2020(e)ko ekainaren 08(a) 09:13

Autonomoentzako Bizkaia aurrera! mikrokredituak ekainaren 15etik aurrera eskatu ahal izango dira

Ekonomia Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak 5 milioi euro bideratuko ditu autonomoei COVID-19 ostean jarduera berreskuratzen laguntzeko. Horretarako, 7.500 euro arteko mikrokredituak emango ditu, baldintza onuragarrietan. Neurri horren barruan sartuko dira langileen gastuak, lokalaren alokairua eta segurtasun nahiz higienerako egokitzapenaren ziozko gastuak.

Bizkaia aurrera!

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Aurrera! Plana dauka, lurraldearen berpizkunde ekonomikoa bizkortzeko. Plan horrek martxan jarraitzen du eta, ekainaren 15etik aurretik, autonomoentzako mikrokredituak eskatzeko epea irekiko du. Foru-erakundeak 5 milioi euro jarriko ditu autonomoen esku, baldin eta COVID-19k eragindako osasun-krisiaren ondoren beren negozioak eta lanpostuak mantentzeko halakorik behar badute eta eskari egokia egiten badute.

Pertsona autonomoak, ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak izango dira mikrokredituaren hartzaileak, gehienez ere 5 enplegu badituzte eta zerga-helbidea Bizkaian badute. Eta, finantzatu ahal izango diren gastuak honako hauek izango dira: negozio-lokalaren alokairua, langileen gastuak, eta lokaletan segurtasun-neurriak hartzeko gastuak, besteak beste espazioak egokitu, manparak jarri edo makina desinfektatzaileak erosteko egiten direnak.

Lehia askearen araubidean emango dira laguntzak:

  • Mikrokredituaren zenbatekoa finantzatu daitezkeen gastuen % 100ekoa izango da; hala ere, pertsona edo erakunde onuradun bakoitzeko 7.500 euroko muga jarriko da.
  • Zordundutako mikrokredituaren zenbatekoak ez du interesik sortuko; maileguaren bizi osoan zehar aplikatu ahalko den tasa urtean % 0,00 nominala izango da (UTB % 0,00).
  • Mikrokreditua guztira 5 urteko eperako emango da.
  • Mikrokredituaren amortizazioan urtebeteko gabealdia ezarriko da.

Eskabideak aurkezteko epea 2020ko ekainaren 15ean (astelehena) hasiko da, eta irailaren 15ean amaitu.

Bizkaia Aurrera! neurriak

Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa eta pertsona ekintzaileei diru-laguntzak eta laguntzak emateko hainbat neurri ditu martxan.

  • Enpresentzako mikrokredituak: Seed Capital Bizkaia Mikro-ren bidez, foru-erakundeak guztira 10 milioi euroko zenbatekoa jarriko du Bizkaiko enpresa-sarearen esku, 7.500 euro arteko maileguak emateko, baldintza onuragarrietan. Neurri horrekin, COVID-19ren eraginaren ostean enpresen merkataritza, ekoizpena eta antolaketa suspertzearekin lotutako gastuak ordaintzen lagundu nahi da.

    Gehienez ere 5 urteko antzinatasuna duten eremu teknologikoko startup-ei eta gehienez ere 5 pertsona arteko enpresa txikiei zuzendutako maileguak dira, eta guztiek eduki beharko dute zerga-helbidea Bizkaian. Interesik gabe (UTB % 0), komisiorik gabe, bermerik gabe eta abalik gabe emango dira, gehienez ere 5 urteko amortizazio-epearekin, urtebeteko gabealdia ezarrita. Informazio gehiagorako: www.seedcapitalbizkaiamikro.org

  • Suspertze Adimentsua programa: Programa berri honek 4 milioi euroko foru-inbertsioa du laguntza zuzenetarako. 5 eta 100 langile bitarteko enpresei ematen zaie, baldin eta beren jarduera nagusia industriaren, eraikuntzaren, garraioaren, industriarekin lotutako zerbitzuen, turismoaren eta handizkako merkataritzaren sektoreetan sartzen bada.

    Diruz lagun daitezkeen proiektuen artean sartu ahalko dira, besteak beste, enpresaren jarduerarekin lotutako salmentak suspertzeko ekintzak (merkataritza-jarduera indartzeko, nazioarteko eskaintzak antzeman/erakartzeko, marketineko eta marketin digitaleko jarduera berriak sustatzeko…ekintzak), produktu eta zerbitzuak merkatu berrietarantz berrorientatzeko ekintzak, eta lankidetzaren bidez merkatu zabalagoetara sartzeko aliantzak (baita ABEE eta partzuergoak eratzen direnean ere, merkaturatze-helburuetarako).

    Eskabideak aurkezteko epea zabalik dago. Informazio gehiagorako: https://bit.ly/2XEOU8C


Argazkiak