2020(e)ko maiatzaren 20(a) 12:20

Bizkaiko Foru Aldundia ostiralean bilduko da udalekin hondartzak irekitzeko baldintzak zehazteko

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Bileran, Bizkaiko hareatzetan segurtasun-distantzia bermatzeko beharrezkoak diren neurriak, berme hori gauzatzeko legezko tresnak eta pilaketa handieneko uneak aurreikusteko modua aztertuko dituzte Foru Aldundiak eta udalek, itsasbeheran eta itsasgoran dagoen hondartzaren azalera bezalako irizpideen arabera. Hondartzen denboraldia ekainaren 15ean irekitzeko helburuarekin lan egitea proposatuko die Aldundiak Udaleko arduradunei.

Bizkaiko Foru Aldundia gure lurraldean hondartza duten udalekin bilduko da ostiral honetan, aurtengo denboraldia irekitzeko baldintzak zehazteko. Foru erakundeak udal arduradunei planteatuko die ekainaren 15ean irekitzea Hondartzak Kudeatzeko Sistema Integralaren barruan urtero egiten den bilera honetan, baina oraingoan izaera berezia du COVID-19aren inguruko egoera dela eta.

Udalekin biltzeko deialdia gai-zerrenda batekin egin da; bertan, honako hauek aztertuko dira: hareatzetako segurtasun-distantzia bermatzeko beharrezko neurriak, berme hori gauzatzeko legezko tresnak eta aglomerazio handieneko uneak aurreikusteko modua, itsasbeheran eta itsasgoran dagoen hondartzaren azalera, aurreko urteetako asistentzia-datuak edo baldintza meteorologikoak bezalako irizpideak kontuan hartuta.

Bilera honetan, hondartza bakoitzean COVID-19ari aurre egiteko kontingentziaren udal-planaren zirriborroa ezartzen saiatuko dira.  Plan horretan, Aldundiak ematen dituen zerbitzuen funtzionamendurako neurriak (sorosleak, hondartzainak, hondartzen garbiketa eta mantentze-lanak) bezalako alderdi erkideak jasotzeaz gain, udal bakoitzak zehaztuko ditu bere kudeaketa zuzenaren mende dauden gaietarako hartuko diren neurriak, hala nola komunen garbiketa, hondar-eremua edo itsasoa erabiltzeko jarraibideen ezarpena edo aparkalekuetan ezarri beharreko neurriak, edo poliziak hondartzak zaintzeari lotuta daudenak.

Neurri horiek bat etorriko dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hondartzak erabiltzeko ezartzen dituen gomendioekin, eta lurralde osoan ahalik eta homogeneoenak izan daitezen saiatuko da, betiere hareatza bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak udalen esku jarriko ditu Hondartzak Kudeatzeko Sistema Integraleko baliabideak, homogeneizazio horri begira garatzen diren jardunbide egokiak partekatu ahal izan ditzaten.

Era berean, edukiera mugatzea planteatuko da lagundutako bainuaren kasuan, zerbitzu honen erabiltzaileen artean segurtasun-distantzia bermatzeko.