2020(e)ko maiatzaren 19(a) 12:15

Aldundiak 3,5 milioi euro bideratu ditu basogintzari laguntzeko

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Dirulaguntza horiek Europar Batasuneko landa-garapeneko estrategiarekin lerrokatzen dira, eta baso-sektore orekatuagoa garatzen laguntzea dute helburu, lurralde- eta ingurumen-ikuspegitik, klimarekiko errespetu handiagoa duena, balizko arriskuekiko erresistentzia handiagoa duena eta lehiakorragoa eta berritzaileagoa izango dena. Zenbateko osotik, 3.022.430 euro baso-berritzeetarako eta baso-azalerak sortzeko erabiliko dira, bai eta hondamendi naturalek eragindako kalteak prebenitzeko, baso-ekosistemen ahalmena eta ingurumeneko balioa handitzeko eta baso-teknologietan eta baso-produktuak eraldatu eta mobilizatzeko inbertsioak egiteko ere. Beste 448.000 euro basoetako pistak eraikitzeko, egokitzeko, hobetzeko eta mantentzeko izango dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak basogintza-sektorerako laguntzetara 3,5 milioi euro bideratzea onetsi du. Laguntza horiek bat datoz Europar Batasuneko landa-garapeneko estrategiarekin, eta azken helburua basogintza-sektore orekatuagoa garatzen laguntzea da, lurraldearen eta ingurumenaren ikuspegian oinarrituta eta klimarekiko errespetu handiagoa duena, balizko arriskuekiko erresistentzia handiagoa duena eta lehiakorragoa eta berritzaileagoa izango dena.

Ildo horretatik, zenbait lehentasun ezarri dira eta horien artean daude, besteak beste, sektore horretan ezagutzen transferentzia eta berrikuntza sustatzea, baso-landaketen bideragarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea eta baso-kudeaketa iraunkorra sustatzea. Era berean, biodibertsitatea lehengoratzea, zaintzea eta hobetzea, lurzoruen higadura prebenitzea eta horien kudeaketa hobetzea sustatuko da eta, aldi berean, baliabideen eraginkortasuna sustatuko da eta karbono gutxiko eta klima-aldaketari karbonoa finkatuz eta atzemanez aurre egiteko gai den ekonomia batera igarotzea sustatuko da.

Lehentasun horien artean, basoen hobekuntza ekonomikoan inbertitzen laguntzeko neurrien emakida baso-kudeaketa iraunkorreko tresna izatera ere baldintzatu da eta, egungo koniferoen basoaren egoera sanitarioa kontuan hartuta, azikuletan onddoen afekzioak dituzten koniferoen egoera kontuan hartuta beharrezkoa delako afekzio horren inpaktu ekonomikoa arintzeko neurriak ezartzea, afekzio-maila handiko masak, dagoeneko bideragarritasunik ez dutenak, ezabatzeko laguntza-neurriak ezarri dira. Aldi berean, baso-berritzeen bidez basoak lehengoratzeko neurriak ezarri dira Bizkaiko baso-azalera mantentzeko.

Era berean, basogintza-sektoreari laguntzeko plan berria helburu estrategiko batzuekin hobeto lerrokatzen saiatzen da, hala nola belaunaldi-erreleboa eta sektorearen profesionalizazioa.

Dirulaguntza hauek bi ildotan egituratzen dira: bata, baso-azaleren jabeei zuzenduta dago, eta bestea, onuradunak jabeen elkarteak, mankomunitateak, administrazio-batzarrak eta udalak diren kasuetarako. Lehenengoak baso-azaleren jabe diren pertsona fisiko eta juridikoak ditu hartzaile eta, horren bidez, hainbat jarduera finantzatuko dira, hala nola baso-azalerak lehengoratzea eta sortzea, hondamendi naturalek eragindako kalteen prebentzioa, baso-ekosistemen ahalmena eta ingurumeneko balioa handitzeko inbertsioak, eta baso-teknologietan eta baso-produktuak eraldatu eta mobilizatzeko inbertsioak. Lerro honetako laguntzak, guztira, 3.022.430 eurokoak dira.

Bigarren dirulaguntza lerroak 448.000 euro ditu eta horren bidez bakarrik finantzatuko dira pistak eraiki, egokitu, hobetu eta mantentzeko lanak.

Laguntza hauek norgehiagoka-araubidean banatuko dira, eta laguntza horiek eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da.