urtebetera, 1946ko udaberrian, eztandaren erdigunetik kilometro ingurura, suntsitutako Ginkgo lehor bat ernatzen hasi zen. Gaur egun, Ginkgo hostoak (银 杏) bizirauteko gaitasuna irudikatzen du …

"Aurrera Fest"-eko kartelak erakusten duen bezala, Euskalduna Musika Jauregia itxaropenen eramaile gisa altxatuko da COVID-19ak eragindako geldialdiaren ondoren. Euskaldunako oihala berriro altxatuko da, argiak itzalita 12 aste eman eta gero, zuzeneko kultur jarduerari berriro ekiteko. Udaren ateetan, aire fresko ufada moduan, igarobideek eta aretoek euren erritmoa, euren funtsa, berreskuratuko dute. Ateak itxita ere Euskaldunak lanean jarraitu du, bere ikus-entzuleak jasotzeko eta Bizkaiko arte eszenikoen eta musikaren erreferente gisa jarraitzeko prestaketa lanetan. Hurrengo asteetan Jauregiaren bihotzak dar-dar egingo du berriro, musikaren erritmora, "Aurrera Fest"-en eskutik.

"Aurrera Fest" gaur goizean aurkeztu dute Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako Foru Diputatuak eta Andoni Aldekoa Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusiak, eta adierazi dutenez, Euskaldunak bere aretoak lagako ditu, arte eszenikoetan eta musikan aritzen diren taldeei diruz laguntzeko eta ikus-entzuleak erabateko segurtasunez kultura berriro kontsumitzera animatzeko.

Proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko jarduera, ekonomia eta aisia bultzatuko duten jarduerei bultzada emateko diseinatu duen Bizkaia Aurrera programaren barruan sortu da. Lorea Bilbaok azaldu duenez, Aurrera Fest, gure baliabideak kulturaren sektorearen esku jartzeko helburuarekin sortu da. Musika eta arte eszenikoetako artista eta talde guztiek izango dute lekua ekimen honetan.

Andoni Aldekoa Euskaldunako zuzendari nagusiak adierazi duenez, Euskalduna zuzeneko kultura da, eta gure esperientzia eta azpiegiturak mahai gainean jarri gura ditugu. Gure indarrak batu gura ditugu sektore osoari bultzada emateko eta berrindartzen laguntzeko, agintariek horretarako baimena ematen dutenean. Kulturaren sektorea suspertzeko tresnak bideratu gura ditugu.

Izen emateak

Gaurtik ekainaren 17ra arte, taldeek eta konpainiek euren zuzeneko emanaldietarako proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, horretarako eskatzen diren datuak emanda. Ekainaren 22an Euskalduna Jauregiak behin betiko programa jakinaraziko du, eta sarrerak salgai jarriko dira. Aldekoak aurreratu duenez, ziurrenez jaialdia uztailean egingo da, baina erabakiko diren osasun arloko neurrien menpe gaude.

Ekimena, antzerkian, musikan, dantzan… aritzen diren eta eurek ekoiztutako ikuskizunak aktiboak dituzten arte sustatzaileei, konpainiei, profesionalei eta taldeei zabalik dago. Horrez gain, besaulkiak dituen aretoko eszenatokian eman daitezkeen ikuskizunak izan beharko dira, gutxienez 50 minutukoak, atsedenerako aukera barik.

Euskaldunak, bere aldetik, hau jarriko du parte hartuko duten banden eta konpainien esku: oinarrizko ekipo teknikoa; ikus-entzuleak eserlekuetan banatzeko zerbitzua; 3 areto aukeratzeko (Auditoriuma, 0B eta 0E); eta sarrerak saltzeko www.euskalduna.eus plataforma.


Argazkiak