2020(e)ko maiatzaren 20(a) 11:15

Banketxeetan Errenta-aitorpenak egiteko zerbitzua uztailaren 1ean jarriko da martxan

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Zerbitzu hori banku-bulegotan eskainiko da, doan, hiru hilabetez. Errenta eta Ondare Aitorpenak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Errenta kanpainaren lehen bi asteetan Foru Ogasunak 273,3 milioi euro itzuli dizkie 271.603 zergadunei.

Errenta19

Bizkaiko Foru Ogasunak uztailaren 1ean jarriko du martxan banku-erakunde laguntzaileetan errenta-aitorpenak egiteko eta aurkezteko zerbitzua. Aurreko urteetan bezala, zerbitzu hau doan emango da Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Banco Santander, CaixaBank eta Banco Sabadelleko banketxetan, eta zerbitzua erabiltzeko hitzordua eskatu beharko da.

Jakina denez, errenta-kanpaina bakoitzean ematen den zerbitzu hori atzeratu egin behar izan da oraingo honetan, COVID-19aren osasun-ondorioei aurre egiteko ezarritako murrizketengatik. Beharrezko segurtasun-baldintzak bermatuz zerbitzu honen eskaerari erantzuteko, hiru hilabetez eskainiko da, eta ez bi hilabetez, aurreko urteetan bezala, eta irailaren 30ean amaituko da.

Hala, 2019ko Errenta eta Ondare kanpainen epe guztiak ordura arte luzatu dira, eta irailaren 30a da aitorpena aurkezteko azken eguna. Nolanahi ere, Foru Ogasunak gogorarazi du ordaindu beharreko aitorpenetarako ez duela dagokion kopurua kobratuko irailaren 30era arte, eta azaroaren 30era arte atzeratzen duela ordainketa geroratuetarako bigarren epea (% 60 lehen epea eta % 40 bigarren epea).

Finantza-erakundeetan aitorpenak egiteko zerbitzura jotzen duten pertsonek ere laguntza jasoko dute Bak gako bat lortzeko. Gako horrek NAN edo AIZ eta pasahitz bat ditu, eta Foru Aldundiarekin hainbat izapide Internet bidez egiteko aukera ematen du, besteak beste, Ogasunarekin zerikusia duten izapide guztiak.

Aitorpenak egiteko zerbitzu telematikoa mantentzen da

Aitorpenak egiteko zerbitzu presentzialarekin batera, Foru Ogasunak duela astebete martxan jarritako zerbitzu telematikoa eskaintzen jarraituko du kanpaina amaitu arte. Telefonoaren edo interneten bidez, errenta-aitorpenak egiten dizkie COVID-19aren ondorioz aldi baterako enplegu erregulazioko espedientean, enplegu-erregulazioko espedientean edo langabezian dauden pertsonei, baldin eta 2019ko ekitaldian 24.000 euro gordin baino gutxiago jasotzen badituzte.

Zerbitzu berri horri esker, hilean 15.000 errenta-aitorpen inguru egin ahal izango dira, eta helburua da krisi ekonomikoak gehien eragiten dien pertsonek aitorpenak lehenago aurkeztea eta, hala badagokio, dagozkien itzulketak lehenago jasotzea.

273,3 milioi itzuli dira errenta-kanpainaren lehen bi asteetan

COVID-19aren ondorio sozioekonomikoen aurrean, Bizkaiko Foru Ogasunak neurri sorta berritzailea jarri du martxan, gehien kaltetutako kolektiboen egoera arintzeko. Besteak beste, errenta-kanpaina honetan likidezia bultzatzen ari da, itzulketak bizkortuz eta ordaindu beharreko aitorpenen kobrantza irailaren 30era arte atzeratuz.

Horrela, errentaren lehen bi asteetan 271.603 zergadunek jaso dute jada Bizkaiko Foru Ogasunaren itzulketa, 1.006 euroko batez besteko zenbatekoan. Guztira, 273,3 milioi euro jaso dituzte, hau da, kanpaina osorako aurreikusitako itzulketen bi heren.

Maiatzaren 4tik 15era 323.258 autolikidazio aurkeztu ziren, hau da, kanpaina osorako aurreikusitako aitorpen guztien % 56. Aurkeztutako aitorpenetatik, 51.655 milioi euro ordaindu behar izan dira, guztira 51,7 milioi euroko diru-sarrerarekin, eta horrek 1.000 euroko batez besteko ordainketa ekarri du. Ogasunak irailaren 30era arte atzeratu du ordaindu beharreko aitorpen horien kobrantza, baina zergadunak berak nahiago badu, lehenago ordain dezake.

Internet bidezko aurkezpena % 17 hazi da

Internet bidez aurkeztutako aitorpenen gorakada nabarmentzen ari da kanpainaren hasieran, azken urteetako joerari jarraituz. Maiatzaren 4tik 15era bitartean 50.000 aitorpen baino gehiago aurkeztu dira Internet bidez, 2018ko errenta-kanpainan baino % 16 gehiago eta 2017ko errenta-kanpainan baino % 36 gehiago.

Era berean, nabarmen hazi da Foru Ogasunak zergadunen esku jartzen dituen Errenta Etxean eta Web Errenta proposamenen kopurua. Kanpaina honetan Ogasunaren proposamenarekin hasitako 272.000 aitorpen baieztatu dira dagoeneko.

Horrela, orain arte aurkeztutako autolikidazioen % 86 Errenta Etxean edo Web Errenta proposamenei dagozkie, eta gainerako % 14a zergadunak berak laguntza-programarekin egindako eta Internet bidez aurkeztutako aitorpenei.


Argazkiak