2020(e)ko maiatzaren 26(a) 13:50

Bizkaiak pandemiaren fase honetan gizarte-zerbitzuetako egoitza-zentroetako bisitak arautzen ditu

Gizarte Ekintzako Saila

Bizkaiko Aldizkari Ofizialak asteazken honetan argitaratuko du gure lurraldean baimenduta dauden adinekoen, ezintasunen bat duten pertsonen, buruko gaixotasunen bat duten pertsonen eta babesgabetasun-egoeran dauden adingabeen egoitza-zentroetarako bisitak arautzen dituen foru agindua. Indarrean jarraituko du Covid-19aren pandemiak eragindako osasun-krisiaren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean. Bisitak egiteko baimena Lehendakariaren maiatzaren 24ko 12/2020 Dekretuak zehazten duen moduan eta osasun-agintariek ezarritako irizpideen arabera egiten da.

Bizkaiko Foru Aldundiak foru agindu bat onetsi du, asteazken honetan indarrean jarriko dena. Foru agindu horren bidez, mendekotasun egoeran dauden adinekoen, desgaitasunen bat duten pertsonen, buruko gaixotasunen bat duten pertsonen eta babesgabetasun-egoeran dauden adingabeen egoitza-zentroetarako senitartekoek eta/edo hurbilekoek egin beharreko bisitak arautzen dira, bisita horiek ezohiko moduan eten baitziren Covid-19k eragindako osasun-krisiaren ondorioz.. Aurretik Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Gizarte Ekintzako diputatuaren esku utzi du hartutako neurriak jasotzen dituen foru agindua emateko ahalmena.

Aldundiak uste du bisitak funtsezkoak direla egoitzetako egoiliarren ongizate emozionalerako. Familiarekin edo hurbilen dauden pertsonekin harremanetan jartzea edozein zentrotan bizi diren pertsonen eskubidea eta beharrizana da. Gainera, birusaren transmisioa prebenitzeko hartutako neurrien ondorioz, adineko eta/edo desgaitasuna duten pertsonen eta haien hurbilekoen sufrimendua eta narriadura psikologikoa prebenitzeko neurri bat da. Ildo horretan, pandemiari eusteak bilakaera positiboa izan duela eta eremu guztietan deseskalada orokor bat hasi dela kontuan hartuta, foru-erakundeak bisiten arauketa berria onartu du, errealitate berriarekin bat hobeto datorrena, betiere, Covid-19aren hedapena saihesteko beharrezkoak diren mugen barruan, eta osasun-berme guztiak betez eta kontrol-neurri zorrotzen pean.

Egoitza-zentro bakoitzak dokumentu bat egingo du bisitetarako protokolo zehatzarekin, zentroaren egiturara eta ezaugarri zehatzetara egokituta, eta birusa bisitariaren eta egoiliarraren artean, eta alderantziz, ez transmititzeko beharrezko neurriak jasoko ditu. Dokumentu hori zentroko diziplina anitzeko taldeak eta zentroko asistentzia-erreferente gorenak onartu beharko dute, eta Gizarte Ekintza Saileko Ikuskaritza eta Kontrol Zerbitzura bidali beharko da, informazio-ondorioetarako.

Adinekoen egoitzetarako bisitak

Mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako egoitza-zentroetako bisiten kasu zehatzean, kolektiborik ahulena, kasu guztietan baimendu beharko da honako egoera hauetako bat gertatzen denean:

  • Bizitzaren amaierako zaintza-egoerak, halakoetan familiei egoiliarrarekin harremanetan jartzeko aukera eman beharko zaielarik.
  • Egoera kognitiboak, egoera ulertzea eta/edo senideekin eta/edo hurbilekoekin harremanetan jartzeko bitarteko alternatiboak erabiltzea eragozten dutenak.
  • Egoera psiko-emozionalak, non profesionalek uste duten saihestu egin behar dela isolamendu sozialak egoiliarraren ongizateari egiten dion kaltea.

Horrez gain, zentroko diziplina anitzeko taldeak halako egoeren barruan sartzen ez diren bisitak baimenduko ditu, egoera berezi pertsonalak kontuan hartuta eta zentroaren egoera epidemiologikoaren arabera. Egoitzako osasun-langileek kasu zehatz bakoitzerako ezarriko dute infekzio-arriskua minimizatzeko jarraitu beharreko prozedura.

Mendetasun-egoeran dauden adinekoentzako egoitzetan senitartekoen eta/edo hurbilekoen bisitak egiteko bermatu behar diren baldintzak honako hauek izango dira:

  • Eskuen higieneko eta arnas-higieneko neurriak zorroztuko dira, beharrezkoak diren norbera babesteko ekipamenduak erabiliz.
  • Egoiliarra Covid-19a duen pertsona bat bada, bisitariek banakako babes-ekipamendu osoak erabili beharko dituzte, maskara, eskularruak, pantaila, galtzak eta bata eta guzti.
  • Zentroko beste edozein pertsonarekiko gutxieneko distantzia 2 metrokoa izateko moduan antolatuko da.
  • Gutxienez, bisitaldi bat egin ahal izango du egoiliar bakoitzak bost egunean behin, eta, ahal dela, pertsona berak egingo du. Zentroak maiztasun eta bisita-aniztasun handiagoak baimenduko ditu, egoiliarraren egoera pertsonalaren, loturaren eta osasun-alerta deklaratu aurretiko dinamikaren arabera.
  • Egoitzako osasun-langileek kasu zehatz bakoitzerako ezarriko dute infekzio-arriskua minimizatzeko jarraitu beharreko prozedura.

Egoitza-zentro guztietarako baldintzak

Egoitza-zentroetan bisitak egiteko baldintza orokorrak honako hauek izango dira: mendetasun-egoeran dauden adinekoak izan, desgaitasuna duten pertsonak izan, gaixotasun mentala duten pertsonak izan edo babesgabetasun-egoeran dauden adingabeak izan:

  • Zentroko arduradun batek higiene-arauak aplikatzen direla eta ezarritako babesak erabiltzen direla gainbegiratuko du, tenperatura hartuko du eta bisitariari galdetuko dio Covid-19arekin lotutako sintomarik baduen ala ez. Kasu horretan, bisita bertan behera utziko da.
  • Bisitak, ahal dela, kanpoko pertsona berarekin egingo dira, baina salbuespenak egin ahal izango dira inguruabarren arabera.
  • Ordutegiak bisitarien arteko gurutzaketa fisikoa saihesteko moduan programatu beharko dira.
  • Bisitak, ahal den neurrian, bizigarritasun-eremutik kanpo egingo dira, egoiliarraren logela saihestuz, ezinbesteko arrazoiak daudenean izan ezik. Kanpoaldetik ahalik eta hurbilen egongo da, behar ez diren igarobideak saihesteko, eta espazio zabal eta aireztatu batean.
  • Ibilbidea ondo seinaleztatuta egongo da - Edo zentroko profesionalekin egingo da, eta ez da egoiliarren zirkulazio-zirkuituekin gurutzatuko.
  • Bisitariak maskara kirurgikoarekin joan beharko du, eta maskara gabe ezin izango da zentrora sartu.
  • Sarreran gel hidroalkoholikoaren banagailu bat eta eskuak desinfektatzeko metodo egokia duen infografia bat jarriko dira, bisitaren aurretik eta ondoren egingo dena.
  • Bisitaren aurretik, errespetatu beharreko higiene-arauen, topagunearen kokapenaren eta bertara sartzeko moduaren berri emango da.
  • Bai egoiliarrak bai bisitariak uki ditzaketen altzariak bisita eta bisita artean desinfektatu egingo dira.
  • Egoiliarrari ez zaio kanpoko objekturik emango. Halakorik gertatuz gero, non utzi behar den jakinaraziko da, egoiliarrari eman aurretik desinfektatu ahal izateko.
  • Egoiliarrak - ahal dela - maskara eraman beharko du eta gel hidroalkoholikoa erabili beharko du bisitaren aurretik eta ondoren.

Foru agindu hau bihar, asteazkena, jarriko da indarrean Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, eta indarrean jarraituko du harik eta Covid-19aren pandemiak eragindako osasun-krisiaren inguruabarrak aldatzen diren arte.