2020(e)ko maiatzaren 10(a) 13:30

#BizkaiaGara sareak elikagaiak eta sendagaiak eraman dizkie adinekoei lurraldeko eskualde guztietako 50 udalerritan

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

#BizkaiaGara sareko boluntarioak gutxienez mendekotasun-egoeran bizi den adineko bat duten 18.500 etxe baino gehiagorekin jarri dira harremanetan, pertsona horien beharrizanak zein diren jakiteko. Guztira, 2.068 aldiz eraman dizkiete adinekoei elikagaiak eta sendagaiak, lurraldeko eskualde guztietako 50 udalerritan. Joan zen martxoaren 14an egin zen deialdia COVID-19aren osasun-alertaren ondorioz, eta, ordutik hona, Bizkaiko 90 udalerritako 3.915 bizkaitar inskribatu dira #BizkaiaGara sarean. Horietatik, 1.060 aktibo daude, eta ekimenarekin lotutako hainbat jarduera egiten ari dira. Osasun-krisiaren esparruan, #BizkaiaGara sarearen bigarren ekintza aste honetan gauzatzen ari da: maskarak banatzen ari dira metroan, Bizkaibusen eta Bilbobusen, 62 lekutan.

Bizkaiko boluntarioak gara botikak banatzen

Bizkaiko Foru Aldundiak deialdia egin zuen martxoaren 14an, #BizkaiaGara boluntario-sarean parte hartzeko gogoa duten boluntarioak erakartzeko: erantzuna izugarria izan da. Orain arte, lurraldeko 90 udalerritako 3.915 bizkaitar inskribatu dira sarean, egin behar diren ekintzetan parte hartzeko. Martxoaren 20an adinekoei deitzeko zentroak abian jarri zirenetik (elikagaiak edo sendagaiak erosi eta etxera eramateko), 1.060 boluntario ari dira parte hartzen ekimen horrekin lotutako jardueretan. Aste honetan, bigarren ekintza egingo dute; bihartik aurrera, lurraldeko hiru garraio-operadoreren -Metro, Bizkaibus eta Bilbobus- maskarak banatuko dituzte.

#BizkaiaGara sareak Covid-19aren krisi sanitarioaren hasieran eman zituen lehenengo pausoak, eta etxeko laguntza-zerbitzua eskaintzen hasi zen Bizkaiko adinekoentzat. Orain arte, 706 erosketa eta 1.362 sendagai-pakete eraman dituzte mendekotasuna duten adinekoen etxeetara, lurraldeko eskualde guztietako 50 udalerritan.

Foru Aldundiak koordinatu du operatiboa, eta honako hauek parte-hartze aktiboa izan dute: Bizkaiko Gurutze Gorriak, Bizkaiko Bolunta boluntario-agentziak; Bizkaiko Farmazialarien Elkargoak; eta Eroski supermerkatuek.

Aktibo dauden zenbait boluntario telefonoz jarri dira harremanetan laguntza jasotzeko egoeran dauden adinekoekin. Aldundiak identifikatuta zituen aurretik: bakarrik bizi diren adinekoak dira, edo egoera bereziki ahulean dauden adinekoekin bizi direnak, eta beren etxeetan egon behar dute. Boluntarioek 18.500 etxebizitza baino gehiagotara deitu dute telefonoz, beren beharrizanei erantzuna emateko. Elikagaiak erosi dizkiete, bai eta Osakidetzak agindutako medikazioa etxera eraman ere. Gehien-gehienek adierazi dute badutela familiartekoen eta auzokoen laguntza, baina biziki eskertzen dutela beraietaz eta beren osasunaz arduratu izana. Deiak BiscayTIKen egoitzako (Getxo) telefono-zentraletik egiten dira.

Hala ere, erosketa eta/edo sendagaiak etxera eramateko laguntzarik behar ez dutenei jakinarazten zaie eskura dutela Aldundiaren telefono-zenbakia (94 406 6000), inoiz laguntzarik behar izanez gero, telefono horretara deitu dezaten. Telefono-zenbaki horretara dei dezake, era berean, deien xede den kolektibotik kanpoko beste edozein pertsonak ere, laguntza behar badu.

Deia jaso duen pertsonak behar dituen elikagaiak eta sendagaiak zerrendatu ondoren, erantzuna emateko prozesua aktibatzen da. Elikagaiak eta/edo sendagaiak higienea eta segurtasuna bermatuta erosi eta eramaten dira etxeetara. Zeregin horretarako izendatu diren boluntarioek informazioa, prestakuntza, orientazioa eta baliabide materialak jaso dituzte aurretik, ezinbestekoak baitira adinekoen eta boluntarioen beraien babesa bermatzeko.

Elikagaiak erosteko prozesua

Elikagaiak erosteko prozesua Eroskiren lankidetzan egiten da; supermerkatuaren online-plataformaren bitartez, etxean dauden pertsonek telefonoz egin dezakete erosketa, eta, ondoren, supermerkatuan jaso daiteke. Eroskiren Artea eta Ballontiko (Sestao) zentroetan, 6 erosketa-zentral aktibatu dira, eta Abadiño, Gernika, Basauri eta Boluetako (Bilbo) supermerkatuetan ere bai.

Orain arte etxeetara eraman diren 700 erosketak lurraldeko eskualde guztietan egin dira, nahiz eta % 30 Bilbon egin diren. Erosketen batez besteko kostua 94 euro izan da.

Farmaziako produktuak entregatzeko prozesua

Larrialdi sanitario honetan egoera bereziki ahulean dauden taldeetako etxeetan, sendagaiak etxera eramateko prozesua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, Bizkaiko Farmazialarien Elkargoarekin eta Bizkaiko Gurutze Gorriarekin koordinatuta egin da.

Kasu honetan ere, hasieran informazioa emateko eta komunikatzeko dei bat egin diete #BizkaiaGara sareko boluntarioek mendekotasun-egoeran dauden eta 60 urtetik gorakoa zaintzailea duten adinekoei. Telefono-deiak Barakaldon eta Durangon dauden zentro bitatik egin dira, Osakidetzak preskribatutako medikazioa etxeetara eramateari buruzko informazioa jakinarazi eta komunikatzeko. Guztira, 1.362 aldiz eraman dira sendagaiak etxeetara, bi hilabeterako.

Metroko, Bizkaibuseko eta Bilbobuseko maskaren banaketa

#BizkaiaGara boluntario-sareak bigarren ekintza gauzatuko du bihartik aurrera (astelehena): Metro, Bizkaibus eta Bilbobus garraio-operadoreen maskarak banatuko dituzte.

Metro Bilbaoren maskarak 40 geltokitan banatuko dira, eguneko une bitan: goizeko 7:30ean, eta arratsaldeko 13:30ean. Bizkaibusen maskarak lurraldeko 12 puntutan emango dira, bi ordutegitan: goizeko 7:30etatik aurrera, eta 13:00etik aurrera. Bilbobusen maskarak Bizkaiko hiriburuko 10 puntutan banatuko dira, bi ordutegitan: goizeko 8:30etatik aurrera, eta 13:00etik Aurrera.

Boluntarioen profila

Bizkaia Gara web-orriko inprimakiaren bidez inskribatutako boluntarioak 3.915 dira, guztira; horietatik, % 85 18 eta 69 urte artekoak dira, eta % 60 emakumeak.


Argazkiak


Bideoak


Audioak