2020(e)ko apirilaren 26(a) 11:42

Bizkaiko enpresek zuhurtziaz begiratzen diote COVID-19aren ondoren jarduera berreskuratzeari

Ekonomia Sustatzeko Saila

Enpresen % 43k adierazi du erritmo ertainean berreskuratuko duela jarduera, % 35ek erritmo geldoan, eta % 13,6 baikor agertu da barne-berreskuratze azkarraren aurrean. Ondorio hori Beaz foru-sozietateak abian jarritako behatokiaren bidez atera da, COVID-19aren ondoren egoerari nola aurre egin jakiteko eta birusak izan dituen ondorioak neurtzeko helburuarekin. Oinarritzat hartutako informazioa lurraldeko 250 enpresek osatutako lagin batek bidali du.

Covid-19 Behatokia

Bizkaiko enpresek ziurgabetasun handiz begiratzen diote etorkizun hurbilari. Gutxi dira eskaerak galdu ez dituztenak, heren batek hornidura-arazoak ditu, eta asko Bizkaiko Foru Ogasunaren finantzazio-lerroak, aparteko neurriak eta tributuak malgutzeko neurriak eskatzen ari dira. Informazio-lagin txiki hori Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak abiarazitako behatokiaren bidez jaso da. Alarma-egoeraren hasieran jarri zen martxan behatokia, COVID-19ak lurraldeko ekonomia-jardueran sortu duen osasun-larrialdiaren benetako neurria zein den jakiteko.

Behatokia Beaz foru-sozietatearen bidez sortu da, galdetegi bati erantzunez, enpresen egoera monitorizatzeko helburuarekin. Beste arlo batzuetan aplikatzeko moduko ondorioetara heltzeko, bigarren fase batean, 250 enpresek osatutako lagin adierazgarri batek bidalitako informazioa oinarri hartuta lan egin da. Lagin hori osatzen duten enpresak industria edo zerbitzuetakoak dira, tamaina, jarduera eta ibilbide desberdinetakoak. Lagin hori oinarritzat hartu da, eta Bizkaiko ekonomiaren eta enpresen errealitatera eraman da.

Informazioa hiru bloketan elkartu da: batetik, osasun-krisiaren eragin eta ondorio zuzenak zein diren jakin nahi izan da; bigarren, enpresek eskatu dituzten laguntza-neurriak eta hartzen ari diren barne-neurriak zein diren; eta, azkenik, enpresek barne-jarduera berreskuratzeko egutegia zein den.

COVID-19aren eragina eta lehenengo ondorioak

Covid-19ak ez die neurri berean eragin enpresa guztiei, baina askok egoera berberak bizi dituzte. Zorroan eskaera gutxiago dituzte gehienek (% 86), eta galdetegiari erantzun dioten enpresa askok alarma-egoeraren aurretik itxi zituzten kontratuei esker dirau epe laburrean. Zenbaitek jarduera geldiarazi behar izan du, hornidura-katea eten baitzaie (% 37,7), eta diruzaintzako tentsioak jada % 47ri eragin dio.

Plantillei dagokienez, zerbitzu-enpresa gehienek telelaneko neurriak hartu dituzte. Industriaren arloko enpresek berriz, aurrez aurreko lana eta telelaneko prozesuak uztartzea hautatu dute. Inkestatuen % 27,71k aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat izapidetu behar izan du; gehienek, ABEEE partziala.

Eskatutako laguntza-neurriak eta hartutako neurriak

Bizkaiko enpresak administrazio publikoak ematen ari diren laguntza-neurriak konbinatzen ari dira. Inkestaren bidez, neurri horietako batzuen irispidea eta erabilera aztertu nahi izan da; bereziki osasun-larrialdiaren ondorio kaltegarriei buruzko blokean ikusi diren beharrizan eta egoera nagusiei erantzuteko neurriena.

Finantzazio-lerroak. Inkestari erantzun dioten enpresen % 36,94k Eusko Jaurlaritzak aktibatu duen finantzazio-lerroa eskuratzeko eskabidea izapidetu du. Gainera, eskatzaileen % 66,3k finantzazio-lerro hori eta ICOren finantzazioa eta abalak uztartu behar izan ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiaren tributuen arloko neurriak. Enpresen % 31,32k eskatu du Bizkaiko Foru Aldundiak tributu-zorrak geroratzeko edo malgutzeko onetsi duen neurrietakoren bat, ekonomia-jardueraren beherakada haiengan sortzen ari den eragina arintzeko:

  • Tributu-zorren salbuespenezko gerorapena.
  • Autonomoen PFEZaren ordainketa zatikatua.
  • Tributuen arloko prozesuen izapidetzea etetea.

Berreskuratze-epeen aurreikuspena

Enpresek zuhurtziaz begiratzen diote beren jarduera berreskuratzeko erritmoari. Enpresen % 43k adierazi du erritmo ertainean berreskuratuko duela jarduera, % 35ek erritmo geldoan, eta % 13,6 baikor agertu da barne-berreskuratze azkarraren aurrean. % 7,6k adierazi du jarduera berreskuratzea aurreikusten duela.


Argazkiak