2020(e)ko maiatzaren 19(a) 10:36

Foru Aldundia eta Mariana Mazzucato lankidetzan ari dira Bizkaiko fiskalitatea Garapen Jasangarriko Helburuekin bateratzeko

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Bi alderdiek aukera berriak garatuko dituzte legeria fiskalean eta erakundeen eraldaketan, besteak beste osasuna, ingurumena, berdintasuna eta hezkuntza zainduko dituen hazkunde ekonomikoa lortzeko. Mariana Mazzucato ekonomialariak Londreseko University Collegeko Institute for Innovation and Public Purpouse institutua zuzentzen du, NBEk 2030 Agendan ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeko erreferentziazko zentroa. Unai Rementeriaren esanetan, "Mazzucato eta University College London bezalako nazioarteko erreferenteekin lan egitea berme itzela da une garrantzitsu honetan, eta Bizkaia eredu global bihur dezake".

Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du University College Londonekin, Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendan ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat datorren zerga-politika definitzeko bidean aurrera egiteko. Hala iragarri du Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, eta honakoa gogorarazi du gure legealdiko plana, Bizkaia Egiten, diseinatu genuenean, NBEren Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatu genuen. Koronabirusaren krisiak arrazoia eman digu azkenean eta, batez ere, arrazoiz kargatu eta bete gara. Ezin gara edozein preziotan hazi, edozein modutan. Garapen iraunkorragoa eta inklusiboagoa behar dugu. Gizartea bezalako balio handiak zaindu eta artatu behar ditugu: osasuna, ongizatea, hezkuntza, klima, ingurumena edo berdintasuna. Legealdi honen hasieran erabaki genuen Aldundian egingo genukeen guztiak balio horiek bultzatzen lagundu beharko ligukeela, gure gizartearen balio historikoak direlako eta datozen belaunaldiei utziko diegun ondarearen zati izan behar dutelako.

Alde horretatik, UCLrekin eta Mariana Mazzucato irakaslearekin lankidetzan arituta, GJHekin bat datorren eta Bizkairako estrategikoak diren hiru arlotako erronkei erantzungo dien zerga-politika zehaztu ahal izango da:

  • Erronka demografikoa (biztanleriaren zahartzea, genero-berdintasuna, jaiotza-tasa txikia, migrazioa eta pentsio-programa publiko eta pribatuen iraunkortasuna).
  • Klima-aldaketa (ingurumena, gizarte-ongizatea, eremu degradatuak lehengoratzea, aztarna klimatikoa murriztea, ekonomia berriro orientatzea eta urak eta ibaiak lehengoratzea).
  • Jarduera ekonomikoa garatzea (berrikuntza, ekintzailetza, enpresen eta talentuaren erakarpena, mugikortasuna, energiaren sektorearekiko mendekotasuna eta industria-enpresentzako etorkizun berria bilatzea, erronka global berriei aurre egiten laguntzeko).

Lankidetza hori gertatzen da, gainera, COVID-19aren pandemiak eragindako egungo egoera ekonomiko eta sozialaren ondorioz Aldundiak zerga-tresna eraginkorrak garatu behar dituenean epe labur samarrean, susperraldi ekonomikoaren prozesua Nazio Batuen 2030 Agendaren GJHekin bat datorrela bermatzeko.

Mariana Mazzucato buru duen Institutuarekiko lankidetza

University College London erakunde akademiko publikoa da, eta NBErekin lankidetza estuan dihardu berrikuntzarako ibilbide-orrian GJH betetzeko, eta horrek posizio pribilegiatuan jartzen du ikerketa akademikoaren eta GJHen praktikaren esparruan. Erakundearen sailetako bat Institute for Innovation and Public Purpose da eta Mariana Mazzucato ekonomialari ospetsuak zuzentzen du. Lankidetza honi dagokionez Ahaldun Nagusiak honakoa adierazi du: administrazio berritzailea eta apala gara, eta ez gara lotsa gehien dakienari galdetzeko. Mariana Mazzucato irakaslea munduko ekonomialari ospetsu eta eraginkorrenetako bat da. Europako Batzordeari eta munduko hainbat gobernuri aholkuak eman dizkie, eta azken bi urteetan gure artekoa oso harreman ona da. Zuzentzen duen MOINen, berrikuntza publikoko institutuan parte hartzera gonbidatu zuen Bizkaiko Foru Aldundia, beste 22 erakunde globalekin batera, hala nola Erresuma Batuko, Singapurreko, Eskoziako edo Arabiar Emirerrietako gobernuekin, Finlandiako edo Suediako berrikuntza-agentziekin, edo Europako Inbertsio Bankuarekin batera; institutu horren helburua erakunde publikoek gizarteari balio handiagoa emateko duten eginkizuna birpentsatzea da.

Orduan, MOIN sareak Londresen egin zuen inaugurazio-saioan, 2018ko martxoan, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Ekonomia Itunaren potentziala eraldaketa ekonomiko eta sozialerako tresna gisa nabarmendu zuen eta Mazzucatoren jakin-mina piztu zuen. Bizkaiak Kontzertuaren gaitasunetan sakontzeko duen interesa eta GJHekin duen lerrokatzea eta Mazzucato ikerketa hau partekatzeko prest egotea direla eta, akordio hau posible izan da. Sektore publikoa ezin da mugatu merkatuetako akatsak zuzentzera edo arriskurik gabeko negozioetara; elkarrekin sortu eta etorkizuneko merkatuei forma eman behar die, esploratuz eta ikertuz. Horrek gaitasun eta egokitzapen berriak eskatzen dizkio sektore publikoari, baita esparru berria ere, azpimarratu du Mazzucatok.

Institute for Innovation and Public Purpouse erakundetik, Mazzucatok ikuspegi berriak ematen ditu politika publikoetan, "new green deal" delakoaren esparruan GJHak lortzen lagun dezaten. Joera hori hazten eta gora egiten ari da mundu osoan, susperraldi ekonomikoa eta aberastasun jasangarriagoa eta inklusiboagoa sortzera bideratuta dagoen lankidetza publiko-pribatuaren bidez.

Lankidetza horren bidez, Aldundiak eta UCLk helburu bikoitza dute:

  • Bizkaiko hazkunde ekonomikoa Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat etor dadin laguntzea, lurraldea New Green Dealeko benetako Living Lab bihurtuz.
  • Bizkaia bere politikei ikuspegi bera aplikatu nahi dien beste zerga-jurisdikzio batzuetara transferi daitekeen eredu bihurtzea.

Horrela, Aldundiak sektore publikoak Bizkaian berrikuntza- eta inbertsio-maila jasangarri handiagoak lortzeko duen zeregina indartzea itxaroten du, maila globalean Nazio Batuen Erakundearen GJHekin bat datozen zerga-politikak diseinatzen lehen administrazio publikoa izan dadin.

Living Lab Bizkaian

Ikuspegi horien konbinazioa Living Lab batean garatuko da. Bertan, Foru Aldundiko eta UCLko taldeek elkarrekin lan egingo dute lurraldean balio publikoa eta hazkunde ekonomikoa sustatzeko GJHetara bideratutako politika berrien formulazioari buruz esperimentatzeko, eta ideia hauek garatuko dira:

  • Balio ekonomikoa berraztertzea.
  • Eraldaketa instituzionala.
  • Finantzak jasangarritasunerantz bideratzea.
  • Zerga-legeriaren garapena.
  • Zerga-onurak eskuratu nahi dituzten zergadunek GJHak zenbateraino betetzen dituzten egiaztatzeko beharrezkoa izango den ziurtapen-prozedura sortzea.

Planteatutako helburuak lortzeko beharrezkoak diren baliabide tekniko eta pertsonalak emateaz gain, Aldundiak milioi erdi euroko ekarpenarekin babesten du hitzarmen hau, eta 2021. urte hasierarako lehen ondorioak prest izatea itxaroten du.

Rementeria ziur dago UCL eta Mariana Mazzucatorekin pertsonen zerbitzura dagoen berrikuntza publikoaren munduko bi erreferentek aukera berriak irekitzen lagunduko digutela, fiskalitateak ere helburu horiek lortzen lagun dezan zer egin genezakeen ikertzen lagunduko digutela. Erronka zaila bezain beharrezkoa da, eta ilusioz eta bidelagun idealekin egiten diogu aurre. Hain ospe handiko erakunde eta profesionalak gurekin egotea berme eta harro egotekoa da Bizkaiarentzat. Laborategi txiki bat gara, ezagutza eta esperientzia mundu osora esportatu ditzakeena, ondo egiten badugu. Eta Mariana Mazzucato eta University College London gurekin aritzeak esan nahi du bide onetik goazela eta erreferente izan gaitezkeela beste lurralde edo herrialde batzuentzat. Berrikuntza publikoa bultzatzeko akordio hau une garrantzitsu batean iritsi da; ziur asko, ezin genuen koronabirusaren horrelako une edo aukera nabarmenik aukeratu, administrazio guztiak gauza asko eta jarduteko modu asko birpentsatzera behartuko gaituena.

UCLri buruz

University College London Ingalaterrako hirugarren hezkuntza erakunderik zaharrena da Oxford eta Cambridgeren ondoren; munduko zortzigarren unibertsitaterik onena 2020an, QS World University Ranking sailkapenaren arabera, eta bertatik 29 Nobel saridun atera dira, Mahatma Gandhi bezalako munduko liderrez gain.

Institute for Innovation and Public Purpouse erakundetik, Mariana Mazzucatok Gobernu Ekintzaile gisa definitu duen rola nabarmentzen du; arlo horretan sektore publikoa eragile ekintzailea eta berritzailea izateko erronkaren buru da, gizartearen erronkei heltzeko modua berritzeko arriskua bere gain hartzen duena. Horrela, botere publikoen zeregina arriskuak onartzea ez ezik, partekatzea ere izan behar dela defendatzen du.


Argazkiak


Bideoak


Audioak