2020(e)ko ekainaren 07(a) 10:00

Foru museoek eta aretoek ekainaren 9an irekiko dituzte ateak

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Gune seguru gisa irekiko dute berriz, bidezkoak diren osasun-segurtasuneko neurriak betez. Edukierak ere espazio bakoitzaren errealitatera egokitu dira, uneoro publikoaren segurtasuna bermatzeko. Eskuak garbitzeko neurri ezagunez gain, eta ondore horretarako espazio guztiek gelak izango dituzte jendearen eskura, beste neurri berezi batzuk ere hartu dira, hala nola maskara eramatea derrigorrezkoa izatea, gailu interaktiboak eta botoidun elementuak desgaitzea, ibilbideak egokitzea eta seinaleak sendotzea. Foru museo guztietan ohiko ordutegian irekiko dira ateak eta Rekalde eta Ondare aretoetan 11:00etatik 18:30etara.

Bizkaiko Foru Aldundiko museo eta aretoak ekainaren 9an irekiko dituzte, osasun segurtasun neurri zorrotzak hartuta. Zentro horien ezaugarri berezien ondorioz -horietako asko espazio berezietan kokatuta daude eta bisitaren kalitatea eta edukia gailentzen dira- ahalegin gehigarria egin behar izan da espazioak egokitzeko eta ohiko moduan eskaintzen ziren jarduerak aldatzeko.

Instalazioak hauek dira: Ondare Aretoa, Rekalde Aretoa, Euskal Herria Museoa Gernikan, Arkeologi Museoa, Arrantzaleen Museoa Bermeon, El Pobal burdinola Muskizen, La Encartada Fabrika-Museoa Balmasedan, Bakioko Txakolingunea eta Euskararen Etxea.

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen kokagune historikoei dagokienez, Santimamiñeko koba eta Muñatones gaztelua, egun berean, ekainaren 9an, irekiko dira berriro. Foru museoak eta kokaguneak irekitzeko ordutegia ohikoa izango da, Rekalde eta Ondare Aretoen kasuan izan ezik, horiek ordutegi jarraituan irekiko baitira, 11:00etatik 18:30etara.

Bizkaiko Foru Aldundiak foru museoetarako prestatu duen irekiera-planak honako higiene- eta prebentzio-neurri hauek jasotzen ditu:

  • Jendearentzako informazio- eta arreta-mahaiak dituzten aretoek babes-elementu edo -oztopo fisiko bat izango dute. Museo guztiek hidrogelak, alfonbra desinfektatzaileak eta edukiontzi birologikoak izango dituzte. Gainera, garbiketa indartuko da, ukitu daitezkeen tokietan eraginez, hau da, baranda eta abarretan.
  • Panelak jarri dira jendearentzako arau eta gomendio espezifikoak adierazita: eskuak garbitzea sartzean, bisitan zehar eta bisita amaitzen denean. Maskara nahitaez erabili behar da, eta bi metroko distantzia mantendu behar da.
  • Aretoen edukiera mugatuko da eta bisita-taldeak murriztuko dira.
  • Eskudirutan egin beharreko ordainketak ahalik eta gehien mugatzea.
  • Ibilbideak egokitu dira eta seinaleak indartu dira.

Horrela, Bizkaia gune kulturalak gune seguruak eta aldi berean herritarren gozamenerako lekuak izateko prestatzen ari da, kalitatezko zerbitzua eskainiz.

Jarduerari dagokionez, tailer guztiak irailera arte eteten badira ere, beste jarduera batzuk egin ahal izango dira, adibidez bisita gidatuak edo erakustaldi mota desberdinak, nahiz eta horiek ohi baino talde txikiagoetan egingo diren. Zentroetako teknikariek COVID 19aren prebentzio-neurriei buruzko prestakuntza jaso dute, egoera honi aurre egiten jakiteko.