2020(e)ko maiatzaren 06(a) 13:18

Laespada: "Dagoeneko 27 neurri hartu ditugu eta gehien sufritzen ari direnengan jarri dugu arreta"

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Gizarte Inklusioa Sustatzeko Zuzendaritzan 63 plaza aktibatu dira hainbat programatan. Farmazialarien Elkargoarekin lankidetzan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko Mascarilla-19 kanpaina aktibatu da.

Laespada, agerraldian

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak ziurtatu duenez, bere Sailak 27 neurri hartu ditu dagoeneko babes soziala mantentzeko eta koronabirusaren pandemiak eragindako krisi sanitario, sozial eta ekonomikoaren ondorioak gehien pairatzen ari direnei babesa bermatzeko.

Batzar Nagusietako Batzordean egindako agerraldian Laespadak azaldu du Gizarte Inklusioa Sustatzeko Zuzendaritzak 63 plaza aktibatu dituela hainbat programatan arlo horretako foru sistema publikoa zaintzen jarraitzeko.

Laespadak oroitzapen hunkitua izan du COVID19aren biktima guztientzat, haien senideentzat eta hurbilekoentzat, eta osasuneko eta gizarte-zerbitzuetako profesional diren emakume eta gizon guztiekiko aintzatespena adierazi du, pandemiaren aurkako euste-dikea eratzen dutelako osasunaren eta gizartearen ikuspegitik.

Bizi dugun krisiaren ondorioei dagokienez, Bizkaian koronabirusaren eragina azkarra eta sakona izan dela azaldu du: apirilaren 30ean 78.061 langabe zeuden (42.120 emakume eta 35.941 gizon): aurreko hilean baino 5.393 gehiago eta 15.343 kontratu gutxiago.

Langabeziaren eraginak gehiago eragiten die desabantaila-egoera batetik abiatzen direnei. Eta horien artean daude emakumeak. Sortzen ari diren ahultasun berriek kezkatzen gaituzte. Martxoa inoiz erregistratu izan den hilabeterik txarrena izan zen Euskadiko enpresa-ehunaren bilakaerari dagokionez. Shockak arreta arriskuan dauden pertsonengan jartzea eskatzen du, ahulenetan, zaurgarrienetan kontzentratzea. Desabantailan daudenak dira faktura sozial, ekonomiko, sanitario, humano eta ekologiko hori gehien ordaintzen ari direnak. Eta gizarte zintzo eta duin batek ezin du hori onartu, azaldu du.

Halaber, diputatuak esan du bere Sailak behar den guztia egiten jarraituko duela, behar denean eta inor babesik gabe ez uzteko behar den tokian, salbuespenezko neurriak hartzen ari direlako salbuespenezko egoeretan. Ez gara albora begira jarriko, azpimarratu du.

Halaber, bere Sailak hartutako neurriek osagarritasuna bilatzen dutela esan du, Beste batzuk iristen ez diren lekura iristen saiatuz.

Hain zuzen ere, 27 neurri jarri dituzte martxan aste hauetan.

Gizarte Inklusioari dagokionez, 63 plaza aktibatu dira hainbat baliabidetan.

  • 20 plaza gehiago indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzeko. Antzeman da apirilaren 26tik kasuek gora egin dutela, eta 6 emakume eta 6 haur ingresatu dira.
  • Aparteko neurri indartuak sintoma arinak dituzten koronabirus kasu positiboei erantzuteko. 20 egoitza-plaza.
  • 12 plaza, zerbitzuetan artatutako pertsonak edo baloraziorako, zerbitzuetarako edo zentroetarako itxarote-zerrendan daudenak hartzeko.
  • 6 plaza egoitza-baliabide baten, artatutako edo baloraziorako, zerbitzuak jasotzeko edo zentroetara iristeko itxarote-zerrendan dauden gazteei ostatu ematea bermatzeko.
  • 2 etxebizitza partekatuak, gizarte- eta hezkuntza-laguntzarekin eta harrera-baliabide gisa, eguneko zerbitzuen erabiltzaile autonomoen ostatua bermatzeko.
  • 3 plaza berri egoitza-zentroetan, harrera-baliabide gisa, desgaitasun larriak dituzten pertsonen ostatua bermatzeko.

Bestalde, erabiltzaileen eta profesionalen kasu positiboak oso mugatuak izan direla zehaztu du.

Gainera, azpimarratu duenez, Gizarte Inklusioko zerbitzuek ez dira gelditik egon, baztertuta dauden pertsonak artatzen jarraitu dute, inor kanpoan eta inor atzean ez uzteko.

Enpleguaren arloari dagokionez, 9 neurri jarri dira abian, 700 langaberi baino gehiagori edo enplegua etenda dutenei ikasteko aukerak emateko, bai eta herritar guztiei covid19aren ondorioz elkarbizitzarako dauden laguntzei eta baliabideei buruzko informazioa emateko ere. Laster Kontingentzia Plan bat aurkeztuko da enplegua defendatu eta bultzatzeko.

Berdintasuna

Berdintasuna Sustatzeko Zuzendaritzan, Bizkaiko Farmazialarien Elkargoarekin lankidetzan, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko Mascarilla-19 kanpaina jarri da abian. Kanpaina honekin Bizkaian 435 gune ezarri ditugu (Lurraldean dauden farmaziak ) kasu horiek detektatzeko. Bizkaian hiru kasu artatu dira farmazien bidez.

Aniztasunaren eremuan, asilo-eskatzaileei eta nazioarteko babesaren onuradunei zuzendutako Goihabe programako etxebizitzetan ostatu hartzen duten 13 asilo-eskatzaileek babespean jarraituko dutela bermatu da.


Argazkiak