2020(e)ko apirilaren 22(a) 12:58

Ogasunak 382.000 errenta proposamen bidali ditu, autonomoenak barne

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Datorren urterako aurreikusitako prozedurak aurreratu direnez gero, bi langile autonomotatik bati aitorpenaren zirriborroa bidali ahal izan zaio. Horrela, Foru Ogasunak maiatzaren 4an hasiko den errenta kanpainarako hiru aitorpenetatik bi eginda bidali dizkie zergadunei.

Bizkaiko Foru Ogasunak errenta aitorpenerako 382.155 proposamen bidali dizkie zergadun bizkaitarrei datorren maiatzaren 4an hasiko den kanpainarako. Modu honetan, nabarmen handitu da Errenta Etxean edo Errenta Web proposamenen gaineko hasierako aurreikuspena, 342.000 proposamen egitekoa, eta guztira egitekoak diren 580.409 aitorpenen % 66 bidaltzea lortu da.

Egin diren proposamen berriak, 40.000tik gora, aurreko urteetan proposamenik egiten ez zitzaion talde bati dagozkio, hau da, 30.000 bat langile autonomori eta beren ezkontideei. Aurreko ekitaldian ezarritako 140 aitorpen eredu berriak (eragiketa ekonomikoen erregistro liburua), barne kudeaketako prozesuen optimizazioak eta errenta eredu berrirako aurreikusitako prozeduren aurrerapenak aukera eman dute autonomoen eta beren ezkontideen kolektiboaren erdia Errenta Etxean eta Errenta Web proposamenak egiteko prozesuan sartzeko.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoei eta beren ezkontideei egin zaizkien 40.000 aitorpen proposamenetatik 28.000 dirua itzultzeko dira; hortaz, kanpainaren hasierako egunetan 29,3 milioi euro jasoko dituzte. Ordaintzeko diren aitorpen proposamenek ere, antzeko kopuruetan mugitzen diren diru sarrerak ekarriko dituzte, hau da, 29 milioi euro, Ogasunak kanpainako azken egunean kobratuko dituenak.

Gogorarazi behar da osasun larrialdia dela eta, oraindik zehaztu gabe dagoela 2019ko Errenta kanpaina noiz itxiko den, eta luzatu egingo dela aurreko kanpainetako aurrez aurreko zerbitzu maila bera beharrezko den denboran eskaini ahal izatera heldu arte. Aukera izan bezain laster, Foru Ogasunak jakitera emango du Aldundiko bulegoetako aurrez aurreko zerbitzuak eta banku erakundeetan aitorpenak egitekoak noiz hasiko diren.

Foru Ogasunak, langile autonomoei aitorpen proposamenak bidaltzeko egin duen ahaleginarekin, osasun larrialdiaren ondorio ekonomikoak gehien pairatu dituzten kolektiboen likideziari lagundu nahi izan die. Zergen arloan hartu diren ezohiko neurriak Aldundiaren https://web.bizkaia.eus/eu/covid19 web orrian eta BizkaiUp aplikazioan kontsulta daitezke