2020(e)ko maiatzaren 07(a) 10:00

Foru Ogasunak egingo die errenta- aitorpena koronabirusaren ondorioz langabezian, EEE eta ABEEE egoeran dauden pertsonei

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Zerbitzu berri honen bidez aitorpenen aurkezpena arindu nahi da zergadunek euren itzulketak lehenbailehen jaso ditzaten, oraindik ezinezkoa baita erakunde laguntzaileetan aurrez aurreko zerbitzua eskaintzea. Oraingoz 24.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten eta COVID-19aren ondorioz ABEEE edo EEE egoeran dauden edo egon diren edo kaleratuak izan diren pertsonei soilik eskaintzen zaie zerbitzu hau.

Errenta19

Bizkaiko Foru Ogasunak telefono edo internet bidez errenta-aitorpenak egiteko zerbitzu berria jarriko du martxan maiatzaren 11n. Horrela neurri baten ordeztuko da aurrez aurreko bertaratzerik eza, harik eta finantza-erakunde laguntzaileetan aitorpenak egiteko zerbitzua hasi ahal izan arte.

Osasun-larrialdiko egoera dela eta oraindik ezin da aurrez aurreko zerbitzurik eskaini, eta hori atzeratzen ari da zergadunen zati handi batek aitorpena aurkezteko unea, eta, hala badagokio, dagokien itzulketa jasoko dute. Errenta kanpaina honetako batez besteko itzulketa 1.081 eurokoa da eta Bizkaiko Ogasunak 399.300 itzulketa egitea aurreikusten du.

Hain zuzen ere, COVID-19ak ekonomian dituen ondorioek gehien eragiten dieten pertsonei itzulketak arintzeko, zerbitzu hau, lehenik eta behin, soilik eskainiko zaie aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean (ABEEE) eta enplegu-erregulazioko espedientean (EEE) dauden edo lan-kontratua azkendu zaien pertsonei. Era berean, zerbitzu hori eskatzeko baldintza gisa ezartzen da 2019ko ekitaldiko lan-errendimenduak 24.000 euro gordin baino handiagoak ez izatea eta Foru Ogasunetik Renta etxean edo Renta web proposamena jaso ez izana. Ondoren aitorpenak telematikoki egiteko zerbitzu hori beste kolektibo batzuei ireki ahal izango zaie.

Aurreikuspenen arabera hilean 15.000 aitorpen egingo dira zerbitzu berri horren bidez, eta 71 pertsonak emango dute zerbitzua, Bizkaiko Foru Aldundiko hainbat zerbitzutako informatzaile, administrari eta likidatzaileen artean.

Astelehenetik, hilaren 11tik, aurrera, 94 608 3000 telefonoan edo www.bizkaia.eus/errenta helbidean.

Eskatzaileak zerbitzu hori telefonoz erabili nahi badu, errentako telefonora deitu behar du (94 608 3000), astelehenetik ostiralera, 8:30etik 19:00etara. Arreta eskaintzen duen Bizkaiko Foru Aldundiko administrariek errentaren autolikidazioa egiteko beharrezkoak diren datuak eskatuko dituzte. Agiriren bat aurkeztu behar izanez gero, posta elektronikoz bidali ahal izango da.

Internet bidez egitea aukeratzen bada, errentari buruzko web-orrira sartu behar da, Bak gakoa erabiliz. www.bizkaia.eus/errenta web-orrian, inprimaki bat bete ahal izango da, interesdunaren identifikazio-datuak jasotzeko eta beharrezko dokumentazioa eransteko.

Bi bide horietako edozeinetan, zergadunak ez du ezer gehiago egin beharko; izan ere, emandako datu fiskalekin, Foru Ogasuneko likidatzaileek autolikidazioa egin ahal izango dute.

Emaitza itzultzekoa bada, zergadunak SMS bat edo mezu elektroniko bat jasoko du, aitorpena aurkeztu dela eta likidazioaren emaitza jakinarazteko. Likidazio hori 3 edo 4 eguneko epean iritsiko zaio etxera.

Ordaintzekoa bada, zergadunak mezu elektroniko bat edo gutun bat jasoko du, autolikidazioaren kopia batekin. Aurkeztutzat emateko, baieztatu egin beharko da, e-mailez edo telefonoz erantzunda.

Zerbitzu hau eskuratzeko baldintzak

Errenta-aitorpena telefono edo internet bidez egiteko zerbitzua 24.000 euro gordin baino gutxiagoko errentak lortu dituzten pertsonei soilik zuzenduta dago, ABEEE edo EEE egoeran daudenean edo egon direnean edo kaleratuak izan direnean Covid-19aren ondorioz, eta errenta mota hauetako edozein jaso badute:

  • Atxikipenari lotutako kapital higigarriaren etekinak.
  • Ohiko etxebizitza alokatzetik datozen kapital higiezinaren etekinak.
  • Nekazaritza-, abeltzaintza-, arrantza-, ikastaro- eta hitzaldi-jarduera ekonomikoak (jarduerari atxikitako elementuak eskualdatzearen ondoriozko ondare-irabaziak edo -galerak daudenean izan ezik), zuzeneko zenbatespenaren metodoaren modalitate sinplifikatuan.
  • Inbertsio-funtsetatik, sarietatik eta harpidetza-eskubideetatik sortutako irabaziak eta galerak.

2019ko errenta-aitorpena ez da egingo honako kasu hauetan:

  • Ondare-elementuak eskualdatzearen ondoriozko ondare-irabaziak edo -galerak, higiezinak barne.
  • Ekitaldian ohiko etxebizitza erostea.
  • Kapital higiezinaren beste etekin batzuk, etxebizitzetatik datozenak ez direnak.
  • Errentak esleitzeko araubidean dauden erakundeetako partaideak.
  • Aurreko ekitaldietako konpentsatzeko dauden zenbatekoak (datu fiskaletan dauden 2018ko ekitaldikoak izan ezik).
  • Hipoteka-zoruko klausulak deiturikoak itzultzeagatik jasotako zenbatekoak erregularizatzea.
  • Ekitaldiko zuzenketak eta osagarriak.

Argazkiak