2020(e)ko maiatzaren 16(a) 09:30

Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluak modu telematikoan hasi du bere ibilbidea

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Laespada-k: "Konfinamenduaren egungo egoeran ahalik eta gehien egingo dugu aurrera, lehen batzarrera etxeko lanak eginda iristeko" Behin-behineko Kudeaketa Batzordea lanean hasi da, emakumeen zazpi elkartek osatua eta Berdintasunerako Foru Zuzendaritzaren laguntza teknikoarekin.

Berdintasunaren logotipoa

Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseilua, Berdintasunerako Foru Arauan jasotako organoa dena, eratzeko lana modu telematikoan hasi da, osasun-krisiaren egoeraren ondorioz, baina haren konfigurazioa eta lehen batzarra ezinbestekoa bakarrik atzeratzeko asmoz.

Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseilu hau kolektibo feministek, emakume-elkarteek eta emakume-taldeek eta erakunde eta organismoetako berdintasun-arloek parte hartzeko eta hitz egiteko gune bat da, beren xedeen edo eginkizunen arabera gure lurralde historikoan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen laguntzen dutenak.

Kontseilu hori gune horizontal eta hurbileko legez sortu da, emakumeek aniztasun osoz parte har dezaten sustatzeko, emakumeen arteko topaketa eta aintzatespena sustatzeko eta, aldi berean, amankomuneko interesen defentsa hobetzeko, parte-hartzearen borondatezko izaera errespetatuz eta balioetsiz. Gainera, gardentasun- eta intersekzionalitate-printzipioak izango ditu aginduzko.

Teresa Laespada Enplegua Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak azaldu duenez, jarduera modu telematikoan hasteak egungo konfinamendu-inguruabarretan ahal den guztia aurrera egitea du helburu, lehen batzar presentzialera etxeko lanak eginda daudela iristeko.

Hain zuzen ere, Kontseiluaren jarduera hori Behin-behineko Kudeaketa Batzordearen bidez hasi da, Berdintasunerako Foru Zuzendaritzaren laguntza teknikoarekin eta zazpi elkartek osatuta:

  • Andrabarriak
  • Asociación de Cooperación al Desarrollo de Mujeres Kongovascas "Famek-Elkartea"
  • Asociación de Mujeres que Aman Demasiado
  • Erlantza Berdintasun Elkartea
  • Emakumeon Indarra
  • Etxaldeko Emakumeak
  • Sare Lilak

Behin-behineko Kudeaketa Batzordeak joan den hilaren amaieran egin zuen lehen bilera telematikoa, eta agindu zaizkion zereginei aurre egin behar diela onartu zuen. Lehenik eta behin, Kontseiluarentzako autoantolaketarako dokumentu-proposamen bat egitea, Kontseiluaren lehenengo batzarrean eztabaidatu eta, hala badagokio, onartuko dena.

Bigarrenik, Kontseiluan parte har dezaketen elkarte eta erakunde guztiak bertan sartzen lagundu beharko du: emakume-elkarteak, emakume-taldeak eta talde feministak, bai eta erakunde mistoetako berdintasun-arloak ere. Hirugarrenik eta azkenik, Kontseiluaren lehen batzar presentzialaren gai-zerrenda prestatu beharko du.

Behin-behineko Kudeaketa Batzordearen bilkurak hamabostean behin egingo dira (hasiera batean, telematikoki ere bai, inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean), aginduta dituen zereginetan aurrera egiteko. Laespada diputatuak eskerrak eman dizkie elkarteei jarduerari modu telematikoan ekiteko agertu duten borondateagatik eta prestutasunagatik.

Halaber, joan den hilaren amaierako lehen bileran, Bizkaiko emakumeek konfinamenduaren eta Covid-19aren krisiaren ondorioz bizi duten egoerari buruzko proposamenak eta eskaerak jasotzeko aukera kontsultatu eta eskaini zuen Berdintasunerako Foru Zuzendaritzak.


Argazkiak