2020(e)ko maiatzaren 30(a) 10:00

Bizkaiko museoak ekainaren lehenengo hamabostaldian irekiko dira, osasun arloko segurtasun-neurri guztiekin

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Museoak eta aretoak espazio seguruak izango dira, eta osasun-segurtasunaren arloan ezarritako neurri guztiak beteko dituzte. Edukiera ere espazio bakoitzaren errealitateari egokitu zaio, jendearen segurtasuna une oro bermatuta egon dadin. Jada ezagun zaizkigun neurriak hartuko dira, besteak beste, eskuak garbitzea; horretarako, gelak jarriko dira jendearen eskura. Gainera, beste neurri berezi batzuk ere hartu dira: maskara nahitaez erabili beharko da, interaktiboak eta botoiak erabili ezinik utzi dira, ibilbideak egokitu dira eta seinale gehiago jarri dira. Aldundiaren museo- eta areto-sarea eta Euskararen Etxea ekainaren 9an irekiko dira, eta, egun horretatik aurrera, aurretiazko hitzordua hartu ahal izango da Santimamiñera eta Muñatones gaztelura joateko.

Bizkaiko museoak ekainaren lehenengo hamabostaldian irekiko dira, osasun arloko segurtasun-neurri zorrotzekin. Zentro horiek ezaugarri bereziak dituzte, eta asko espazio berezietan daude; horietan, kalitatea eta bisitaren edukia lehenesten dira, eta ahalegin handiagoa egin behar izan da espazioak egokitzeko eta eskaini izan diren jardueretan aldaketak egiteko. Zentroei zeregin horretan laguntzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak zentroak berriro irekitzeko plan bat egin du. Plan horretan, Bizkaiko kultura-ondarearekin lotutako 36 museok eta zentrok egindako ekarpenak jaso dira, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren oniritzia jaso du. Neurrien plan hori Bizkaiko museo guztiekin partekatu da, azpiegitura bakoitzean egin beharreko egokitze-lanak errazteko eta, bakoitzaren berezitasunak kontuan harturik, segurtasun-protokolo bat idazteko.

Beraz, Bizkaia prestaketak egiten ari da kultura-espazioak espazio seguruak izan daitezen, eta, era berean, herritarrek gozatzeko lekuak, kalitatezko zerbitzua eskainita. Museoetan neurri hauek hartuko dira, besteak beste: Pertsonen artean bi metroko distantzia mantenduko da, espazioak sarritan garbituko dira, ahalik eta gehien mugatuko da ordainketak eskudirutan egitea, maskara nahitaez erabili beharko da, eta debekatuta egongo da kutsatzea eragin dezaketen azalerak ukitzea (barandak, heldulekuak, eskudelak, botoiak, ukipen-pantailak eta antzekoak). Ibilbideak egokitu dira, eta seinale gehiago jarri dira. Gainera, espazio gehienetan mantendu egin da jendaurreko zerbitzua.

Jardueren arloan, irailera arte eten dira tailer guztiak; hala ere, beste jarduera batzuk egin ahal izango dira, besteak beste, bisitaldi gidatuak edo erakustaldiak, nahiz eta ohi baino talde txikiagoetan egingo diren. Zentroetako teknikariek COVID-19aren prebentzio-neurriei buruzko prestakuntza jaso dute, egoera honi aurre egin ahal izateko.

Horiek dira museoek ateak irekitzeko ezarri behar izango dituzten neurrietako batzuk. Aldundiaren museo- eta areto-sarea prest dago ekainaren 9an ateak irekitzeko. Hauek dira Aldundiaren instalazioak: Ondare Aretoa, Rekalde Aretoa, Euskal Herria Museoa (Gernika), Arkeologi Museoa, Arrantzaleen Museoa (Bermeo), El Pobaleko Burdinola (Muskiz), La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda), Txakolingunea (Bakio) eta Euskararen Etxea.

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen enklabe historikoak, Santimamiñeko koba eta Muñatones gaztelua, ekainaren 9an irekiko dira, eta aurretiazko hitzorduarekin bisitatu ahal izango dira.

Lurraldeko gainerako museoak ekainaren 1etik 16ra bitartean irekiko dira.

Bizkaiko museoak irekitzeko ezarri den egutegia:

  • Ekainak 1: Guggenheim Bilbao Museoa, Arte Ederren Museoa (Bilbo), Hontza Museoa, Antzasti Euskaldunon Etxea, Bizkaia Zubia, Gernikako Bakearen Museoa, Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa eta Agurtza Arrantza teknikaren Interpretazio zentroa.
  • Ekainak 2: Itsasmuseum Bilbao, Enkarterrietako Museoa, Eleiz Museoa, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa eta Durangoko Arte eta Historia Museoa, Orozkoko Museoa eta Simon Bolivar Museoa.
  • Ekainak 3: Euskal Museoa eta Bilboko Artelan Berreginen Museoa.
  • Ekainak 6: Dolomitas Museoa eta Athletic Club Museoak ere zabalduko ditu ateak printzipioz asteburuetan bakarrik.
  • Ekainak 7: Automobil Zahar eta Klasikoen Museoa (Torre Loizaga).
  • Ekainak 9: Aldundiaren museo- eta areto-sarea, Santimamiñe eta Muñatones Gaztelua. Eta Bilboko Aste Santuko Pasoen Museoa.
  • Ekainak 11: Balmasedako Historiaren Museoa eta Balmasedako Pasio Bizidunaren Museoa.
  • Ekainak 13: Butroiko Plazentia Museoa.
  • Ekainak 15: Industriaren Museoa.

Euskal Abertzaletasunaren Museoa eta Medikuntza Historiaren Euskal Museoa itxita egongo dira.