2020(e)ko maiatzaren 14(a) 10:30

Bizkaiko zerga-bilketan 2.457,6 milioi euro bildu dira apirilera arte

Ogasuna eta Finantzetako Saila

2019arekin alderatuta, % 14,8 jaitsi da: martxoan erregistraturiko ekonomia-jarduera murriztu egin da, autonomoek eta enpresa txikiek ekainera atzeratu ahal izan dute zergen ordainketa, eta itzulketak bizkorrago egin dira. Apirilean foru aldundien arteko doikuntzetako lehenengoa egin da, eta Bizkaiak 224 milioi euro ordaindu dizkie Araba eta Gipuzkoari.

Bizkaian apirilera arte metaturiko tributu itunduen bilketa 2.457,6 milioi euro izan da; hau da, 426,6 milioi gutxiago, 2019ko aldi berean eskuratu zenarekin alderatuta. % 14,8ko jaitsiera hori hiru faktore direla eta gertatu da, batez ere:

  • COVID-19aren ondoriozko larrialdi sanitarioa dela eta, ekonomia-jarduera murriztu egin da, nahiz eta apirilera arteko bilketak martxoko eragina baino ez duen islatzen.
  • Autolikidazioak borondatez aurkezteko epea ekainaren 1era arte luzatu denez, martxoan eta apirilean egin behar zituzten ordainketak atzeratzeko aukera eman die langile autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei.
  • Zergadunentzako itzulketak bizkortu dira. Aurtengo lehenengo lau hilabeteetan, iazko epe berean baino 65,2 milioi euro gehiago bildu dira BEZagatik, hau da, % 22,2 gehiago.

Azken bi faktore horiek -ordainketak atzeratzea eta itzulketak bizkortzea- Bizkaiko Foru Aldundiak martxoan hartutako sustapen-neurri multzoari dagozkio, eta langile autonomoei eta enpresei likidezia gehiago izateko aukera ematen die. Aldundiaren neurri horiek COVID-19ak eragindako larrialdi sanitarioaren ondorioei aurre egiteko ezarri ziren.

Jaitsierarik nabarmenena, BEZaren bilketan

Tributu itunduetan, zeharkako zergen ondoriozkoen bidez 1.277 milioi euro bildu dira, hau da, % 8,8 gutxiago. Horien artean, PFEZa, orokorrean, % 7,6 jaitsi da, eta sozietateen gaineko zerga % 17,3. Zeharkako zergen bidez 1.075,6 milioi euro eskuratu dira -BEZaren eta zerga berezien barne-doiketak egin ondoren-, hau da, % 17,6 jaitsi da bilketa. Kontzeptu nagusia, kudeaketa propioko BEZa, 267 milioi euro txikiagoa izan da, % 25 murriztu da iazkoarekin alderatuta. Hidrokarburoen gaineko zerga bereziaren bidez % 1,5 gehiago bildu da.

Foru aldundien arteko doikuntzetan, Bizkaiak 68 milioi euro ordaindu dizkio Arabari, eta 156 milioi Gipuzkoari. 224 milioi euro horiek honela eskuratu dira: 121 milioi BEZean, eta 103 milioi zerga berezietan.

Tasak eta beste sarrera batzuk direla-eta izandako sarrerak batuta, hau da, 12,8 milioi euro, Aldundiak berak kudeatzen dituen zerga itunduetan 2.365,4 milioi bildu dira guztira, 2019ko apirilean baino 359,7 milioi gutxiago.

Azkenik, apirilean egin da Estatuarekin hiru hilean behin egiten den doikuntzetako lehenengoa. Bizkaiak 218,1 milioi euro bildu ditu BEZean; iaz baino % 10,6 gutxiago. Bestalde, zerga bereziak direla eta egindako doikuntzaren ondorioz Estatuari egindako ordainketa % 48,3 handiagoa izan da, eta 125,9 milioi eurora heldu da.

Urteko lehen lau hilabeteetan bildutako 2.457,6 milioi euroko kopurua 2020ko ekitaldi osorako aurrekontuan ezarritakoaren (8.141,1 euro) %30,2 izan da.