2020(e)ko maiatzaren 26(a) 10:08

Aldundiak obra berriak egingo ditu Arrontegi inguruan trafikoko pilaketak arintzeko

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

2,7 milioi euro inbertituko ditu gaur egun Txorierriko saihesbidea eta la Avanzada elkartzen diren tokia birmoldatzeko, bide horietatik datozen trafikoei Arrontegiko zubirantz jarraitutasuna eta arintasuna emanez. Jarduketa horrekin batera 2028. urterako aurreikusi den Ballonti eta Artaza arteko tunela zerbitzuan jarri arte Arrontegi inguruak jasaten duen zirkulazio-intentsitate handiaren ondorioak arintzera bideratutako beste jarduera batzuk egin dira.

Plaiabarri

Bizkaiko Foru Aldundiak obra berri bat lizitatu du, Arrontegiko zubiaren inguruak jasaten duen zirkulazio-intentsitate handiaren ondorioak arintzeko; kasu honetan Barakaldoko noranzkoko galtzadaren zatian, Kukularrako aldatzailearen eta zubiaren beraren artean jardungo da. Helburua tarte horretan BI-30 errepidearen (lehen N-637) edukiera handitzea da, foru errepide-sare osoan zirkulazio-intentsitate handiena jasaten duenetako bat baita.

Gaur egun edukiera handiko bi bide elkartzen diren tokian esku hartzen du jarduketa honek: BI-30 errepidea (Txorierriko saihesbidea) eta BI-637 errepidea (la Avanzada), Arrontegirako noranzkoan. Bi bideak lau erreirekin iristen dira puntu honetara (bi errei bakoitza) eta hiru erreitan elkartzen dira. 300 bat metro aurrerago, gainera, laugarren errei bat inkorporatzen da, Plaiabarritik BI-735 errepidetik datorren adarrari dagokiona.

Intentsitate handieneko uneetan Arrontegiko zubirako zirkulazio-mugimenduek inbutu-efektua eragiten dute eta bideak asimilatzeko duen gaitasuna gainditzen dute eta kongestio gehiago sortzen dira, batez ere lanegunetako arratsaldeetan (17:00etatik 19:00etara) eta ostiraletako eguerdietan (14:00etatik 15:00etara).

La Avanzada eta Txorierriko saihesbidearen konbergentzia kentzea

Arazo horiek arintzeko jarduketa honek BI-30 eta BI-637 errepideen egungo konbergentzia ezabatzen du, eta bi enborretatik datozen lau erreiei Arrontegiko zubirantz jarraipena ematen die. Plaiabarritik datozen ibilgailuak azelerazio-errei berri baten bidez sartuko dira.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 2,7 milioi euro inbertituko ditu jarduketa horretan, eta hamar hilabeteko epea aurreikusten du lanak egiteko. Lanak datorren udazkenean hasi eta 2021eko urrirako amaituko dira.

Jarduketa hori osatzeko, obrek eragindako eremu osoko errodadura-geruza berrezarriko da; defentsak berrezarriko dira; erdibitzailean hormigoizko hesi zurrun bat ezarriko da, beste aldeko galtzadan berriki ezarritako arkupe berriak babesteko; argiztapena berrezarriko da; zuntz optikoko kanalizazioak berrezarriko dira; 112,5 metroko luzera eta 3 metroko altuera duen horma ainguratu bat egingo da zabaldu den eremuko eskuineko ezponda bertikalizatzeko, lurren okupazioa handitu gabe; eta eremua birlandatuko da.

Arrontegi inguruan zirkulazioaren arintasuna hobetzeko lan horiek egiten diren bitartean, trafikoari ahalik eta kalte gutxien eragitea azpimarratuko da bereziki, egungo erreien kopuruari eutsiz eta horien zabalera gutxienez 3,30 metrotan mantenduz.

Arrontegi inguruan trafikoaren arintasuna hobetzeko jarduketak

Gaur egun Arrontegiko zubia da itsasadarra zeharkatzeko edukiera handiko sarearen alternatiba bakarra, zirkulazio-intentsitate handiko errepideak lotzen baititu: la Avanzada, Txorierriko saihesbidea eta A-8 autobidea. Horrela Arrontegi 165.000 ibilgailuko zirkulazio-intentsitatea izatera iristen da egunean eta oso puntu kaltebera eta zaurgarria bihurtzen da, trafikoan gerta daitekeen edozein gorabehera jasaten baitu eta ondoko bideetan eragina baitu.

Irtenbidea itsasadarreko saretik igarotzen da, eta teknikoki aukerarik onena Ballonti eta Artaza lotuko dituen ibai azpiko tunela eraikitzea da. Tunel horrek Bizkaiko Metropolialdeko Saihesbide handia osatuko du eta 2028an jarriko da martxan. Arrontegi arintzea ahalbidetuko duen aukera hori izan arte, Aldundia hainbat jarduketa egiten ari da puntu jakin batzuetan, zubiaren inguruko trafikoaren arintasuna eta segurtasuna hobetzeko:

  • Kukularrako lehen faseak, 2019an amaitu zenak, nabarmen hobetu du Arrontegitik Txorierriko eta Enekuriko korridoreetara doan trafikoaren arintasuna. Aldundiak 5,1 milioi euro inbertitu zituen obra honetan.
  • Gaur egun gauzatzen ari den Kukularrako bigarren fasearen helburua La Avanzadatik eta Arrontegitik Txorierrira doazen trafikoen elkarren arteko lotura kentzea da. Obra honen aurrekontua 10 milioi eurokoa da eta 2021eko udazkenean amaitzea aurreikusten da.
  • Horrez gain, bigarren fasean, La Avanzadak Artazako biribilgunearekin duen loturaren kapazitatea hobetzeko obra egiten ari dira. Obra uda honetan amaituko dute eta 1,1 milioi euroko inbertsioa izan du.
  • Era berean, gaur egun eraikuntza-proiektua idazten ari da Gurutzetako korapiloaren eta Arrontegiko zubiaren arteko pilaketak murrizteko.

Argazkiak


Bideoak


Audioak