2020(e)ko maiatzaren 12(a) 12:00

Bizkaiak zerga-informazioaren arloko betebehar berriak ezarri ditu, saiheste fiskalari aurre egiteko

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Aldundiak Europako DAC 6 zuzentaraura egokitzeko foru-arauaren proiektua onetsi du: betebehar berriak ezarri dizkie bitartekari fiskalei, eta plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoen berri eman beharko diote Foru Ogasunari. Proiektu hori onartuta, Bizkaiak osatu egin du bere tributu-araubidea egokitzeko prozesua, zerga-iruzurrari aurre egiteko, Europako tributu-administrazioen arteko lankidetza arautzen duten DAC zuzentarauetan ezarritakoa txertatuta.

Bizkaiko Foru Aldundiak Zergei buruzko Foru Arau Orokorra Europako DAC 6 zuzentaraura egokitzeko foru-arauaren proiektua onetsi du. Zuzentarau horrek erasokorrak izan daitezkeen plangintza fiskaleko mekanismoei buruz informatzeko betebeharra ezarri die bitartekari fiskalei (abokatuak, ekonomialariak, aholkulari fiskalak, inbertsio-erakundeak, bankuak...).

DAC 6 zuzentarauaren xedea da zerga-oinarriak babestea bereziki konplexuak diren plangintza fiskaleko egituren aurrean, Europako merkatuaren barruko pertsonen zein ondasunen mugikortasunaz baliatzen baitira. Egitura horiek jurisdikzio bat baino gehiago hartzen dute eta zerga-onurak araubide fiskal onuragarriagoetara aldatzen dituzte.

DAC 6 zuzentaraua egokituta, Bizkaiko bitartekari fiskalek, eta kasu batzuetan zergapekoak ere, betebehar hauek izango dituzte: Foru Ogasunari plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoei buruzko informazioa eman beharko diote Foru Ogasunari; mugaz gaindiko mekanismo komertzializagarriei buruzko informazioa eguneratu beharko dute lehenago aitortu direnean, eta aurretiaz aitortutako mugaz gaindiko mekanismoen erabilerari buruzko informazioa eman beharko dute.

Europako tributu-administrazioek trukatu egingo dute informazio hori, eta, horri esker, erasokorrak izan daitezkeen mekanismo fiskalei buruzko informazio osatua lortu ahal izango dute, bizkor erantzuteko haien aurrean. Halaber, prebentzio-neurri bat da, tributuak ordaintzea saihesteko ingeniaritza eta plangintza fiskaleko egiturak sortzeko asmoa baztertzea eragiten baitu.

Proiektuak ezartzen du betebehar hauek betetzen ez badira 400.000 euroko zehapena jarriko dela arau-hauslea zergapekoa bera denean, eta ordainsarien zenbatekoaren baliokidea izango dela arau-hauslea bitartekaria denean.

Proiektua Bizkaiko Batzar Nagusietara bidaliko da orain, izapidetu dezaten. Onartu ondoren, osatuta geratuko da Bizkaiko araudia Europako lankidetzarako zuzentarauen arabera egokitzeko prozesua, zeina 2011n hasi baitzen, DAC 1 onartu zenean. Zuzentarau horietara egokituta, Bizkaiak aktiboki parte hartzen ari da tributuen arloan garrantzitsua den informazioaren trukean, Europa mailan. Horri esker, aurrerapen garrantzitsuak lortu dira zerga-iruzurraren aurkako borrokan.

Bestalde, foru-arauaren proiektu horrek aldaketak sartu ditu sozietateen gaineko zergari, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko araudian. Horrenbestez, amaitu egin da Aldundiaren tributu-araudia saiheste fiskalari aurre egiteko Europako zuzentarauen arabera egokitzeko prozesua.