2020(e)ko ekainaren 08(a) 14:00

Bizkaiko museoak Bilboko itsasadarraren ertzean lehorreratu dira lehen aldiz

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko museoak ezagutzeko paseoa antolatu du Bizkaiko museoekin batera. Erakusketa hau herritarrentzat gonbidapen bat da museoen aniztasuna ezagutu dezaten eta bisitatzera animatu daitezen. Erakusketa Bilboko Uribitarteko pasealekuan izango da uztailaren 8ra arte.

Lorea Bilbao erakusketan

Bizkaiko 32 museoren bildumetan dauden piezarik adierazgarrienak bidera irtengo zaizkie, astelehenetik aurrera, Bilboko Uribitarteko pasealekuan dabiltzanei. Bizkaiko Foru Aldundiak zenbait totem eskerga atondu ditu, museo bakoitzak aukeratutako pieza batekin. Honela, foru-erakundeak Lurraldeko museoen aberastasuna hurreratu nahi die herritarrei, eta, aldi berean, jendea animatu hogeita hamarretik gora museoek jagoten dituzten altxorrak toki hauetan bisitatzera: Abanto-Zierbena, Bakio, Balmaseda, Berango, Bermeo, Bilbo, Dima, Durango, Galdames, Gernika, Getxo, Karrantza, Mañaria, Muskiz, Orozko, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sopuerta eta Ziortza-Bolibar.

Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Lorea Bilbaok kale-erakusketa ibili du, zentroetako batzuen arduradunak lagun, eta Bizkaiko museo bakoitzaren piezarik adierazgarriak ikusi ahal izan ditu bertan: Lurraldeko museoetan dauden hogeita hamar «bitxi» baino gehiago. Museo bakoitzaren arduradunek, erakusketarako aukeratutako pieza erakutsi ondoren, herritarrak gonbidatu dituzte eurek ordezkatzen duten museora gerturatzera, hurbiletik ezagutu ahal izan dezaten barruan daukatena, esperientzia horrek bisita gehiago egitera bultzatuko dituelakoan.

Museoek ekainaren lehen hamabostaldian irekiko dizkiete ateak berriro bisitariei, eta Aldundiak bultzada bat eman nahi die, handienak zein txikienak ikusgai eginez.

Bizkaiko Foru Aldundiak esker ona erakutsi nahi die parte hartu duten museo guztiei, proiektu hau posible egiteagatik.

Hona hemen Bizkaiko Museoen Pasealekuan ikusgai dauden piezak (pieza bakoitzari buruzko informazio gehiagorako, bisitatu www.museoeneguna.eus):

  • Antzasti Euskaldunon Etxea: XX. mende hasierako gazazko soinekoa
  • Bizkaia-Arkeologi Museoa: Berreagako hilarria
  • Arrantzaleen Museoa: Bermeoko batzokiko murala (José María Ucelay)
  • Athletic Club Museoa: Koroazioaren Kopa
  • Loizaga Dorrea: Allen Runabout auto motorduna
  • Balmasedako Historiaren Museoa: Balmasedako hiribilduko errege-pribilegio guztien kopia-liburua
  • Balmasedako Pasio Bizidunaren Interpretazio Zentroa: Ama Birjina eta Magdalena
  • Bilboko Arte Ederren Museoa: Emakume eserita haurra besoetan duela (Mary Cassatt)
  • Bilboko Berreginen Museoa: Bernayko altxorraren eszifoak
  • Pasoen Museoa
  • Bizkaia Zubia
  • Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa
  • Dolomiten Antzinako Fabrikaren Museoa: Polea-sistema erraldoia.
  • Durangoko Arte eta Historia Museoa: Durangoren maketa
  • El Pobal burdinola: Gabia.
  • Eleiz Museoa Kutxa
  • Enkarterriko Museoa: Otoitz-irudia (Antonio de Urrutia)
  • Euskal Herria Museoa: Aretx Malatua (Mamerto Seguí)
  • Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa: Jardinera-bagoia MMPV 609
  • Euskal Museoa: Santiago apostoluaren burua.
  • Euskararen Interpretazio Zentroa: Euskararen misterioa
  • Gernikako Bakearen Museoa: Gudari uniformea
  • Guggenheim-Bilbao Museoa: Denboraren Materia (Richard Serra).
  • Hontza Museoa: Japoniako armiarma-karramarro erraldoia
  • Itsasmuseum Bilbao: Karola garabia.
  • La Encartada Fabrika-Museoa: Iruteko selfaktina-makina
  • Orozko Museoa: Bizimodu tradizionala.
  • Plasentia de Butrón Museoa: Príncipe de Asturias ontziaren maketa.
  • Rialia Industria Museoa: Laborategia (Ceferino Olivé)
  • Santurtzi Itsasoa Interpretazio Zentroa: Enkante-mahaia.
  • Agurtza Arrantza Teknikaren Interpretazio Zentroa: Agurtza atunontzia.
  • Simón Bolívar Museoa: Simón Bolívarren bustoa
  • Txakolin Museoa-Txakolingunea: Bakioko Luzarraga baserriko dolarea

Argazkiak


Bideoak


Audioak