2020(e)ko ekainaren 03(a) 09:32

Aldundiak itsasadar azpiko tunelaren eraikuntza proiektua adjudikatu du

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak aurrerapauso berri bat eman du itsasadar azpiko tunela eraikitzeko; tunel hori Arrontegiko zubiaren eraikuntza alternatiboa izango da, eta Bizkaiko saihesbide metropolitar handia osatuko du. Itsasadar azpiko tunelaren egikaritze etapak betetzen ari dira, eta orain, tunelaren xehetasun eta egikaritze prozesu guztia definituko duen ingeniaritza lana egiteko kontratua adjudikatu da. Lan horretarako, 8,9 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta 2023an bukatuko dute proiektua. Eskaintza onena Bizkaiko hiru ingeniaritza enpresek osatutako ABEEak aurkeztu du, hain zuzen ere, Idom, Sener eta Euskontrolek osatutako ABEEak.

Tunela

Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadar azpiko tunela eraikitzeko proiektua idazteko eskaintzak aurkezteko epea itxi du. Eraikuntza proiektua ingeniaritza lana da, eta lan horretan, xehetasunez definituko dira tunela eraikitzeko ezinbestekoak diren alderdi tekniko hauek: ezaugarriak, trazadura zehatza, multimodalitatea, eraikuntza metodoa edo gaur egungo edukiera altuko sarearekin itsasadarraren alde bietan egongo diren loturak.

Horretarako, eraikuntza proiektua egikaritzean, beste lan batzuen artean, gaur egunera arte gauzatutako zundaketa geologiko eta geoteknikoak baino zundaketa zehatzagoak egin beharko dira, tunelak martxan jartzean edukiera altuko sarearen trafikoetan izango duen inpaktuari buruzko azterketa berriak egin beharko dira edo azpiegitura hiru dimentsioetan modelizatu beharko da, eta horrela, biki digital bat izango du proiektuak, eraikuntza eta mantentzea optimizatzeko hain zuzen ere.

Lizitazio honetan eskaintzak aurkezteko epea urtarrilean hasi zen, eta aurkeztu diren eskaintza guztien artean, balorazio onena izan duena Bizkaiko Idom, Sener eta Euskontrol ingeniaritza enpresek osatutako ABEEak jaso du. Eskaintza horrek lizitazio prezioa % 15,1 hobetzen du, eta hala, 10,5 milioi eurotik 8,9 milioi eurora jaitsi dute zenbatekoa. Horrenbestez, aldundiak kontratu hau egikaritzeko aurreikusitako zenbatekoan 1,6 milioi euroko aurrezpena egongo da.

Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak, Imanol Pradalesek, jakinarazi du tunelaren eraikuntza proiektua 33 hilabetetan bukatuta egon beharko litzatekeela, eta beraz, aldundiak aurreikusitako kronogramako epeak mantentzen dira, eta horien arabera, itsasadar azpiko tunela martxan egongo da 2028an. Foru diputatuak hauxe esan du: Gaurko urratsarekin, etorkizun hobe bat eraikiko dugu Bizkaiarentzat. Oso garrantzitsua da proiektu estrategikoekin aurrera jarraitzea, eta nahiz eta COVID-aren arazoa egon, oso garrantzitsua da aurrerapausoak ematen jarraitzea. Horregatik, gaur, beste urrats bat eman dugu itsasadarraren azpiko tunelaren alde. Tunel hori ezinbestekoa izango da Arrontegiko zubiari beste irtenbide bat emateko, eta horrenbestez, itsasadarraren bi aldeen arteko lotura hobetuko da eta Bizkaiko mugikortasuna erabat aldatuko da.

Pradalesek, gainera, adierazi du oso garrantzitsua dela aldundiak egingo duen inbertsioa, izan ere Ekonomia eta enplegu krisi bati aurre egin behar diogu, eta horretarako, administrazioak inbertsio publikoa erabili behar du palanka gisa, krisi ekonomikoari aurre egiteko eta lehiakortasuna irabazteko. Horri dagokionez, hauxe azpimarratu du: Itsasadarraren azpiko tunelaren bezalako proiektu estrategiko batek enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzen ditu, eta gogorarazi du eraikuntza sektoreak Bizkaiko 28.000 biztanle baino gehiagori lana ematen diela, eta lurraldeko BPGd-ren % 6 osatzen duela.

Itsasadar azpiko tunela aukera onena da Arrontegiko zubiaren ordezko irtenbide faltaren arazoa konpontzeko, izan ere, zubi horretatik 140.000 ibilgailu igarotzen dira egunero, eta zenbait unetan 165.000 ibilgailu pasatzen dira A-8 errepidearen, Avanzada errepidearen eta Txorierriko igarobidearen arteko igarotzeetan. Itsasadarrean sareak falta direnez, Arrontegiko eta inguruko zaurgarritasuna altua da, eta itsasadarraren ezkerreko aldearen eta eskuineko aldearen artean igarotzeko ibilbide osagarriak egin behar izaten dira.

Hauek dira itsasadar azpiko tunelaren eraikuntza proiektuan gauzatu beharreko alderdi garrantzitsuenak.

Trazadura eta eraikuntza metodoa

Eraikuntza proiektuan, zehaztasunez adierazi beharko dira tunelaren dimentsioak eta trazadura. Orain arte egindako lanetan, ibilbide egokiena definitu dute irizpide teknikoetan oinarrituz, besteak beste hauek: sakontasuna, haitz asko egotea eta lurzoru, lursail ase eta ur gutxi egotea. Ibilbide horrek Artatza eta Ballontiko biribilguneak batzen ditu 3.037 metroko luzeran, eta hala, Benedikta dartsena azpiko pasabidea saihesten da.

Beharrezko zehaztasuna lortzeko, eraikuntza proiektuaren barne azterketa topografiko, geologiko eta geotekniko berriak egingo dira, eta horrela, tunela eraikiko den lurrazpiko eremua zehaztasun gehiagoz ezagutuko dute. Horretarako, sateliteko irudiak tratatzeko teknologiak eta H/V metodo sismikoak erabiliko dituzte, edo zundaketa berriak egingo dituzte itsasadarrean, pontoi bat erabiliz.

Era berean, lursaila zehaztasunez ezagutuz, azpiegiturarentzako eraikuntza metodo egokiena zein den definituko dute. Aurretiazko azterketek zehaztu dute ibilbidean ohiko metodoa, tunelatzailea edo cut and cover kutxa sistema erabili daitezkeela. Metodo bat edo bestea erabiliko den erabakitzeko, irizpide teknikoak aplikatuko dira, eta erabaki horrek zuzeneko eragina izango du eraikuntzarako inbertsioan; ohiko metodoan 337 milioi euro beharko dira, tunelatzailea erabiltzean 367 milioi euro, eta kutxa sistema aplikatzean aldiz, 403 milioi euro.

Itsasadarreko alde biak lotzea

Itsasadar azpiko tunelak lotura izango du Ballonti eta Artatza biribilguneetako edukiera altuko sarearekin, eta gainera, irteteko adar propioak egongo dira trafiko eskari handiena duten mugimenduentzat, eta hala, ibilgailu horiek biribilgunean sartzea ekidingo da. Artatzan, adar horiek tunelen bitartez eraikiko dira, Zugazarterantz, Uribe Kostarantz eta Avanzada errepiderantz joango direlarik.

Eraikuntza proiektuak zehaztasunez definitu beharko du lokailuak nolakoak izango diren, hirigintza eraginak gutxituz eta trafikoen jariakortasuna eta segurtasuna optimizatuz. Horretarako, trafiko azterketa berriak egingo dira, tunela martxan jartzearen ondorioak simulatuz eta gaur egungo datuak orain arte egindako azterketetako datuekin eguneratuz; datu horien arabera, tuneletik egunero batez beste 51.000 ibilgailu igaroko dira, eta Avanzada errepidetik 14.000 ibilgailu aterako dira, Barakaldoko A-8 errepidetik 18.000 ibilgailu, eta Arrontegiko zubitik aldiz, 35.000 ibilgailu.

Multimodalitatea

Eraikuntza proiektuan definitu egin beharko da tunela nola izango den multimodala, izan ere, aldundiak, azpiegitura hori aprobetxatu nahi du bestelako garraiobideentzat, bakarrik ibilgailu pribatuek erabili ez dezaten hain zuzen ere. Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, aurreratu zuen moduan, helburua tunelari potentzial gehiena ematea da, baita inbertsioa eta bizkaitarrentzako onurak maximizatzea ere. Horretarako, aukera onena zein den aztertuko da, ikuspuntu soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa kontuan hartuz.

Digitalizazioa, BIM modelizazioaren bitartez

Aldundiak eraikuntza proiektua idazteko zenbait baldintza ezarri zituen, eta horien artean dago mota honetako azpiegituretan adituak diren nazioarteko talde bat sortzea, horiek guztiek lankidetzan jardungo dutelarik hainbat alorretan, besteak beste trafikoa, tunelak, eraikuntza metodoak, tuneletako segurtasuna, lurzoru bigunetan eraikitako tunelak eta multimodalitatea.BIM metodologia erabiliz. Modu horretan, digitalki simulatuko da tunelaren eraikuntza, etorkizunean eraikuntza errealean lursailean gauzatuko diren pauso guztiak aurreratuz.


Argazkiak


Bideoak


Audioak