2020(e)ko ekainaren 11(a) 10:30

Azaroan hasiko dira Energy Intelligence Center eraikitzen, eta 19 milioi euroko inbertsioa egingo da

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Lizitazio fasean dago Ezkerraldea-Meatzaldeko teknologia parkearen eta Energy Intelligence Centerren egoitza izango den eraikina eraikitzeko lehiaketa publikoa. Eraikina, energetikoki autosufizientea izango da, fatxadan eta teilatuan instalakuntza fotovoltaiko berria izango duelarik, eta Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiak 19,2 milioi euroko inbertsioa egingo dute.

EIC eraikuntza

Bizkaiko Foru Aldundiak Ezkerraldea-Meatzaldeko teknologia parkeko egoitzaren eraikuntza adjudikatzeko lehiaketa publikoa lizitatu du. Eraikin horretan parkearen bandera-ontzia izango dena egongo da, hain zuzen ere, Energy Intelligence Center delakoa. Proiektu horren helburua, Bizkaia eta Euskadi energiaren alorrean nazioarteko erreferentzia gisa kokatzea da.

Energia sortzeko eredu berriak garatzeko proiektuaren helburuarekin bat eginez, eraikin hau diseinatzean sistema abangoardista bat erabili dute, karbono aztarna murrizteko eta trantsizio energetikoko eredu berrira egokitzeko. Horretarako, instalakuntza fotovoltaiko berria izango du eraikinak, energia berriztagarria erabiliz, 178,72 KW-ko potentzia sortuko duena.

Eraikinak altuera ezberdinetako bi bloke izango ditu, eta azalera erabilgarria 18.932 metro karratukoa izango da. Bertan egongo dira bulegoak, laborategiak eta industria nabe bat. Lizitazioko oinarrizko prezioa 15,9 milioi euro gehi BEZa da, eta Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiak emango dute. Eraikuntza epea 22 hilabetekoa izango da, eta aurreikusitako kronogramaren arabera, obrak azaroan hasiko dira eta 2022ko abuztuan bukatuko dira.

Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, Imanol Pradalesek, adierazi duen moduan, Energy Intelligence Centerrek etorkizuneko energien sektorean nazioarteko erreferentzia-gune gisa kokatuko du Bizkaia. Azpiegitura berri horrekin, oinarriak jartzen ari gara energiaren sektorean proiektu berritzaile eta iraunkorrak garatzeko, sektore hori funtsezkoa delako gure ekonomiaren orainaldian eta etorkizunean.

Era berean, azpimarratu du oso garrantzitsua dela gaur egun bizi dugun krisi garaian inbertsio publikoa ekonomia eta enplegua berraktibatzeko palanka gisa mantentzea, hauxe adierazi duelarik: Laburbilduz, gaur inbertsio eta suspertze ekonomikorako proiektu bat abiarazten dugu, COVIDen ondorio ekonomikoei aurre egiteko, baina baita epe luzera gure lehiakortasuna eta ongizatea irabazteko ere.

Teknologia abangoardista, autosufizientzia energetikoa lortzeko

Eraikin berriaren berezitasun nagusia energetikoki autosufizientea izango dela da. Horretarako, jasangarritasuneko, efizientzia energetikoko eta energia berriztagarria sortzeko teknologia berriena erabiliko da. Eraikinak guztira 178,72 KW izango ditu sistema berritzaile batean integratuta. Horren barne, eguzki energia fotovoltaikoko sistema abangoardista bat egongo da, teilatuan eta fatxadaren estalduran.

Izan ere, instalakuntza horren alderdi erakargarriena fatxada nagusiko silizio amorfozko xaflak dira, lehenengoz begiratzean, beirazko apaindura xaflak diruditenak. Xafla horiek 7 KW-ko potentziadun energia sortzen dute, eta % 50eko argi transmisioarekin, argia xaflen artetik igarotzen da, eta fatxadari sofistikazio teknologikoa eskaintzen dio.

Bere aldetik, teilatuko instalakuntzak azken belaunaldiko efizientzia altuko beira bakarreko fotozelulez osatutako xafla fotovoltaikoen bidez ezartzen dira, gehienezko potentzia 450 KW-koa dutelarik. Horri esker, teilatua hobeto aprobetxatzen da, gehienezko potentzia handiagoa instalatu daitekeelarik beste instalakuntza batzuetan baino espazio txikiagoan.

Xafletan sortutako energia guztia dimentsionatutako azken belaunaldiko inbertsoreen bidez jasotzen da, hala, instalakuntzak beti maila gorenean funtzionatuko duelarik. Modu horretan, ISO 14006 estandarreko ekodiseinuko irizpideekin diseinatutako eraikinaren energia kontsumoa EAEko sektore publikoko jasangarritasun energetikoaren 178/2015 Dekretuan ezarritakoa baino % 25 gutxiagokoa izango da, eta % 50 murriztuko ditu CO2 emisioak, A ziurtagiria jasotzeko eskakizunei dagokienez.

Bulegoak, laborategiak eta industria nabea

Eraikinean, azalera erabilgarriko 18.932 metro karratu egongo dira, eta bi bloke handitan banatuta egongo da, erabilera askotarako diseinatuta egongo direnak.

Energy Intelligence Center eraikinaren erdigunean eta ekialdeko aldean kokatuko da, 7.907 metro karratuko azaleran. Lau solairu izango ditu, bulegoekin, laborategiekin eta industria nabe batekin. Industria naberako sarbidea kanpoko plataforman eta bulegoen eta laborategien eremuan egongo da.

Ezkerraldea - Meatzaldeko teknologia parkearen egoitza eraikinaren mendebaldeko aldean kokatuko da. 5.416 metro karratu izango ditu eta lau solairu, horietan, konferentzia gela, bilera gelak eta alokatu ahal izango diren bulegoak egongo direlarik.

Egoitzak eta EIC-k instalakuntzak partekatuko dituzte, besteak beste, eremu bietara joateko ataria edo eraikinaren sotoetan egongo diren aparkalekuak. Lizitatuko den eraikuntza obran espazio komunak jarriko dira (ataria, pasabideak, aldagelak, komunak, sarbideak, eta abar), eta barnetik antolatu gabe utziko dira laborategiak eta bulegoak, hala, horien banaketa espazio bakoitzaren erabilerara egokituko delarik.

EIC-ri eta Ezkerraldea - Meatzaldeko teknologia parkeari dagokienez

Energiaren sektorea Bizkaiko eta Euskadiko industriaren ezinbesteko zutabea da. Euskadin, sektore horrekin lotuta daude 350 enpresa, horien mundu mailako fakturazioa 47.000 milioi eurokoa delarik; horietatik 15.000 milioi euro Euskadikoak dira eta 12.000 milioi euro Bizkaikoak, BPG-d-ren % 7,5 hain zuzen ere. Energiaren euskal sektoreak mundu mailan 63.000 enplegu sortzen ditu, horietako 21.000 Euskadin sortzen direlarik, eta 13.400 Bizkaian.

Energy Intelligence Center Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren etorkizunerako apustu estrategikoa da, izan ere, helburu nagusia lurraldea energiaren alorrean nazioarteko lehiakortasun puntu gisa kokatzea da, hala, sektorearen lehiakortasuna indartuz eta gure enpresen mundu-mailako ikusgarritasuna sustatuz.

Horretarako, bi ekintza lerro nagusiak, abangoardia teknologiak erabiliz lurraldean trakzio ondorioak izango dituzten proiektu handien garapena sustatzea eta sektorearen eraldaketari ekarpenak egitea dira, etorkizuneko eskakizunetara egokitzeko.

EIC Ezkerraldea - Meatzaldeko trakzio elementua izango da, 4.0. industria eta fabrikazio aurreratua gauzatuko direlarik bertan. Abanto udalerrian kokatuko da Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako parkea, lursailetan eta hirigintzan aurreikusitako inbertsioa 26 milioi eurokoa izango delarik. 505.361 metro karratuko azalera izango du, eta horietatik 241.622 eraikigarriak izango dira.


Argazkiak


Bideoak


Audioak