2020(e)ko maiatzaren 13(a) 10:00

Aldundiak enpresak animatzen ditu foru-programak aprobetxatzera COVIDaren osteko testuingurura egokitzeko

Ekonomia Sustatzeko Saila

Ekonomia Sustatzeko Sailak irekita mantentzen ditu berrikuntzarako, nazioartekotzerako eta lankidetzarako laguntza-programen deialdiak. Dekretuetan, guztira 8 milioi euro bideratzen dira enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saila enpresa eta pertsona ekintzaileak animatzen ari da baliatu ditzaten Covid-19ak sortutako testuinguru berrira egokitzeko dirulaguntzen foru-dekretuek eskaintzen dizkien aukerak. «Ikusten ari gara enpresa ugari beren ekoizpenaren zati bat aldatzen ari direla, barne-prozesuak berrantolatzen ari direla, merkatu globalean birkokatzen ari direla eta digitalizaziorantz aurrera egiten ari direla. Haietako asko bizkor-bizkor ari dira egokitzen, gaur egungo egoerak bultzatuta. Eta gure nahia da enpresa horiek jakitea laguntza izan dezaketela Bizkaiko Foru Aldundiaren programetan», adierazi du Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak.

Gure ustez, Ekonomia Sustatzeko Sailaren programek inoiz baino balio handiagoa dute gaur egun. Covid-19ak behartzen gaitu arlo guztietan egokitzera. Baita ekonomian eta enpresan ere. Orain inoiz baino garrantzitsuagoa da enpresek berrikuntzan, nazioartekotzean, lankidetzan, digitalizazioan, eta abarretan aurrera jarraitzea, lehiakorragoak izan daitezen eta testuinguru berrira egokitu daitezen. Badakigu ez dela erraza, baina gure nahia da Bizkaiko enpresa eta pertsona ekintzaileek beren eskura dauden baliabide guztiak baliatzea, azaldu du diputatuak.

Bizkaia Aurrera! lurraldea suspertzeko premiazko planaz gainera, Aldundiak programa hauen deialdiak mantentzen ditu irekita: berrikuntzarako eta inbertsiorako 2i programa, enpresen nazioartekotze eta Elkarlanean. Programa horien hiru dekretuetan, guztira 8 milioi eurotik gorako inbertsioa egiten da lurraldearen sare enpresarial eta ekonomikoaren lehiakortasuna hobetzeko proiektuak sustatzeko.

Berrikuntza eta inbertsio aurreratua sustatzeko 2i programa (2020)

Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak 5,2 milioi euro bideratuko ditu ekitaldi honetan, berrikuntza eta inbertsio aurreratua sustatzeko 2i programaren bidez berritzeari ekiten dioten enpresei laguntzeko.

Programa 5 eta 100 langile bitarteko plantilla duten enpresentzat da. Dekretuan ezartzen da proiektuko 100.000 euroko dirulaguntza emango dela gehienez, eta 6.000 euro gutxienez. Konpainiaren edozein arlotan egiten diren berrikuntza teknologikoko eta ez-teknologikoko proiektuen bidez, enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten diren jarduketetarako dira dirulaguntzak.

Adibidez, enpresa hauek jaso ditzakete Covid-19a dela-eta deitutako laguntzak:

  • Pandemiari aurre egiteko babes- edo osasun-produktuak ekoizteko beren jardueraren parte bat aldatu duten enpresak.
  • Enpresarako estrategikoak izan eta deslokalizatuta zeuden ekoizpenak berreskuratzeko proiektuak.
  • Enpresak ekonomia zirkularrera egokitzea: ingurumenarekiko iraunkorrak izatea, berrerabilera eta birziklapena hobetzea eta produktulin balio-bizitza luzatzea.
  • Barne-prozesuak berrantolatzea, langileen segurtasuna, malgutasuna eta telelanerako aukera handitzeko.
  • Digitalizazioaren aukerak aprobetxatzea prozesuak hobetzeko.

Enpresen horniduren eta honitzaileen kateak berrantolatzea.

Enpresa txikiak eta ertainak nazioartekotzeko programa (2020)

Nazioartekotzeko programak 2,5 milioi euroko aurrekontua du ekitaldi honetarako, eta haren helburua da laguntza irmoa ematea kanpoko merkatura zabaldu nahi duten enpresei. Bizkaian 3 eta 100 langile bitarteko plantilla duten enpresentzat da.

Adibidez, proiektu hauek sar daitezke Covid-19a dela-eta eginiko dekretuan:

  • Pandemiari aurre egiteko ekoizten ari diren produktu berriak nazioartekotzea.
  • Produktuak nazioartean birkokatzea covidaren osteko egoerarako.
  • Herrialde jakin bati bideratutako on line kanal bat egitea komertzialen presentzia eta bidaiak gutxitzeko.

Enpresen arteko proiektuetarako Elkarlanean programa (2020)

Programa honen helburua da gutxienez ere bi enpresak lankidetzan jarduten duten berrikuntza-proiektuak sustatu eta egitea. Guztira 450.000 euroko aurrekontua dago.

Adibidez:

  • COVID-19arekin zerikusia duten produktu eta negozio-ildo berriak garatzeko lankidetza-proiektuak.
  • Ekoizpen-lerri berrietan edo hornidura-kate berrietan eskala-ekonomiak lortzeko lankidetza-proiektuak.
  • Produktu berriak egiteko eta gaur egungoak merkataritza-eskaintza zabalago batean txertatzeko lankidetza-proiektuak.

Argibide gehiago, hemen: www.123innovacion


Bideoak


Audioak