2020(e)ko maiatzaren 28(a) 11:55

Ekainaren 2an irekiko ditu berriro Foru Aldundiak Armañon, Urkiola eta Gorbeiako parketxeak, araututako bisita gidatuak eginez

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Bisitak doan eskainiko dira eta ordubete eta erdi inguruko iraupena izango dute. Taldea osatzeko gutxieneko kopurua sei pertsona izango dira eta gehieneko kopurua ibilbidea egiten den egunaren deseskalatze-prozesuko fasearen araberakoa izango da (une honetan 12 pertsona). Autogidatutako bisitetan, ibilbideaz gain, gimkana bat edo geolokalizazio-jarduera bat egiteko aukera ere badago. Parke naturalen interpretazio-zentroen barruko erakusketa iraunkorra ere bisitatu ahal izango da, baina zentro horietara iristeko zenbait segurtasun-neurri hartu beharko dira, hala nola bi metroko distantzia gorde gainerako erabiltzaileekiko. Aisialdirako guneak ere martxan daude Bizkaia osoan.

Bizkaiko Foru Aldundiak Armañon, Gorbeia eta Urkiolako parketxeak irekiko ditu datorren asteartean, ekainak 2. Gure lurraldeko parke naturaletako interpretazio-zentro horiek berriro emango dute zerbitzua, COVID-19aren aurrerapena geldiarazteko ezarritako segurtasun-neurrietara egokituta, eta bisita gidatu eta autogidatuak eskainiko dituzte, aldez aurretik erreserba eginez.

Bisita gidatuak doan eskaintzen dira eta bertan ingurumen-hezitzaile batek parte hartuko du, gutxi gorabehera ordu eta erdiko ibilbidea zuzenduko duena. Taldeko kideen gutxieneko kopurua 6 pertsonakoa izango da, eta deseskalatze-prozesuaren 2. fase honetan, 12 pertsonakoa izango da gehieneko kopurua. Faseekin aurrera egin ahala, talde bakoitzean baimendutako parte-hartzaile kopurua handitzen joatea aurreikusten da. Talde horiek, gainera, banatu egingo dira, ekipamenduen barruan eta kanpoan txandaka jarduerak egin ahal izan ditzaten.

Parketxe guztietan bi irteera antolatuko dira astelehenetik ostiralera, jende guztiari zuzenduta; irteera bat larunbatetan familientzat eta bestea igandeetan, helduentzat. Jarduera horiek euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira. Bisitak Armañonen egingo dira, parketxearen ingurutik Zojako begiratokira iritsi arte; Gorbeian, Saldropo ingurutik eta Otzarretako pagaditik igaroko dira lanegunetan eta larunbatetan, eta Larreder ingurutik, igandetan; eta Urkiolan Saibitik (astegunetan eta igandeetan), ibilbide zirkular bat eginez, aparkalekutik santutegira, Aldazitalako aisialdirako gunea bisitatuz, aste barruan eta larunbatetan. Bisita gidatu horietaz gozatzeko, aldez aurretik izena eman behar da posta elektroniko mezu bat bidaliz edo telefonoz parketxeetara deituz.

Autogidatutako bisiten kasuan, parte-hartzaileei dokumentu bat emango zaie, jarduerari, jarraitu beharreko ibilbideari eta interesguneei buruzko informazioarekin, eta ibilbidea egiteko unean dugun deseskalatze-fasearen arabera hartu beharreko segurtasun-neurriekin. Familiek parketxe bakoitzean gimkana autogidatu bat egin ahal izango dute, baita geolokalizazio-jarduera bat ere, eta parke naturalaren barruko interesgune bati dagozkion koordenatu zehatz batzuk bilatu beharko dituzte, azalpen labur batekin.

Jarduera horiez gain, Bizkaiko parke naturaletako interpretazio-zentro horien ohiko eskaintza osatzen duen erakusketa iraunkorra bisitatu ahal izango da, nahiz eta ekipamendu horietara sartzeko beharrezko segurtasun-neurriak ezarri diren, hala nola instalazio horietara hurbiltzen direnen artean bi metroko distantzia edo tartea mantentzea eta, beraz, bisitari-kopuruari dagokionez mugak ezartzea, bisita egiteko maskara erabiltzeko gomendioa edo zentroan eskuz ukitu beharreko interpretazio-baliabidek prezintatzea, besteak beste

Aisialdirako guneak

Bestalde, Bizkaiko aisialdirako guneak ere erabiltzeko moduan daude, irekita, osasun-agintariek espazio publiko irekiak erabiltzeko unean-unean ezarritako neurriak kontuan hartuta. 2. fase honetan, adibidez, bi metroko segurtasun-distantzia mantendu beharko litzateke, eta taldeak ezin izango lirateke 15 pertsonatik gorakoak izan.