2020(e)ko apirilaren 25(a) 10:00

Bizkaiko zenbait idazle eta ilustratzailek bat egin dute ‘Bizkaia Txapeldun’ ekimenarekin

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Toti Martínez de Lezeak, Mikel Alvirak, Leire Bilbaok, Nerea Arrienek, Jabier Elortzak, Seve Callejak, Irati Egurenek, Alex Orbek, Ane Pikazak, Elena Ciordiak, Kike Infamek eta Nuria Hachek sei ipuin prestatu dituzte `Bizkaia Txapeldun´ ekimenerako, eta txikiak parte hartzera animatu dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiak hilabete honetan jarri du martxan ekimen hori, umeak entretenitzeko konfinamendu-egoera honetan, eta umeen ehundik gora marrazki, margolan, kontakizun, gutun, istorio, mezu eta olerki jaso dira. Zabalik dago parte hartzeko aukera, eta Erakundeak gogorarazi du liburu bat editatuko dela txikien eta profesionalen lanekin.

Bizkaia Txapeldun

‘Bizkaia Txapeldun’ familia haziz doa egunez egun. Bizkaiko zenbait idazle eta ilustratzailek bat egin dute ekimenarekin: Toti Martínez de Lezeak eta Nuria Hache ilustratzaileak «El pincel mágico» ipunina egin dute; Mikel Alvirak eta Alex Orbek, «Hashtag contra virus»; Leire Bilbaok eta Irati Egurenek, «Egunpasa ederra»; Nerea Arrienek eta Ane Pikazak, «Leihoetako bateriak»; Jabier Elortzak eta Elena Ciordiak, «Telmoren Beldurra», eta Seve Callejak eta Kike Infamek, «Pony Pottoka».

Bizkaiko Foru Aldundiak apirilean abiarazitako ekimen honek konfinamenduan zehar umeek egin dituzten ehun lan inguru pilatu ditu dagoeneko.

Proiektu honen bidez, geratzen diren konfinamendu-egunak ahalik eta modurik atseginean pasatzen lagundu nahi du Erakundeak eta, horretarako, gonbit egin die txikienei, ondo pasatzen duten bitartean, beren maitasuna helaraz diezaieten gure aitite eta amamei, mezu, gutun, olerki, marrazki edo margolan baten bidez, ‘Bizkaia Txapeldun’ ekimenean parte hartuta.

Umeek bi aukera izango dituzte gure aitite-amamengana hurbiltzeko, eta animatzen laguntzeko. Batetik, «Tú pintas mucho» atalean parte hartu ahal dute, marrazkien eta margolanen bidez. Eta, bestetik, «Palabras mayores» atalean, kontakizun, gutun, olerki edo mezuen bidez. Kasu bietan, txikienek ikusten dutena, sentitzen dutena, egunero egiten dutena, normaltasunera itzultzen direnean egin nahi dutena... margotu edo idatz dezakete. Haien irudimenetik sortzen den edozein ideiak balio du.

Parte hartzeko aukera zabalik dago oraindik, eta Erakundeak gogorarazten du liburu bat osatuko dela txikien eta profesionalen lanekin.

Nola eta nora bidali behar dira lanak?

Oso erraza izango da umeen lanak bidaltzea. Marrazkien eta margolanen kasuan, argazki bat atera behar zaie, eta posta elektronikoz bidali helbide honetara: bizkaiatxapeldun@bizkaia.eus. Edo, bestela, WhatsApp bidez bidal daitezke, 688847473 telefono-zenbakira. Idazlanak bidaltzeko, berriz, bi aukera hauek daude: posta elektroniko berera bidali ahal dira, pdf formatuan, edo, bestela, WatsApp bidez, edozein formatutan. Mezuan, egilearen izena eta adina baino ez dira jarri behar (Adibidez: Araitz, 7 urte).

Bidaltzen diren lanak egunero argitaratuko dira ekimenari buruzko informazioa duen web-orrian: www.bizkaia.eus/bizkaiatxapeldun. Orri horretatik, sare sozialen eta WatsApp bidez partekatu ahal izango dira, Bizkaiko aitite-amama guztiek jasotzeko aukera izan dezaten. Idazlanak eta marrazkiak Bizkaiko Foru Aldundiaren sare sozialetan ere argitaratuko dira: Twitter-en, @Bizkaia kontuan, eta Facebook-en, @BizkaiaBFA kontuan.


Argazkiak