2020(e)ko maiatzaren 26(a) 13:43

Bizkaiko adinekoentzako eguneko lehenengo zentroak aste honetan hasiko dira apurka-apurka zabaltzen

Gizarte Ekintzako Saila

Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da asteazken honetan mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako eguneko arreta-zentroak zabaltzeko baimena ematen duen foru-agindua. Hasiera batean, ezaugarri jakin batzuk dituzten 4 zentro irekiko dira, zehazki, adinekoen egoitza bati lotuta ez daudenak, eta, gehienezko okupazioa baimendutako plazen % 75 izango da. Aste bukaerarako, beste 9 zentrok irekiko dituzte ateak. Konfinamendua arintzeko 1. fasea hasi zenetik, alarma-egoeraren ondorioz bertan behera utzitako jarduerari pixkanaka ekin zaio gizarte-zerbitzuetan, haurren eta desgaitasunaren arloetatik hasita. Zerbitzu horien artean daude arreta goiztiarreko zentroak, okupazio-zentroak eta desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko arreta-zentroak.

Aste honetan ateak irekitzen ari dira Bizkaiko adinekoentzako eguneko lehenengo arreta-zentroak, konfinamendua arintzeko 2. fasea abian jartzearekin batera. Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak Gizarte Ekintzako foru-diputatuari eskuordetu dio zentro horiek zabaltzeko baimena emanez bihar, asteazkena, indarrean sartuko den foru-agindua emateko eskumena.

Eguneko zentroetako jarduera, betiere, apurka-apurka berreskuratuko da. Prozesu guztia erabateko segurtasun-bermeekin eta osasun-arloko agintariek ezarritako irizpideen arabera egin dadin, ezaugarri jakin batzuk betetzen dituzten 4 zentro irekiko dira hasiera batean. Horrela, bada, zentro horiek, besteak beste, ez dira adinekoentzako egoitza-zentro bati lotuta egon behar eta instalazio zabalak eduki behar dituzte sektorizaziorako aukera egon dadin eta erabiltzaileak modu mailakatuan sartu eta irten ahal daitezen, eta, jarduerak, gehienez ere, 10 pertsonako taldeetan antolatu behar dituzte. Hasteko, zentro horien gehienezko okupazioa baimendutako plazen % 75 izango da. Aste bukaerarako, adinekoentzako eguneko beste 9 zentrok irekiko dituzte ateak.

Egoitza-zentroen ondoan eraikitako eguneko zentroak aurreragoko fase batean zabalduko dira, egoitzaren immunizazio-mailaren arabera.

Mendekotasun-egoeran dauden eta une honetan zentroaren jarduerara ez itzultzea erabakitzen duten adinekoek beren plaza gorde ahal izango dute, dagokion prezio publikoa ordainduta, Arreta Indibidualizatuko Plana aldi batez familia-inguruneko zaintzara aldatuta, familia-giroan zaintzeko prestazio ekonomikoaren % 100arekin.

Pixkanakako prozesu planifikatua

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri ditu apurka-apurka Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz ezarritako alarma-egoerak aldi baterako bertan behera utzitako gizarte-zerbitzuak. Konfinamendua arintzeko 1. fasea hastearekin batera, haurren eta desgaitasunaren arloko zenbait zerbitzu martxan jartzen hasi ziren. Prozesua planifikatua izan da, eta osasun-arloko agintariek ezarritako irizpideen araberakoa. Dagoeneko apirilaren 30ean egin ziren lehenengo bilerak bi arlo horietako kudeatzaileekin eta prozesua bera maiatzaren 11n aktibatu zen 1. fasea abian jartzearekin batera.

Fase horretako lehenengo astean Bizkaiko arreta goiztiarreko itundutako zentroen sarea osatzen duten 56 zentroetatik 55ek berreskuratu zuten jarduera. Lurralde osoko eskualde guztietako zentroek 1.500 haur baino gehiago artatzen dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiak zentro guztiak desinfektatu ditu enpresa espezializatu baten bitartez. Zentroak itxita egon diren artean atzeratu diren tratamendu-orduak apurka-apurka berreskuratuko dira. 2019an zehar Bizkaiko adingabeei 100.000 arreta-ordu baino gehiago eman zaizkie.

Halaber, okupazio-zentroak eta desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko arreta-zentroak pixkanaka eta modu mailakatuan berreskuratu dute jarduera, higiene- eta prebentzio-neurriak ezarri ahala.