2020(e)ko maiatzaren 22(a) 17:58

Aldundiak ohi bezala emango ditu zerbitzu guztiak hondartzetan, eta COVID-19ak sortu duen egoerara moldatuko ditu

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundia berriz ere udalekin bilduko da datorren asteartean ezarritako gomendioak hondartzen ezaugarri berezietara egokitzeko proposamenak jasotzeko. Hondartzainek eta sorosleek hondartzara biltzen diren herritarren kopuruak kontrolatuko dituzte eta gero informazioa zabalduko dute Aldundiaren web orriaren, BizkaiUp aplikazioaren eta hondartzetako megafoniaren bitartez.

Gaur egin den bileran Bizkaiko Foru Aldundiak hondartzaren bat duten udalei esan die hondartzetako zerbitzu guztiak ohi bezala egingo dituela, baina COVID-19ak sortutako egoerara moldatuta. Aldundia datorren asteko asteartean bilduko da berriz udalekin birusaren hedapenari aurre egiteko ezarri diren gomendioak hondartza bakoitzaren ezaugarrietara moldatzeko proposamenak jasotzeko.

Bileran izan diren erakunde guztiek aho batez hartutako konpromisoa izan da denboraldia ekainaren 15ean hastea, ezarrita zegoen bezala, eta lan egitea osasun-agintaritzek hondartzak segurtasunarekin erabiltzeko eman dituzten gomendioak Bizkaiko hondartzen egoerara egokitzeko. 

Horren ildotik, hondartzak irekita egongo diren ordutegia aurreko urteetakoa bera izango da, goizeko 11:00etatik iluntzeko 20:00ak arte; ordu-tarte horretan sorospen-zerbitzua eta hondartzainen zerbitzua egongo dira. Aldundiak bere gain hartu du zerbitzu horien kostua, bai eta hondartzak garbitzeko eta mantentzeko zerbitzuarena era, 2012ko hondartzen gaineko esparru-akordioan ezarri zen bezala. Nolanahi ere, zerbitzu horiek guztiak osasun-agintaritzek ezartzen dutenera moldatu beharko dira; adibidez, hondartzetako paper-ontziak kenduko dira, eta hondartza-sarreretan baino ez dira egongo, estalkirik gabe; dutxetan langarreztagailuak baino ez dira egongo, paldo bakoitzean bi, aurrez aurre, erabiltzaileen artean gutxieneko distantzia dagoela ziurtatzeko; gainera, garbiketa-lanak gehituko dira.

Gainera, osasun-agintaritzek eman dituzten gomendioak aintzat harturik, hondartzetara doazen pertsonen artean gutxienez 1,5 metro egon beharko dira, bai hondar gainean, bai uretan. Gomendio hauek megafoniaz zabalduko dira hondartzetan; horrez gainera, megafoniaren bidez hondartzan daudenei gogoraraziko zaie arauzko higiene-neurriak bete behar dituztela, eta mezu bera zabalduko da sarbideetan jarriko diren seinale batzuen bidez ere. Sorospen-zentroetan bertako langileen eta laguntza-eske doazen pertsonen segurtasuna bermatzeko protokoloa edukiko dute. Sorospen-zentroetara laguntza eske doazenak banan-banan sartu beharko dira.

Hondartzainek eta sorosleek hondartzetako egoera kontrolatuko dute eta hondartza bakoitzera zenbat pertsona biltzen diren zenbatuko dute; gero informazioa web orriaren bidez, BizkaiUp aplikazioa erabiliz eta hondartzako megafoniaz baliatuz zabalduko dute. Gainera, informazioa udalei ere emango zaie, behar diren neurriak har ditzaten osasunaren arloko agintaritzek agindutako pertsonen arteko distantziak mantentzeko.