2020(e)ko maiatzaren 12(a) 13:02

Bizkaiko Gurutze Gorriaren egoitzara bisita biztanleria kalteberena babesteko neurriak zehatz-mehatz ezagutzeko

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Teresa Laespada foru diputatuak erakundearen egoitza bisitatu du Euskadin Gobernuaren ordezkari den Denis Itxasorekin eta Bizkaian Gobernuaren ordezkariorde den Vicente Reyesekin batera. Gurutze Gorriari dagokionez, bertan izan dira Bizkaiko Gurutze Gorriko presidentea, Victor Gutierrez, eta idazkari autonomikoa, Xabier Manzano.

Laespada, bisitan

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, Denis Itxaso Gobernuaren ordezkaria eta Vicente Reyes Bizkaiko ordezkariordea Bizkaiko Gurutze Gorriaren egoitzan izan dira gaur erakunde horrek COVID-19ak eragindako krisian pertsonarik kalteberenak babesteko hartu dituen neurrien xehetasunak ezagutzeko.

Victor Gutierrez Bizkaiko Gurutze Gorriko presidenteak eta Xabier Manzano idazkari autonomikoak erakundeak hainbat arlotan garatu dituen ekimenak azaldu dituzte, besteak beste, honako hauetan: elikagaien banaketa, etxerik gabeko pertsonen babesa eta gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonei laguntzeko sustatutako bestelako ezohiko neurriak.

Erakundeak Bizkairako dituen zenbait ekimen aipatu ditu, COVID-19aren aurrean ‘Gurutze Gorriak ERANTZUTEN DU’ planaren barruan daudenak. Gutierrezen esanetan, plan horren helburua da erantzun integrala ematea, eta horretarako, oinarrizko programak mantendu dira eta pandemiaren aurrean kalteberenak diren pertsonei zuzendutako jarduerak indartu dira. Gurutze Gorriak bere historia guztian egin duen baliabide, gaitasun eta pertsonen mobilizaziorik handiena da.

Bestalde, Laespada foru diputatuak adierazi du funtsezkoa dela era honetako programak eta jarduerak bertatik bertara ezagutzea, haien eraginkortasuna hobeto ebaluatzeko eta etorkizunerako neurri berriak proiektatzeko. Krisi honek okerren zeudenak astindu ditu berriro eta Aldundian oso argi daukagu pertsona hauei laguntzeko ahaleginak bikoiztu behar ditugula inor babes sistemetatik kanpo gera ez dadin, gehitu du.

Bisitan erakunde humanitarioaren biltegiaren funtzionamendua egiaztatu ahal izan dute eta Denis Itxaso Gobernuaren ordezkariaren hitzetan, pandemiak eta haren ondorio ekonomikoek gehien ukitu dituen pertsonen alde Gurutze Gorriak egindako lanak gure gizartearen aurpegirik onena erakusten du.

Arlo konkretuagoan, gobernuaren ordezkariak Gurutze Gorriari eskerrak eman nahi izan dizkio Espainiako Gobernuak autonomia erkidego guztiei garraio publikoan erabiltzeko helarazitako maskara higienikoak banatzeko emandako laguntzagatik. «Aurki genitzakeen irribarrerik onena eta laguntzeko gogorik handienak aurkitu ditugu autobabeserako mezu hori hiritarrei helarazteko», gehitu du.

Neurriak

Gurutze Gorriak abian jarri dituen neurrietako bat da erakundearen programen onuradunen artean COVID-19aren aurrean bereziki kalteberak diren pertsonei telefono bidezko jarraipena egitea, pertsona horiei informazioa emateko, laguntzeko eta izan ditzaketen premiak detektatzeko.

Gainera, osasun arloko agintarien esku jarri dituzte giza baliabideak eta baliabide logistikoak, eta osasun langileei laguntzen ari dira, kaltetutako pertsonak lekualdatzen, edo laguntza psikosozialeko taldeak eskaintzen.

Halaber, elikagaiak banatzen ari dira, baita premia-premiazko produktuak eta botikak dituzten kitak ere.

Guzti horrez gain, boluntarioak mobilizatu dira pertsona horiei laguntzeko, enpleguaren arloan laguntzeko edo etxegabetasun egoerei erantzuteko, bai eta adineko pertsonei konfinamenduaren arintzean laguntzeko ere.


Argazkiak