2020(e)ko maiatzaren 29(a) 12:27

Aldundiak suspertze ekonomiko adimenduna sustatzeko zuzeneko laguntzen programa aktibatuko du ekainaren 1ean

Ekonomia Sustatzeko Saila

Lau milioi euroko zuzkidurarekin, 5 eta 100 langile arteko plantilla duten eta jarduera suspertzeko proiektuak garatzen dituzten enpresei zuzenduta dago. Suspertze ekonomiko adimenduna sustatzeko programa Bizkaia Aurrera! ekonomia suspertzeko premiazko planean jasotako neurri berezietako bat da.

Suspertze ekonomiko adimenduna sustatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren programan proiektuak aurkeztu nahi dituzten enpresek horretarako aukera izango dute ekainaren 1etik aurrera. Programa berri hori, zuzeneko laguntzetarako 4 milioi euroko inbertsioa izan duena, Bizkaia Aurrera! ekonomia suspertzeko planean sartuta dago, eta 5 eta 100 langile arteko plantilla duten industriarekin lotutako sektoreetako enpresei zuzenduta dago.

Une honetan, beharrezkoa da enpresek beren jarduera suspertzera ahaleginak bideratzea, merkataritza-orientazio argia duten epe laburreko ekintzen ikuspegitik. Horregatik, Ekonomia Sustatzeko sailak abian jarri du programa berri hau, lurraldeko enpresei azkarrago suspertzen laguntzeko, azaldu du Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko zuzendari nagusiak. Joseba Mariezkurrenak enpresak tresna hau erabiltzera animatu ditu, Covid-19aren ondorioz sortutako egoeraren ostean jarduera suspertzeko proiektuak egiteko. Programa honek are bultzada handiagoa emango die Bizkaiko enpresen jarduera eredu berrietara modu adimentsuan bideratzen laguntzen duten proiektuei, eredu horiek funtsezkoak izango baitira enpresen lehiakortasunerako eta gure gizarteen iraunkortasunerako. Horrela, bada, digitaliazioarekin, ekonomia zirkularrarekin eta ingurumen-inpaktuaren murrizketarekin uztartzen diren proiektuek babes handiagoa dute dirulaguntzen programa honetan, baieztatu du Mariezkurrenak.

Dekretua zuzentzen zaie jarduera nagusitzat hauetariko bat duten enpresei: industria, eraikuntza, garraioak, industriari, turismoari eta handizkako merkataritzari lotutako zerbitzuak. Diruz lagundu daitezkeen proiektuek, besteak beste, ekintza hauek izan ditzakete:

  1. Enpresaren egungo jarduerari (tradizionalari) lotutako salmentak suspertzea, epe laburreko emaitzekin. Besteak beste, merkataritza-jarduera indartzera, nazioarteko eskaintzak detektatzera/atzematera eta marketineko eta marketin digitaleko jarduera berriak sustatzera bideratutako ekintzak izan daitezke.
  2. Enpresaren egungo produktuak eta zerbitzuak merkatu berrietara bideratzea.
  3. Merkatu zabalagoetan lankidetzan jardunez sartzeko aliantzak, merkaturatzeko ABEEak eta partzuergoak eratzekoak barne.
  4. Enpresen bat-egitea edo eskurapena, enpresen merkataritza- eta ekoizpen- eraginkortasuna hobetzeko.

Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 1ean hasiko da, eta 2020ko irailaren 30ean amaituko da. Informazio gehiago: https://bit.ly/2XDnQp6